Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburu Pedro Azpiazuk lehen bilera erronda egin du oposizioko alderdiekin, eta pozik agertu da 2023ko aurrekontu negoziazioan «marra gorririk» ezarri ez dutelako. Azpiazuk adierazi du EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk proposamen «zabalak eta kuantifikatuak» egin dizkietela, eta horiek aztertzeko prest agertu da. EH Bilduk 30 proposamen aurkeztu dizkio sailburuari; denera, 450 milioi euroren aldaketak eragingo lituzkete. Elkarrekin Podemos-IUk, berriz, eskatu du aurrekontuak 511 milioi euro handitzea, zerbitzu publikoak indartzeko.
Lehen hartu-emanak egiteko eguna izan zen atzokoa. Azpiazu EH Bilduko, EP-IUko eta PP+Ciudadanoseko ordezkariekin bildu zen, banan-banan. Hala, oposizioko taldeek aurrekontuetan txertatu nahi dituzten aldaketen berri eman zioten sailburuari.
EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriarteren esanetan, proposamen «errealistak» aurkeztu zizkioten sailburuari, eta haiek aztertzeko prest agertu zen hura. Gaineratu zuenez, bi aldeen arteko bilera «arina» izan zen, eta ez ziren «xehetasunetan» sartu.
Negoziatzeko prest atera zen, berriz, EP-IUko eledun Miren Gorrotxategi bere bileratik, baina akordio bat lortzea «zaila» izango den sentipenaz. Azaldu zuen negoziaziorako eremu «txikia» sumatu zuela, Azpiazuk ez zuelako «egingarritzat» jo aurrekontuak zabaltzeko proposamena.
Izan ere, hala adierazi zuen Azpiazuk berak bilera errondaren ostean. Taldeei gogorarazi zien aurrekontuen eta Eusko Jaurlaritzaren eskumenetara mugatuko duela negoziazioa. Eta, EP-IUri dagokionez, gehitu zuen proposamen batzuk ez direla «ekonomikoki bideragarriak».
Gizarte politikak, mahaian
EH Bilduk sei atal nagusitan banatu ditu bere proposamenak, eta zerbitzu publikoen ingurukoa da horietako bat. Osasun sistema, babes politikak eta zaintza jarri ditu erdigunean, eta konpromiso ekonomiko zein politikoak eskatu dizkio Jaurlaritzari. Besteak beste, Osakidetzako ratioak finkatzeko lege bat eskatu du, eta diru sailak Osasun Mentaleko Plan Estrategikoa garatzeko eta elikadura nahasmenduak dituztenak artatzeko programa bat definitzeko.
Babes politiketara 55 milioi euro gehiago bideratu nahi ditu koalizioak, bi helburu handirekin. Batetik, seme-alaben hezkuntzara bideratutako 200 euroko laguntza zabaltzea haiek 18 urte bete arte. Bestetik, diru sarrerak bermatzeko errentara bideratutako inbertsioari «eustea». Zaintza arloan, berriz, zahar etxeak eta etxez etxeko laguntza zerbitzuak nabarmendu ditu, gutxieneko arreta bermatzeko asmoz.
Gazteen egoerari erreparatuz, lan prekaritateari eta emantzipatzeko zailtasunei aurre egiteko proposamenak egin ditu. Etxebizitzari lotuta, alokairu sozialeko parke publikoa handitzeko 50 milioi euro ere eskatu ditu.
Energia alorreko konpromisoen artean, proiektu handietan herritarren parte hartzea bermatzeko modua arautzea exijitu du. Horrekin batera, batez besteko errentaren azpitik dauden familientzako bonu energetiko bat ere jarri nahi du martxan.
Sektore ekonomikoei dagokienez, berriz, lehen sektorean, merkataritzan eta ostalaritzan jarri dute begia, eta, batez ere, industrian, hala nola Finkatuz funtsera ehun milioi euro bideratzeko eskaera eginda.
Horiei iaz adostu eta bete gabe geratu diren konpromisoak gehitu dizkiete: gutxieneko soldata propio bat ezartzeko asmoa «publikoki defendatzea», eta alokairu pribatuen prezioa mugatzea.
EP-IUk ere osasungintzan eta gizarte politiketan jarri du begia.Osakidetzako itxaron zerrendak murrizteko 30 milioi euroko diru sail bat proposatu du, eta 90 milioi euroko beste bat Bidasoan osasun zentro berri bat eraikitzeko, Durangaldean ospitale bat egiteko eta Onkologikoa bultzatzeko.
Horiei hezkuntza gaiak batu dizkie, legebiltzarrean adostutako hezkuntza akordioa «betetzea» bermatzeko. Hala, 90 milioi euroko diru sail bat proposatu du eskola publikoa indartzeko plan estrategiko bat sustatzeko, eta eremu guztietan eskaintza publikoa bermatzeko eskola berriak eraikitzeko eskatu du.
Konpromiso politikoei dagokienez, berriz, EP-IUk energia berriztagarrien enpresa publiko bat eratzeko eskaera berretsi du, baita energia mota hori sustatzeko plan sektorialak garatzeko ere, eremu babestuetan «azpiegitura erraldoiak» jartzea eragozteko.
Fiskalitatea
EH Bilduk eta EP-IUk fiskalitatearen gaia ere izan dute hizpide. EH Bilduk «progresibitatean eta aberastasunaren birbanaketan sakontzeko» ezinbestekotzat jo du aldaketa bat sustatzea, eta eztabaida publiko bat abian jartzeko konpromisoa eskatu dio Jaurlaritzari. EP-IUk, berriz, hartzen diren neurrietan «proportzionaltasuna» lortzeko urratsak eskatu ditu; besteak beste, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren deflatazioan. Biek, baina, Azpiazuren ezetza jaso dute, ez delako «horretarako garaia».
Kontrako aldera tiraka heldu dio gaiari PP+Ciudadanosek. «Aringarri fiskalak» proposatu ditu Carlos Iturgaiz koalizioko buruak. Zehazki, Kontzertu Ekonomikoa zergak txikitzeko erabiltzeko deia egin dio. Hortik aurrera, PP+Cs-ek ez du xehetasunik eman sailburuari igorritako proposamenen inguruan. Hark bai adierazi du, ordea, fiskalitatearen inguruko proposamenak ez direla Jaurlaritzaren eskumenekoak, eta gainerakoen kuantifikazioa egiteke dagoela.
Aurrekontuek gizarte politikak indartzea proposatu du oposizioak
EH Bilduk 450 milioi euro balio duten aldaketak proposatu ditu negoziazioen lehen bileran. Elkarrekin Podemos-IUk nahi du aurrekontuak 511 milioi euro handitzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu