ABIADURA HANDIKO TRENA

Aurreakordioa, oraingoz

'Euskal Y'-aren egitasmoaren blokeo historikoa gainditzen hasia da EAJren eta PSOEren arteko negoziazioei esker, baina alde bien arteko ituna sinatu arte auzia ez dela konponduko ohartarazi dute jeltzaleek

GASTEIZ
2005eko urriaren 30a
00:00
Entzun
2005eko urriaren 20a. Ez dirudi data berezia denik, baina, Euskal Y-aren auzian hala da, lortu den akordio apurrenetako bat lortu baitzuten egun horretan ia hogei urteko desadostasunen bide malkartsuan. Egun horretan ezagutarazi zuten Espainiako Gobernuak (PSOE) eta Eusko Jaurlaritzako kide nagusiak (EAJ) ados zirela proiektuaren ardatz nagusietan, Espainiako aurrekontuei buruzko negoziaketaren testuinguruaren barruan.

Baina, akordiorik ba al dago? Ez oraindik. Hedabide honi iritzia eman diotenen ustetan, aurreakordiotzat hartu behar da iragan astean lortu eta herenegun sozialistek eta jeltzaleek hitzartutako zuzenketetan gauzatutakoa. EBBko lehendakari Josu Jon Imazek berak, adostasunak azpimarratu bazituen ere, zuhur jokatu zuen atzo negoziazioei buruz galdetu ziotenean. «Aurreakordio hau betetzen baldin bada», zehaztu zuen EBBko buruak, «2010. urterako proiektua bukatuta izango dugu, eta ordu erdia beharko dugu soilik Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburu batetik bestera joateko». Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herrilan Sailean ere pozik daude auziak hartu duen norabidearekin, baina, badaezpada ere, ezer gutxi aldatu balitz bezala dihardute lanean. «Aurre-akordioak erraztu egin du bidea, baina oraindik ere gauza asko eta asko zehaztu behar dira», esan diote Berriari Lakuako informazio iturriek. Espainiako Sustapen Ministerioarekin «hartu-emanetan» jarritzen dute. Ziur aski, alde biak akordio batera heldu arte ezingo da esan akordiorik dagoenik.Oso argigarria izan zen, ildo horretan, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ogasun sailburu Idoia Zenarruzabeitiak joan den asteartean agertu zuen jarrera Juan Jose Ibarretxeren Gobernuak 2006. urterako taxutu duen aurrekontuak trenbide sare berriarentzat ezer aurreikusi ez izanaren zioa galdetu ziotenean. «Ez dago zertan kezkatu, Eusko Jaurlaritzak ipini beharrekoa ipiniko du PSOEk konpromisoa betetzean», erantzun zuen Zenarruzabeitiak.Zuhurtzia da nagusi, eta horrelaxe jokatuko duela iragarri du EAk, Espainiako Kongresuko diputatu Begoña Lasagabasterren bidez: talde abertzaleak osoko zuzenketa jarri dio Espainiako Gobernuaren aurrekontu proiektuari, eta jakinarazi du baldintza bat dagoela zuzenketa kentzeko: Euskal Y-aren obrak 2010. urtearen aurretik bukatuko direla bermatzen duen idatzizko dokumentua izatea.Egitasmoak sortu zenetik zer-nolako blokeoa jasan duen kontuan harturik, ulertzekoa da jokabide hori; are gehiago aurreakordioaren berri eman baino hiru egun lehenago Pirinioez bi aldeetako gobernuburuen arteko gailurrean, Bartzelonan (Herrialde Katalanak), ekimenak hartu zuen «jipoi galantari» erreparatuta, Abiadura Handiko Trenaren Aurkako Asanbladaren hitzak erabilita. Bileran ez zuten konpromiso zehatzik hartu Euskal Y-aren proiektua abian jartzeko, eta Mediterraneotik doan ardatza lehenetsi zuten. Gauzak hala, Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendariak uko egin zion goi bileraren adierazpena sinatzeari, erabakia «astakeria hutsa» zelako.Errezeloak errezelo, hona hemen aurreakordioaren atal nagusiak zein diren eta egitasmoa gaur egun zertan dagoen:

- FINANTZABIDEA: EBBko buru Josu Jon Imazen esanetan, PSOEk eta EAJk negoziatutako zuzenketek «diruz hornitu dute egitasmoa». Alde batetik, PSOEren gobernuak ordainduko du Bilbo eta Gasteiz arteko zatia. Bestalde, EBBko buruak berretsi du Eusko Jaurlaritzak Gasteiz eta Irun arteko zatia eraikiko duela, eta, gero, gastua kenduko duela Espainiari ordaitzen zaion Kupoaren diru kopurutik. Horren arabera, Espainiako Gobernuak bertan behera utziko luke Auzitegi Konstituzionalean duen helegitea Ibarretxeren gobernuak Gipuzkoako zatiaz hasitako prozesuaren aurka. Nolanahi ere, Jaurlaritzak behin eta berriz dio, eta Imazek atzoko agerraldian nabarmendu zuen, aurreakordioaren atal hori hitzarmen batean islatu beharra dagoela baliorik izango badu.

EAJk hori negoziatu du PSOErekin, eta, trukean, kendu egin du Espainiako Gobernuaren aurrekontuari aurkeztekoa zion osoko zuzenketa. Ildo horretan, AHTren Aurkako Asanbladak gogor salatu du Euskal Y-aren auzia Espainiako Gobernuaren urrezko tresna bihurtu dela Eusko Jaurlaritza kontrolatu eta «politikoki presionatzeko». Era berean, Asanbladak azpimarratu du azken egunetako albisteek erakutsi dutela Europako Batasunaren finantzabiderik ez dagoela (garai batean Jaurlaritzako Garraio sailburu Alvaro Amann sailburuak zioen aurrekontu osoaren bi heren Europatik etorriko zirela).

- IBILBIDEA: Hizki zopa bilakatu da AHTren proiektua 80ko hamarkadan lehen pausoak eman zituenetik: Euskal U-a egiteko proposatu zuen EBk aspaldi; L-a izateko eskatu zuten Merkataritza Ganberek 1998an; X-aren itxura hartu behar zuen, Sabin Intxaurragaren arabera, hura Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu zenean, eta hizki horren aldeko agertu zen Aralar ere.

Edozein kasutan, Euskal Y-aren proiektua ofiziala da ia hasieratik. Aitzitik, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako sailburu Javier Madrazok iragan astelehenean esan zuen egitasmoa beste hizki bat bilakatuko dela EB-Berdeak taldeak gobernukideei eskatu dien eztabaidagunean ibilbidea berriro ere aztertu ondoren, besteak beste, «herrien arteko lotura» lortzeko asmoz. Madrazok erabili egin nahi du EAJ, EA eta EB-Berdeek legealdi honetarako sinatutako Gobernu Itunaren ataletako bat: «Sare berriak eskatzen dituen egokitzapen edo aldaketak egiteko konpromisoa hartzen dugu, proiektuaren funtzionalitatearekin eta ingurumenarekin zerikusi duten kontuak hobetze aldera».Alabaina, Gobernu Itunaren testuak balizko aldaketak egiteko atea zabalik uzten badu ere, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herrilan sailburu berri Nuria Lopez de Gereñuk ukatu du Madrazoren helburuak betetzeko aukerarik badagoela: «Gobernuek hitzartutako ibilbidea izan da, eta hor ez dago zalantzarik. Beste kontu bat da irizpide batzuengatik hobetu badaiteke».Imazek berak ere aferari heldu zion atzo. Gobernukideen arteko «konpromisoak» beteko direla ziurtatu zuen, baina ez zuen zehaztu nola: «Alderdiekin eta, hain justu, EB-Berdeak taldearekin ditugun konpromisoak beteko ditugu, azpiegitura honek, modernoa izan eta bizi kalitatea hobetzeaz gain, ingurumenari kalterik ez egiteko».

- EPEAK: Imazen arabera, PSOErekin hitzartutako zuzenketek bermatuko dute proiektua 2010. urterako amaituko dela, nahiz eta oraindik obrarik egin ez den eta lau urteko epea besterik ez izan. EAJko buruak bazterrean utzi ditu horrela Bartzelonako Goi Bilerak proiektuari ekarritako atzerapenaren itzalak. Izan ere, batzar horretako jarrerak ikusirik, EAk salatu du Gobernu sozialistaren benetako asmoa dela Euskal Y-a 2014. urtean abiatzea.Balizko atzerapena, gainera, ez litzateke Euskal Herriko agintarien gustuko izango. Jean Grenet Baionako auzapezak, adibidez, «interes partikularrak» sumatu ditu Atlantikoko ardatza beste batzuk baino beranduago egin nahi izateko. Euskal Herriko sareak lehentasuna izan beharko lukeela uste du.Nafarroako Gobernuak ere ez zuen begi onez ikusi Bartzelonako batzarraren agiria, baina Miguel Sanz presidenteak ez zuen Ibarretxerekin bat egin nahi izan adierazpena jendaurrean salatzeko orduan. Sanzek, dena den, han esan zuen Nafarroako sareak Euskal Y-arekin lotu beharra duela Ebro ibarreko merkantziak hartzeko. UPNk 40 kilometroko sarea egin nahi du eta Zuastitik (Nafarroa) lotuko litzateke. Sanzek salatu du Espainiako Gobernuak ez duela sosik bideratu 2006ko aurrekontuan Nafarroako obra egiteko, eta, beraz, 180.000 euro eskatu ditu zuzenketa batean lotura prestatzeko. Espainiako eta Nafarroako gobernuen arteko bitariko batzordeak 1989ko urtarrilaren 11ko bileran erabaki zuen AHTren proiektuari heltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.