Aurreko astean baino %19 positibo gehiago atzeman dituzte Hegoaldean

COVID-19a zuten 24 gaixo hil dira astebetean. Ostiralean egindako probetan, 2.962 herritarrek positibo eman zuten, pandemia osoan erregistratutako daturik txarrena.

Herritar batzuk paseoan, Gasteizen, artxiboko irudian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko abenduaren 13a
13:56
Entzun

COVID-19a hedatu eta hedatu ari da oraindik. Abenduaren 6tik 12rako astean, 15.323 positibo atzeman zituzten, azaroaren 29tik abenduaren 5erakoan baino %19 gehiago. Markak hautsi dituzte azken asteko datuek. Larunbatean jakinarazitako datua izan zen guztietan txarrena: ostiralean gaitza atzemateko egindako probetan, 2.962 herritarrek positibo eman zuten Hego Euskal Herrian. Pandemia osoan sekula ez dituzte hainbeste positibo atzeman egun bakarrean.

Positiboen ehunekoak ere argi erakusten du birusa harrotuta dabilela eta hura kontrolpean izateko zailtasunak daudela. Atzo, esaterako, COVID-19a atzemateko egindako 14.508 probetatik 1.884k positibo eman zuten; hau da, %13k. OME Osasunaren Mundu Erakundeak %5eko muga dauka ezarrita pandemia bat kontrolpean edukitzeko.

Gipuzkoan dago egoerarik okerrena. Bertan erregistratu dituzte azken asteko kasuen %35, eta 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia metatuta 1.435 kasukoa da. Nafarroan ere zaila da egoera: bertan atzeman dituzte kasuen %28, eta intzidentzia 1.151 positibokoa da. Araban, positiboen %11 atzeman dituzte, eta 985 kasuko intzidentzia dute. Azkenik, Bizkaikoak dira azken asteko kasuen %25, eta 605ekoa da intzidentzia. Larunbatean jakinarazitako datuak pandemia guztiko okerrenak izan ziren Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan: Araban 314 herritarrek eman zuten positibo, Gipuzkoan 1.056k, eta Nafarroan, berriz, 844k.

Positiboak areagotu ahala, ospitaleetako egoera ere okerrera egiten ari da. Egun, 556 gaixo daude COVID-19ak jota Osakidetzako eta Osasunbideko ospitaleetan, daturik txarrena maiatzaren 13tik. Konparazio bat egitearren: duela astebete baino %25 gaixo gehiago daude erietxeetan, eta duela bi aste baino %68 gehiago. ZIUetan ere, goranzko joera: orotara, 113 eri daude larri, duela astebete baino %31 gehiago, eta duela bi aste baino %88 gehiago. Heriotzei dagokienez, astebetean 24 gaixo hil dira COVID-19ak jota.

Ikasgelak ixten

Birusa txikienei ari zaie erasaten, batez ere. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, esaterako, 2.522 kasukoa da intzidentzia 6-12 urteko umeen artean. Horrek zuzenean eragiten du eskoletan. Guztira, Hego Euskal Herriko 418 ikasgela daude itxita koronabirusagatik —ostiralean baino hamazazpi gehiago—, 205 ikastetxetan. Nafarroako Gobernuak itxialdian dauden ikasleen kopurua ere jakinarazi du: 1.903 ikasle daude konfinatuta, joan den ostiralean baino 312 gehiago.

Birusaren hedapena eten nahian, etzi hasiko da umeen txertaketa Hego Euskal herrian. Gaur jaso dituzte horretarako txertoak: 60.000 Eusko Jaurlaritzak eta 18.000 Nafarroako Gobernuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.