ETAren adierazpenaren hamargarren urteurrenean, memoria gai korapilatsua da oraindik ere. Ematen du azken 60 urteen kontakizuna egiterakoan joera bat nagusitzen ari dela, baina horren inguruan zer jarrera du garai hura gertutik bizi ez zuen lehen belaunaldiak? Politika arloan indarkeriaz egiten diren epai moralen arabera ikertu behar al dira azken 60 urteetan gertatutakoa eta ETAren historia? Memoria inklusiboaren beharra aipatzen denean, emakumeen ahotsa kontuan hartzen al da? Gatazka nola kontatu izenburupeko hitzaldiak galdera horiek utzi zituen airean, eta ondorioetako bat izan zen aurreiritzi ideologikoak eta indarkeria gaitzesteko jarrerak ezin duela oztopatu historia hurbilaren gaineko ikerketa.
Hizlari bakoitzak bere ezagutzan oinarrituta jorratu zuen gaia, Xabier Letona Argia-ko kazetaria gidari zutela. Laba sareak Gazteluko plazako egoitzan antolatutako lehen ekitaldia izan zen. Mahai inguruan parte hartu zuten Samara Velte eta Maider Galardi ikerlari eta kazetariek, Emilio Majuelo historialariak eta Emilio Lopez Adan idazleak —Borroka armatuaren historia Euskadin. 1967-2011 lan mardula argitaratu berri du ETAren historiaz—. Aurretik, bere liburuari buruzko ordubeteko hitzaldia eskaini zuen.
Gazteak, gizartearen isla
Oroitzapenik ez duten heinean, Samara Velteri interesgarria zaio aztertzea gazteek nola eraikitzen duten diskurtso hori: «Horrek pista batzuk ematen dizkigu gizartean nagusitzen ari diren kontakizunen inguruan». Horri buruzko tesia lantzen ari da, 2000tik aurrera jaiotako 16 eta 22 urte arteko gazteekin. «Tesi bat da, ez da Euskobarometroa», esan du, eta lagin bat baino ez dela ohartarazi.
Haren esanetan, ondorioetako bat da gaia aipatzean «informazioaren aurretik» gaiarekiko posizionamendua nagusitzen dela, eta «gaitzespenaren diskurtsoak pisu handia» duela. Horrek, gainera, iraganarekiko «posizionamendu arraro» bat izatera eramaten ditu. Gazteek ez dute baliabide fidagarririk gertatutakoa jakiteko, eta «zerbait esan eta okertzeko beldurra» nagusitzen da. Helduek gaiarekiko pasotismoa izatea aurpegiratzen diete, baina Veltek nabarmendu du gaiarekiko interes handia dutela. Haren ustez, belaunaldi berriek «ez dute galtzeko ezer», eta garai hura bizi ez izanak «konplexutasun gutxiagorekin eta ausardia eta irudimen handiagoarekin» jokatzera eraman beharko lituzke.
Jarrera horren atzean presio soziala dagoela uste du, eta horren adibide da Ipar Euskal Herrian gazteak «libreago» sumatzen dituela, «presio soziala ez baita hain handia». «Adibidez, gazte batek esan zidan ETAren armagabetzearen egunean sumatu zuela egun tristeak zirela, erreferente sozial bat galdu zelako. Ez zuen kritikatzen, baina zintzoki esaten zuen tristura nabaritu zuela. Hegoaldean, zailagoa da gazte batek hori esatea».
Velteren beste ondorioetako bat da gatazkaren iruditeria oso biolentoa nagusitu dela. Hildakoen eta biktimen kategorizazio bat dagoela uste du, eta horrek zaildu egiten die gazteei gatazkak nola eragin dien ikustea. Adibidez, familian oso gauza larriak gertatu zitzaizkion gazte bati galdetzean ea gatazkak zuzenean eragin zion, erantzun zuen ezetz: «Nondik dator desidentifikazioa? Jende horri guztiari ulertarazi zaiolako bere historia ez dela garrantzitsua», ondorioztatu du.
Emilio Majueloren arabera, ETAren indarkeriaren inguruan argudio politiko gisa erabiltzen den morala albo batera utzi behar da historia ikertzeko orduan. «Hori politikan erabiltzen bada eta denok onartzen badugu, bikain, baina etika ezin da erabili historia aztertzeko. Horrela ez goaz inora». Haren esanetan, historialariek gertaeren zergatiak bilatu behar dituzte, eta horretarako ulertu egin behar da bere garaian indarkeriaren aldeko apustu hori egin zuten pertsonen logika. «Guri beti interesatzen zaizkigu zergatiak. Zergatik gertatu diren gauzak. Bestela, hori ez da historia, baizik eta informazio eta datuen deskribapen huts bat. Gure historia hurbil honetan, interesatzen zaigu jakitea non zegoen logika».
Berdintsu mintzatu da Lopez Adan. Gatazka nola kontatu behar den baino gehiago, nola ez den kontatu behar azaldu du, eta, haren ustez, indarkeria oro beti bidegabetzat jotzeko jarrerak ez darama inora: «Biolentzia guztiak kondenatzeko errazkeria ez da gure historia kontatzeko bidea». Haren irudiko, Prado museoan diren Goyaren koadroetan, gogoratu eta omendu egiten da 1808ko maiatzaren 2an Madrilgo herria Napoleonen tropen aurka aiztoak eskuak zituela altxatu zenekoa, eta hura oraindik ospatzen da, gaur egun ere. «Hartzen badugu munduko historian zenbat tokitan, zenbat herritan, biolentzia aipatzen eta ospatzen den? Mundu honetatik kentzen bada bidegabekeriaren aurka borrokatzeko behar moral, giza behar hori, zer bilakatzen da historia?», gogoeta egin du.
Ikuspegi feminista
Iraganaren kontakizunari begira, maiz, memoria inklusiboa eta poliedrikoa dela aipatzen da, baina Maider Galardik uste du ikuspegi horretan ez dela sartzen emakumeen begirada. Haren ustez, desoreka bat dago. «Gatazkaren iruditeria eta haren pertzepzioa oso gizonezkoenak dira»; aldiz, gaur egun, gatazkaren ondorioak pairatu dituzten eremuetan emakumeak dira nagusi. Desoreka horrek kezkatuta eta memoriari emakumeen begirada eman nahirik, tesi bat lantzen ari da.
Ikerketa horretan 25 emakume elkarrizketatu ditu , alde batekoak zein bestekoak —ETAren biktimen alargunak, estatu terrorismoaren biktimak, presoen amak, iheslarien senideak...—. Haren mezu argia zera da: memoria eraikitzailea eta askotarikoa egiteko, kontuan hartu behar dira emakume horien guztien bizipenak. «Buelta bat eman behar diogu gatazkazzer ulertzen dugun, indarkeriaz zer ulertzen dugun eta parte hartze politikoari buruz zer ulertzen dugun. Horrek ekarriko du emakume horien guztien bizipenak jaso eta historia osoago eta ikuspegi sendoago bat izatea».
Aurreiritziekin ezin da historia hurbila ikertu
Labak Iruñeko egoitzan antolatutako mahai inguruan, euskal gatazka nola kontatu aztertu dute Samara Veltek, Emilio Majuelok, Maider Galardik eta Emilio Lopez Adanek, bakoitzak bere eremutik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu