Bizkaiko esku hartze sozialeko langileek aurreakordioa lortu dute

Lan gatazkak bi urte eta erdi iraun du. LAB, ESK eta CCOO sindikatuek hitzartu dute aurreakordioa.

Bizkaiko esku hartze sozialeko langileen mobilizazio bat, joan den apirilean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bizkaiko esku hartze sozialeko langileen mobilizazio bat, joan den apirilean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko ekainaren 7a
17:00
Entzun

Sindikatuek eta patronalak aurreakordioa lortu dute Bizkaiko esku hartze sozialaren arloan, eta, okerrik ezean, sektoreak lan hitzarmen berria izango du. Horrekin akabera emango diote bi urte eta erdi iraun duen lan gatazkari. Eragileek espero dute akordioa datozen egunetan sinatzea. Patronala osatzen duten enpresa eta elkarteek batzarra egin beharko dute horretarako, eta langileek bozketa egingo dute. Gizarte arloan arriskuan edo baldintza eskasagoetan dauden kolektiboekin lan egiten dute esku hartze sozialeko profesionalek, eta Bizkaian 2.000 baino gehiago dira.

Gizardatz eta Geroan patronalek eta LAB, ESK eta CCOO sindikatuek hitzartu dute aurreakordioa. ELAk ez du bat egin horrekin; patronalek azaldu dutenez, «bazterrean gelditu da, hasiera-hasieratik kontziliazio prozesuan parte hartzeari uko egin baitzion».

Aurreakordioaren arabera, soldatak %24 igoko dira 2022-2025eko epean, eta lanaldia 1.592 ordukoa izango da urtean. Bestelako hobekuntzak ere hitzartu dituzte: lanpostuen arrisku psikosozialen ebaluazioa egingo da, ordezkapenak lehenengo egunetik egingo dituzte administrazioak ezarritako langile ratioak bermatzeko, 60 urtetik gorako langileentzat neurri bereziak hartuko dituzte, borondatezko eszedentzia hartzeko aukera izango dute enpresan 10 urte baino gehiago eman dituzten langileek, berdintasun planak negoziatu beharko dituzte eta abar. Denbora tarte batez lan egin ezinik lotzen diren langileek lehen egunetik aldi baterako ezintasunen %100eko osagarria jasoko dute lehenengo hamabi hilabeteetan, eta %90ekoa hamabost hilabete bete arte.

Gainera, erreformen aurkako klausulak ere ezarri dituzte aurreakordioan, eta, horien arabera, enpresa eta elkarteek ezin izango dute hitzarmena baztertu han agertzen den prozedura bete gabe.

Akordio «historikoa»

LAB eta ESK sindikatuek azaldu dutenez, «historikoa» da lortutako akordioa, eta horrek erakusten du merezi duela «borroka egitea». Prozesu luzea izan da: bi urte eta erdian negoziazio mahaiaren 32 bilkura egin dituzte, langileek zortzi egunetan egin zuten greba, eta batzarrak, mobilizazioak eta protestak ugariak izan dira.

LAB eta ESKren arabera, sektore horretan aritzen diren langileek «zerbitzu publikoa» ematen dute: «Gizarteak ikusezin bihurtzen dituenekin lan egiten dugu, sistema kapitalistak errentagarritzat jo ez eta erabakigune guztietatik kanpo uzten dituen pertsonekin». Horregatik, lan baldintzak hobetzea ez ezik, haien lanaren izaera sozial eta publikoaren aitortza ere izan dute xede prozesu honetan. «Hitzarmen hau sinatzea aurrerapauso historikoa da egiten dugun lan publikoa aitortzeko bidean», azaldu dute.

Edonola ere, «administrazio publikoek eta erakundeek abandonatu» egin dituztela pentsatzen dute LABek eta ESK-k: «Gero eta diru laguntza gutxiago ematen dituzte, neurriz kanpoko eskakizunak eta baldintza onartezinak planteatzen dituzten hitzarmenekin, gehiegizko burokratizazioekin eta gure lana okertzen duten egoera luzeekin». Sindikatuek aitortu dute sektore horretan aritzen diren elkarteek badutela «boluntariotzari eta ongizateari lotutako ibilbide historikoa», baina pentsatzen dute ez direla «gai» izan «sektore honen buru izateko», eta «kontratatzen dituzten administrazio publikoen menpe» daudela.

Patronalak, berriz, pozik agertu dira akordioa dela eta: «Hitzarmena beharrezkoa zen langileen baldintzak eta erosahalmena behingoz hobetzeko».

ELAren kritikak

ELAk, berriz, oso bestelako iritzia du aurreakordioaren inguruan. Haren hitzetan, hitzarmenak 6.000 euro galtzea ekarriko die langileei, eta ez ditu jasotzen sindikatuaren aburuz «ezinbestekoak» ziren beste zenbait eskakizun: «ELAk deitutako hamahiru greba egunen ondoren, beste akordio bat posible izan behar zen. Argi dago borroka eta mobilizazioa dela kolektiboarentzat lan eta bizi baldintza hobeak lortzeko jarraitu beharreko bidea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.