Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari buruzko eztabaidak posizioak ezartzeko eguna izan zuen atzo, zuzenketak aurkezteko epea amaituta; oposizioko lau indar politikoek jarri dituzte osoko zuzenketak. Jaurlaritzak bermatuta dauka kontuak aurrera ateratzeko beharrezko duen babesa, baina ez du beste talderik akordiora bildu; 1.264 zuzenketa partzial jarri dituzte EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk, PP+C's-ek eta Voxek, eta, denera, 1.200 milioi eurotik gorako balioa dute. Osoko zuzenketa horiek urtarrilaren 29an eztabaidatuko dituzte, eta espero da otsailaren 11n egitea kontuei behin betiko onespena emateko osoko bilkura.
EH Bilduren izenean, Maddalen Iriartek eta Nerea Kortajarenak erregistratu dituzte osoko zuzenketa eta 36 zuzenketa partzial; beste zazpi, berriz, legearen artikulatuaren inguruan aurkeztu dituzte. Zuzenketa partzial horien bitartez, EH Bilduk 429 milioi euroren aldaketak sustatu nahi ditu aurrekontuetan; alegia, Jaurlaritzari igorri zion dokumentuan jasotako planteamenduak dira orain zuzenketa bidez erregistratutakoak: 140 milioi euro jartzea osasun sistema indartzeko, 50 milioi hezkuntza indartzeko, eta 200 milioi pandemiaren eta hark eragindako egoera ekonomikoaren ondorioak gehien nozitzen ari diren sektoreak erreskatatzeko plan bat sortzeko, besteak beste. Bizkaia Irratian, Iriartek azaldu zuen Jaurlaritzak ez duela izan EH Bildurekin «inolako akordiorik egiteko asmorik», eta aurrekontuak «erabili» nahi izan dituela indar subiranista «higatzeko».
Gainerako taldeek euren posizioak argituta, ikuskizun zegoen zer egingo zuen Elkarrekin Podemos-IUk. Jon Hernandez eta Isabel Salud Ezker Anitzako kideek erregistratu dituzte osoko zuzenketa eta 223 partzial, 219 milioi euroko balioa dutenak. Pilar Garrido Ahal Dugu-ko Euskal Autonomia Erkidegoko koordinatzailearen esanetan, Eusko Jaurlaritzak ez ditu jorratu nahi izan koalizioarentzat «funtsezkoak» diren zenbait gai, «are gehiago EAJk eta PSEk ezarritako ereduaren egiturazko arazoak kontuan hartuta». Gaineratu du Elkarrekin Podemos-IU «hasieratik» agertu zela prest Jaurlaritzarekin aurrekontu akordio bat egiteko, «marra gorririk ezarri gabe, pandemiak oraindik ere eragiten dituen osasun, ekonomia eta gizarte arloko ondorio larriak arintzeko». Haatik, uste dute Eusko Jaurlaritzak ez duela sartu nahi izan koalizioaren proposamenaren eduki politikoan: «Zenbait diru sail lauki batetik bestera mugitzera mugatu da, osasun, hezkuntza edo gizarte babesaren arloan zerbitzu publikoak indartzeko konpromisoa alde batera utzita».
Elkarrekin Podemosekin izan du negoziaziorako atea irekita Jaurlaritzak, baina, hiru bilera egin ondoren, larunbatean jakinarazi zuten ez zela aurrerabiderik eta Elkarrekin Podemosek ez zituela babestuko Jaurlaritzaren aurrekontuak.
PP+Ciudadanos koalizioak lehen bileratik irten eta berehala argitu zuen ez zuela hitz egiten jarraituko, eta atzo aurkeztu zituen osoko zuzenketa eta 813 zuzenketa partzial, argudiatuta «alternatiba bat» dagoela Jaurlaritzak osatutako aurrekontuen aurrean. Carmelo Barrio eta Luis Gordillo legebiltzarkideek erregistratu zituzten zuzenketak, eta, ondoren eginiko agerraldi batean, Barriok kritikatu zuen Jaurlaritzak «negoziaziorik edo topagunerik bilatu gabe» onartuko dituela aurrekontuak.
Barriok txarretsi zuen zuzenketak aurkezteko epemuga baino «sei egun lehenago» deitu zuela gobernuak oposizioa batzartzera, «ez negoziatzeko, zintzoak ez izateko eta hauek bezain aurrekontu garrantzitsuak negoziatzeko prozesu batean lidergorik ez eramateko asmo argiarekin». Voxek herenegun aurkeztu zituen bere egitasmoak.
«Tresna garrantzitsuena»
Gobernu kontseilu osteko agerraldian gaiaz galdetuta, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu du aurrekontua dela «gobernu batek daukan tresnarik garrantzitsuena bere politikak finkatzeko», eta, Eusko Jaurlaritzaren kasuan, bere esku dauden «politikak bultzatzeko».
Negoziazioan, Jaurlaritzaren helburua zen «babesa ematen dioten bi alderdiez gain, besteren bat erakartzea», baina hori «ez da posible izan», Zupiriaren hitzetan. Hortaz, oposizioko taldeei esan die, «benetan» akordioak lortzeko «borondate zintzoa» badute, legealdian ez dela «zereginik eta aukerarik» faltako «adostasun berriak lortzeko eta gizartearen beharrei erantzuteko».
Aurrekontu bat, lau zuzenketa
Epea amaituta, oposizioko talde guztiek osoko zuzenketak jarri dizkiote Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari. Denera, 1.264 zuzenketa aurkeztu dituzte, 1.200 milioi eurotik gorako balioa dutenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu