Orain arte,SARS-CoV-2 kasuak ugaritzen eta positiboen ehunekoa gorantz egiten hasi direnetan, osasun zerbitzuek test gehiago eginez erantzun dute, baina azkeneko olatuan ez da sentitu ahalegin hori. Konparaziorako balio dute bi hilabetekako datuek: azaroan eta abenduan, 770.000 test egin zituzten Osasunbideak eta Osakidetzak; urtarrilean eta otsailean, 784.000; martxoan eta apirilean, 651.000.
Udazkeneko olatuan, positiboen astebeteko ehunekoa %9tik gora ibili zen urri bukaeratik azaro erdira Hego Euskal Herrian. Garai hartan, Osasunbidea eta Osakidetza 110.000 eta 125.000 test artean egiten aritu ziren asteko. Neguan, beste olatu bat: urtarril bukaeran %8tik gora ibili zen positiboen ehunekoa, eta 100.000 eta 120.000 test artean egin zituzten urtarril erditik otsail erdira. Azkeneko olatuan, ordea, ez dira kopuru horietara iritsi.
Martxo hasieran, %5etik behera zegoen positiboen ehunekoa, baina azkar hasi zen handitzen, eta zazpi asteko batezbestekoa %8tik gora ibili da bi astez, apirilaren 6tik 20ra. Azkeneko egunetan jaitsi egin da batezbesteko hori —atzoko datua: azkeneko zazpi egunetako testen %7,2 ziren positiboak—. Baina Osakidetzak eta Osasunbideak egindako testen kopuruak oso igoera txikia izan du, konparazioz: martxo hasieran, asteko 65.000 test inguru egiten ari ziren, eta apirilaren 20 arte ez ziren asteko 80.000 baino gehiago egiten ari. Aldea handia da aurreko olatuekiko. Apirilaren 9tik aurrera doi bat ugaritu dituzte testak, eta azkeneko egunotan asteko 95.000 inguru ere egin dituzte, baina, aurreko olatu gailurretakoetako datuekin alderatuta, test gutxiago dira, halere.
Eusko Jaurlaritzaren aholku batzorde teknikoak, Labik, aurreko astean onartu zuen jaiegunek eragina dutela, eta askoz test gutxiago egin zirela Aste Santuan. Baina, bost jaiegun horiez aparte ere, martxoaren 30etik apirilaren 11ra, datuak okertzeko joera argia zenean, asteko 60.000 test baino gutxiago egiten aritu ziren. Gabonetan ere gauza bera gertatu zen: abenduaren 22tik urtarrilaren 14ra nabarmen urritu ziren Osakidetzak egindako testak.
Osasunbideak ere aurreko olatuetan baino test gutxiago egin ditu apirilean. Azaroko goreneko astean 29.613 test egin zituen, eta otsaileko gorenekoan, 23.184; orain, berriz, astean 16.000 eta 17.000 artean ari dira egiten. Baina, Osakidetzarekin alderatuta, Aste Santuko opor egunetan ez da hainbeste txikitu testen kopurua.
Antigenoak, heren bat
Antigeno testei zehazki erreparatuz gero, berriz, gero eta gehiago erabiltzen ari dira. Azaroan eta abenduan, test guztien %22,7 ziren antigenoenak; urtarrilean eta otsailean, %32,3; martxoan eta apirilean, %33,9.
Koronabirusa
Aurreko olatuetan baino test gutxiago ari dira egiten orain
Osakidetzak eta Osasunbideak asteko 100.000-125.000 test egin dituzte olatu gailurretan; orain, 100.000 baino gutxiago ari dira egiten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu