Aurrekontuak begi bistan, ekiteko eskatu diote Pradalesek eta Otxandianok elkarri

Pradalesek esan du «ideiek lur hartu» behar dutela, eta aurrekontuak direla horretarako tresna. Otxandianok defendatu du badirela «zumeak» Euskal Herrian «kontratu sozial berri bat» osatzeko. Bi aldeak asteartean bilduko dira horien inguruan hitz egiteko.

Otxandiano, gaur goizean, Pradales begira duela. EUSKO LEGEBILTZARRA
Otxandiano, gaur goizean, Pradales begira duela. EUSKO LEGEBILTZARRA
Iosu Alberdi.
2024ko azaroaren 8a
11:20
Entzun

Donald Trumpen garaipenetik eta gaur egungo nazioarteko egoeratik abiatuta, Euskal Herriak hartu beharreko norabidea izan dute eztabaidagai Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek eta EH Bilduko eledun Pello Otxandianok Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, 2025erako aurrekontuen inguruko negoziazioak hastear diren honetan. Hala, Otxandianok politika «postneoliberalei» heltzeko «kontratu sozial berri bat» proposatu dio Pradalesi, eta hark erantzun dio hitz egiteko ez ezik ekiteko garaia dela, aurrekontuetatik hasita.

«Testuinguru globalean euskal erantzuna artikulatzeaz» aritu dira Pradales eta Otxandiano. Biek esan dute kezkatuta daudela AEBetako hauteskundeen emaitzek EB Europako Batasunean eta Euskal Herrian izan ditzakeen ondorioez. «Albiste txarra da munduarentzat, Europarentzat eta gure herriarentzat, ezbairik gabe», esan du Otxandianok. Eta Pradalesek gehitu du Trumpen garaipenarekin EB «gaur atzo baino egoera kezkagarriagoan» dagoela: «Esnatu egin behar dugu; berehala, gainera».

Begirada Europako Batasunetik kendu gabe, Pradalesek adierazi du «erronka eta mehatxu handien» garaiotan Europaren beraren demokratizazioan sakontzea dela bidea: «Bakea, giza eskubideak, askatasuna, justizia soziala, pluraltasuna eta demokrazia bera indartzea». Eta defendatu du euskal erakundeek protagonista izan behar dutela EBren «berreraikitzean». Hain zuzen, azaldu du xede horrekin bidaia bat egingo duela Bruselara, hilaren 19an. «Herri txikia gara, bai, baina ez indarrik gabeko periferia bat». 

Otxandianok ere Bruselari erreparatu dio, «krisi existentzial batean den Europako Batasunari». Eta hala egin du iraganeko akatsak berriz egiteko arriskua ikusten duelako. Izan ere, atzera begiratuz, gogoratu du «sufrimendu sozial izugarria» eragin duela 2008ko krisi ekonomikoari «errezeta neoliberalekin» erantzun izanak: «Krisi sistemiko bat eragin duten bi faktore nagusien sortzaile dira: krisi ekologiko-klimatikoa eta desberdintasun sozial eutsezinak».

Eta orainera itzuliz, Draghi txostenari egin dio erreferentzia. Otxandianok kritikatu du EBn ez dela kontsentsurik lortu «ia desesperazioz egindako dei» horri erantzuteko. Kontrara, uste du agerian geratu dela «Europako eliteek» ez dutela batasunaren etorkizunerako planik.

EH Bilduko eledunak, baina, ikusten ditu erantzun bat artikulatzeko «zumeak» eta «baldintza soziopolitikoak» Euskal Herrian. Izan ere, Otxandianoren esanetan, bai EH Bildu eta bai Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiak ─EAJ eta PSE-EE─ bat datoz «politika neoliberalek porrot» egin dutela. 

Bideari ekiteko xedeek zein izan beharko luketen ere esan du: «Herri ikuspegia irabaztea, gure komunitate zentzua indartzea, eta gure gaitasunetatik abiatuta bide postneoliberala urratzen hastea». Beraz, argudiatu du «kontratu sozial berri bat ehuntzea» dela lehentasuna, «aldaketa ausartekin» neoliberalismoaren eraginei aurre eginez: «Hori ez da gehikuntza aldaketa txikiekin egiten, politika publikoetan aldaketa estruktural eta esponentzialak txertatuz baizik».

Eta hori aurrekontuen inguruko negoziazioetara eramanez, azaldu du EH Bildu akordiorako prest egongo dela xedea bada «garaiak eskatzen dituen politika eraldatzaileak garatzea»: «Ez gara nekatuko eskua luzatzeaz. Hitzekin eta ekintzekin demostratu dugu gure prestasuna».

Pradales Otxandianorekin bat dator «herri ikuspegia, ideia eta anbizio handiak eta erretorika berria» txertatu behar direla euskal erantzun bat emateko, baina gehitu du «ekintza txikiak» direla gako nagusietako bat: «Lur hartu behar dugu, ideiak errealitatean egikaritu». Eta gehitu du bide horretan hartutako erabakiak direla, besteak beste, osasun arloko ituna eta politikan gizalegez aritzekoa. 

Orain, baina, aurrekontuak negoziatzeko garaia dela esan du Pradalesek, eta gehitu elkarrizketa horietan «eraldaketa handietarako hitzak» ez ezik «letra eta zenbaki txikiak» ere jorratu behar direla: «Detailean dago gakoa; pertsonen eta herri baten egunerokoa hor jokatzen baita». Izan ere, defendatu du aurrekontuak beste pauso bat emateko aukera direla, hain zuzen, «jendearen arazo eta kezka konkretuei erantzuteko, eraldaketak sustatzeko, komunitate izaera indartzeko».  

Eta, horretarako, adierazi du «borondate zintzoa» dutela akordioak lortzeko, «tribunako hitz handietatik mahaiko letra txikira» jaitsiz. 

Proposamen «zehatzak»

Negoziazio horiek izan ditu hizpide Noel D’Anjou Ogasun sailburuak ere, Alaitz Zabala EAJko legebiltzarkideari erantzunez. Sailburuak ere aipamen egin dio Europan eta munduan gertatzen ari den «eraldaketa esparruari», eta «ziurgabetasun» horren adibide gisa jarri du Trumpen garaipena ere. D’Anjouren esanetan, baina, gaur egungo egoerak aukera berriak ere ematen ditu, eta aurrekontu proposamenak xede hori du. 

Haren esanetan, Jaurlaritzarena ez da «hutsetik» egindako aurrekontu bat, eta EAJren eta PSE-EEren arteko bat izatetik haratago, «entzute prozesu baten» ondorio dela esan du. Orain, kontsentsu hori zabaltzeko asmoa adierazi du, eta «negoziaziorako eta akordiorako» prest dagoela gehitu. «Euskadik zuen guztien ekarpenak behar ditu», esan du, oposizioko alderdiei erreferentzia eginez. Hain zuzen, «lehen kontraste bilkurak» iragarri ditu datorren asterako. Astelehenean bilduko da Sumarreko eta PPko ordezkariekin, eta asteartean EH Bildukoekin. D’Anjouk iragarri zuen ez zuela Voxekin hitz egingo. 

Bilera horiei begira, sailburuak alderdiei eskatu die «proposamen zehatz, bideragarri eta errealistak» egiteko. Horiek entzunda, proposamen berri bat aurkeztuko du Ogasun Sailak, negoziazioei bide emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.