Aurrea hartzeko, entzun

Manosferaren zabalkundea dela medio, mutil anitz diskurtso horietara biltzen ari dira. Haien jarrerak seinalatu ordez, gibelean dagoena ikustearen alde egiten dute adituek; neska gazteendako eta LGTBI komunitatearendako espazio seguruak sortzearen alde.

Neska gazte talde bat, 2019ko greba feministan, Bilbon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Neska gazte talde bat, 2019ko greba feministan, Bilbon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko azaroaren 24a
05:00
Entzun

«Entzunak izatea behar dute». Joseba Gabilondo Hiruki Larroxa elkarteko kidearen ustez, horixe behar dute gazteek, batez ere mutilek. Hain zuzen, manosferaren indartzean gazteak seinalatzen dituzte anitzek, eta mutil gazteek diskurtso horiek erreproduzitzen dituztela erran. Finean, manosfera mugimendu feministaren kontrako edukien multzoa da, Interneten dagoena. Eduki mota hori erreproduzitzearen karga gazte eta nerabe horiengan jartzen da, gizartearen ispilu direla atzenduta. Bide horretatik mintzo da Josebe Iturrioz irakasle eta aktibista transfeminista: «Ez ditzagun gazteak erruduntzat jo: gu zaharkituak gelditzen ari gara, ez dugu alternatibarik ematen, eta beraiek ez dute errurik testuinguru honetan jaiotzeagatik edo hor nerabeak izateagatik».

Are, seinalatze horretatik urrundu eta «egiaren aldeko borrokan» garrantzia jartzearen aldekoa da Iturrioz: «Momentu honetan gure gizarteak ez du egia bereizten, eta hori arazo oso inportante bat da». Azaldu du manosferan «matxismo erreakzionarioa, LGTBIfobia eta naturarekiko gorrotoa» biltzen direla, eta estrategiak sortzen dituztela ideia horiek guztiek «eragin pedagogiko bat» izan dezaten. «Jende hori erreminta batzuetan inbertitzen ari da non egiostea ahalbidetu ahal den, eta hori da jokoa: gezurrak esatea».

«Gizonen kontrako legeak daudela, feminismoak gizonak zanpatu nahi dituela edo medio guztiak feministak direla». Horiek dira, bertzeak bertze, Gabilondok ikasleen ahotatik entzundakoak: ikastetxeetan gaiari buruzko tailerrak ematen ditu, eta horietan anitz ikusi eta ikasi duela onartu du. Erran duenez, gazteak orokorrean «lehen baino berdinzaleagoak» dira, baina, aldi berean, «diskurtso oso matxistak eta arrazistak» entzun ditu, horietako batzuk aski bortitzak; gehienbat mutilen aldetik, baina bada diskurtso horiek erreproduzitzen dituen neskarik ere. 

Iturrioz, berriz, irakaslea da DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta batxilergoan, eta adin bakoitzak bere ezaugarriak dituela ikusi du: «DBHko lehenengo bi urteetan batzuk ez dira oso kontziente, baina harrigarria da nola erabiltzen dituzten arrazakeria, matxismoa edo homofobia nahi gabe. Gero, denborarekin, badago argi posizionatzen denik». 

«DBHko lehenengo bi urteetan batzuk ez dira oso kontziente, baina harriagarria da nola erabiltzen dituzten arrazakeria, matxismoa edo homofobia nahi gabe. Gero, denborarekin, badago argi posizionatzen denik»

JOSEBE ITURRIOZIrakaslea eta aktibista transfeminista

Berriki gertatutako adibide bat jarri du Iturriozek: DBHko azken bi urteetako ikasleek ekintza bat egin zuten indarkeria matxistaren inguruan, indarkeria horri buruzko adibideekin kartelak egin eta institutuan jarriz. Bada, jarduera horren kontra «erreakzio oso biolentoak» egon zirela dio, zenbait mutilek kartelak kendu zituztelako. «Esan genezake matxismo militante bat garatzen ari dela: pentsatzen dute distantzia bat jartzen ari direla eduki hori kontsumitzean, baina ez dira gai hori egiteko», adierazi du.

