Aurrekontuen eztabaida abiatu du Eusko Legebiltzarrak

Aitor Esteban, Espainiako Gobernuko ordezkariekin bilduta, Madrilen. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Juanma Gallego.
Gasteiz
2021eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan kudeatuko dituen aurrekontuak eztabaidatzeko prozesua martxan dago jada. Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriak atzo jaso zituen ofizialki aurrekontuak, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuaren eskutik. Abenduaren amaierara arte iraungo du prozesuak.

Ezustekorik ezean, Jaurlaritza osatzen duten alderdiek ez dute aparteko arazorik izango aurrekontu horiek aurrera eramateko, bien artean gehiengo osoa baitute legebiltzarrean. Halere, joan den asteartean aurrekontu proiektua aurkeztean Azpiazuk aurreratutako eskaintza berretsi zuen atzo Iñigo Urkullu lehendakariak. Haren esanetan, Voxekin izan ezik, gobernua prest dago oposizioarekin aurrekontuak «hobetzeko», betiere negoziazio hori «errealista» baldin bada.

Atzo egin zuten kontrolerako osoko bilkuran oposizioko alderdiek argitu nahi izan zuten Urkulluk negoziaziorako eskainitako «konpromiso irmoa» noraino iritsiko den. EH Bilduko Maddalen Iriartek «akordio zabaletara» iristeko beharra azpimarratu zuen, Euskal Herria «ezohiko garaietan» dagoelako. Hala, Iriartek Urkulluri eskatu zion «akordioetara iristeko gai» izateko.

Gobernu akordioa

Elkarrekin Podemos-IUko Miren Gorrotxategik kezka agertu zuen, aurrekontuak pandemiaren ondorioei eusteko «nahikoak» izango ez direla iritzita, eta gogorarazi zuen osasun arloko 4.000 langile inguru «lanik gabe» geratuko direla.

PP-Ciudadanosek, berriz, EAJren eta EH Bilduren arteko harremanez galdetu zion lehendakariari. Urkulluk ziurtatu zuen harremanak «osasuntsu» daudela, eta gobernu programa betetzeko «konpromisoa» dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.