Ingurumena

Aurreikusi baino espezie gehiago daude galtzeko arriskuan, ikerketa baten arabera

Frontiers in Ecology and the Environment aldizkariaren arabera, oraingo joerak berdin jarraituz gero 2100ean munduko espezieen %37 egongo dira galzorian. Klima aldaketa, lurraren eta uraren gehiegizko ustiaketa eta kutsadura dira arrazoi nagusiak.

Jaribu hegazti espeziea desagertzeko arriskuan dago. JEFFREY ARGUEDAS, EFE
Lide Egizala Urteaga.
2022ko uztailaren 19a
16:42
Entzun

Biodibertsitatearen galeraren inguruko ikerketa batean ondorioztatu dute uste baino espezie gehiago daudela galtzeko arriskuan. Datu geografiko eta demografikoetan adituak diren 60 zientzialarik parte hartu dute ikerlanean, eta adierazi dute neurriak hartu beharra dagoela, egoera ez okertzeko. Frontiers in Ecology and the Environment aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Ikerketa horren helburua da munduko askotariko ekosistemen inguruko datuak biltzea eta adituen iritziak jasotzea. Zientzialari bakoitzak askotariko datuak eman baditu ere, ados daude gauza batean: biodibertsitatearen galerak murriztu egingo ditu naturak gizakiari eskaintzen dizkion baliabideak. Johannes Knops Txinako Xi'an Jiaotong-Liverpool unibertsitateko ikerlariak nabarmendu du biodibertsitatearen galera «gaur egungo ingurumen erronkarik larrienetakoa» dela, «klima aldaketa baino are gehiago». Ohartarazpena egin du ikerlariak, gainera: «Klima aldaketa atmosferara karbono dioxidorik ez isuriz konpon daiteke, baina, espezie bat desagertuz gero, betirako desagertuko da».

Zenbait datu

Adituek jakinarazi dutenez, 1500. urtetik, espezieen %30 galzorian daude, edo galduta. Bestalde, oraingo joerak horrela jarraituz gero, 2100. urtean ehuneko hori %37ra igoko dela espero da. Horrez gain, ikerketak azaleratu du klima aldaketa, lurraren eta uraren gehiegizko ustiaketa eta kutsadura direla biodibertsitatearen galera eragiten duten arrazoi nagusiak.

Aldatzea posible da

Datuek iradoki arren igoera nabarmena izango dela, Knopsek jakinarazi du kontserbazio ekintza azkar eta zabalak eginez gero %25era jaits daitekeela ehuneko hori. Horretarako, egoerarik larriena duten guneak identifikatzea ere lortu nahi dute ikerketaren bitartez, jarduerak «ahalik eta azkarren» martxan jartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.