Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren eraikinean elkartu dira Nafarroako Gobernuko hiru presidenteordeak, Jose Luis Arasti kontseilaria eta EH Bilduko Laura Aznal eta Adolfo Araiz. Hurrengo urteko aurrekontuak negoziatzeko lehen bilera izan da. «Tonu onean» joan dela esan du Aznalek.
Halere, bilkura amaitutakoan, Aznalek aurreratu du exijenteak izango direla gobernuarekin. Haren esanetan, lehentasunetan bat egiten dute gobernuarekin. «Lan handia dugu helaraziko diguten informazioa aztertzen».
Datorren astean, departamentu bakoitzari egokitutako aurreproiektua izango dute. «Bertan ikusiko dugu zeintzuk diren gobernuaren lehentasunak eta zertan gastatu nahi duten iragarritako gastu muga». Gaineratu duenez, aurtengo aurrekonturako hitzartutako puntu batzuk ez dira bete, eta horri buruz ere hitz egingo dute. Aznalek aipatu du lehen bilera «abiapuntua» baino ez dela.
Negoziazio horiek Iruñeko Udalean egingo denarekin zerikusirik duen galdetuta, Aznalek aipatu du EH Bildu beharrezkoa dela Nafarroako Parlamentuan eta PSN Iruñeko Udalean. «Hori mundu guztiak daki. Interes alderdikoiez harago, pertsonak erdigunean jartzea da helburua, Iruñean zein Nafarroan».
Nafarroako Gobernuaren izenean, Ana Ollo, Felix Taberna eta Begoña Alfaro presidenteordeak eta Jose Luis Arasti Ekonomia kontseilaria izan dira bileran. Baikor azaldu dira, eta normaltasunaren barruan kokatu dute bilera.
2025erako, 5.975 milioi euroko gastu muga izango du gobernuak, aurten baino 139 milioi gehiago.
UPNko Cristina Ibarrolaren ustez, bilkura «itxurakeria hutsa» da: «Aldez aurretik hitz egina dago, eta hitzartua». Haren esanetan, EH Bildu da «Sanchez eta Txibite jarlekuan jarraitzeko bermea».