Aurrekontuen akordiorako, zaintza zerbitzuak publifikatzeko bidean jartzea proposatu du EH Bilduk Gipuzkoan

Iriartek esan du atzo helarazi ziola proposamena Mendozaren lantaldeari. 53 milioiren zuzenketak dira.

Maddalen Iriarte Gipuzkoako EH Bilduko oposizioburua, aurrekontuei buruzko proposamena aurkeztu zutenean. JAVI COLMENERO / EFE
Maddalen Iriarte Gipuzkoako EH Bilduko oposizioburua, aurrekontuei buruzko proposamena aurkeztu zutenean. JAVI COLMENERO / EFE
gurutze izagirre intxauspe
2024ko azaroaren 20a
11:20
Entzun

Maddalen Iriarte EH Bilduko Gipuzkoako oposizioburuak berretsi du prest daudela 2025erako aurrekontuak Gipuzkoako foru gobernuarekin negoziatzeko. Proposamen jakin bat jarri dio mahai gainean horretarako. Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, zaintza zerbitzuak publifikatzea izango da ardatza: «Uste dugu akordio politiko bat egin behar dugula zaintza irabazi-asmoetatik bereizteko». 53 milioiren zuzenketak aurkeztu dizkiete. Foru gobernua EAJk eta PSE-EEk gidatzen dute, baina ez dute gehiengorik aurrekontuak onartzeko.

EH Bilduk atzo arratsaldean igorri zien proposamen zehatza. Zaintza sistemaren inguruan, proposatu dute sistema publiko baterantz jotzeko aurrerapausoak ematea, berriz ordaintzeko indizeak berrikusita, «jende gehiagok jaso ahal izan dezan zaintza, eta gutxiago pagatu behar izan dezan». Zaintza duintzeaz ez ezik, horretan lanean dabiltzanen baldintzak hobetu beharraz ere mintzatu da: «Hori da gure proposamenaren muina».

Beste bi ardatz ere aipatu ditu. Lehentasunen artean jarri dituzte Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainek dituzten erronka teknologikoei aurre egiteko laguntzak ere. Sektore horretan inbertitzea proposatu dute.

Garraioari lotuta, %50eko beherapenei eustea proposatu dute, martxan jarri direnetik jendeak askoz ere gehiago erabili baitu garraio publikoa. Euskararen erabilerari lotutako urratsak egitea ere jaso dute.

EAJk eta PSE-EEk hitzartutako zerga erreforma ere izan du hizpide. Uste du ukitu batzuk baino ez direla, eta ez dela sakoneko aldaketarik proposatzen aberastasuna hobeto banatzeko gehien behar dutenen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.