Bada, diskurtso horiek nola dira gai manosferako mutil gazteak erakartzeko? Argi dio Gabilondok: «Parte emozionaletik jotzen dute, eta agian guk ez. Gu gehiago joaten gara arrazoitik eta balioetatik, eta mutilen kasuan ez diegu hainbeste erreparatu beren emozioei». Uste du «deseroso» sentitu direla, seinalatu dituztelako. Horren aitzinean bi bide daudela dio: «Deserosotasun produktiboa eta eraldaketarako hasiera batetik, eta erreakzioa bestetik». 

Ezinegon hori patriarkatuaren ondorio dela garbi du Gabilondok: patriarkatuak mutilei eta gizonei erraten die gauza jakin batzuk egitean arrakasta izanen dutela, baina hori gezurra da, Gabilondok azaldu duenez. «Gizonok, gure genero sozializazioagatik, emozioen prozesamendua ez dugu ikasi, eta gezur horren aurrean ez dugu tresnarik: biolentzia erabiltzen dugu, edo manosferako diskurtsoei heltzen diegu. Horrela, feministak bihurtzen dira errudun». Hori ikusita, mutil gazte horiek entzutea falta dela azpimarratu du, «laguntza emozionala».

«Gizonok, gure genero sozializazioagatik, ez dugu ikasi emozioen prozesamendua, eta gezur horren aurrean ez dugu tresnarik: biolentzia erabiltzen dugu, edo manosferako diskurtsoei heltzen diegu»

JOSEBA GABILONDOHiruki Larroxako kidea

Zehatzago mintzatu da Iturrioz: «Hori ulertzeko manosferaren genealogia falta zaie: manosferan diharduten influencer-akezagutzen dituzte, baina matxismoaren gaitzak zein diren ez zaie inon agertzen; agertzen zaiena da emakumeek salaketa faltsuak jartzen dituztela, baina ez dakite hori gezurra denik».

Zentralitate falta

Gazte horiek seinalatu ordez, Gabilondok zein Iturriozek azaldu dute gaiaren zentralitate faltak manosferako diskurtsoen zabalkundean eraginik izan duela. Zorrotz mintzatu da Iturrioz: «Niretzat honek matematikek bezainbeste zentralitate izan beharko luke: ingeniari asko nahi ditugu, baina badirudi gero ez zaigula inporta horiek bortxatzaileak izatea. Hezkuntzak birplanteatu beharko luke zein den helburua, eta zer jartzen dugun erdigunean; nik ongizatea jartzen dut. Baina gure legeak egiten dituztenek jartzen dutena da kapitalismoa eta funtzionalak diren enpresariak lortzea».

Ildo horretatik, Gabilondok azaldu du leku gutxitan daudela feminismoari lotutako «proiektu integralak», non tailerrak ematen dituztenek prozesu bat egin dezaketen ikasleekin. Are, leku gehienetan ikasturte osoan saio pare bat soilik izaten dute, azaldu duenez, eta horrek ez du edukia barneratzeko edo ikasleekin konektatzeko aukerarekin ematen. 

Halere, «autokritika» egitea ere beharrezkoa dela deritzo Gabilondok: «Askotan joaten gara hitz potolo askorekin, kontzeptu oso makroekin; baina ikasleei oso urrun gelditzen zaie hori. Estrategia aldatu behar da, eta horretan gabiltza». Izan ere, Hiruki Larroxako kideek tarte batez tailerrak emateari utzi diote, hain zuzen, estrategia birpentsatzeko prozesu horretan murgilduta daudelako. 

«Askotan joaten gara hitz potolo askorekin, kontzeptu oso makroekin; baina ikasleei oso urrun gelditzen zaie hori. Estrategia aldatu behar da»

JOSEBA GABILONDOHiruki Larroxako kidea

Orain arteko hausnarketatik atera dute ondoriorik: «Parte arrazionalean jarraitu behar dugu, eta neskak ahalduntzen ere bai. Baina momentu honetan mutilen bidelagun izan behar dugu arlo emozionala lantzeko». Neskengan jarri du arreta Iturriozek: «Beraientzako espazio seguruak sortu behar ditugu oraindik. Esperientzia oso gogorrak bizi dituzte, bortxatuak eta erasoak izan dira, baina halere askori kostatzen zaie hori matxismoarekin lotzea».

Maskulinitate ez-zisheteronormatiboei ere erreparatu behar zaiela gogoratu du Gabilondok, «mutil izateko beste modu batzuk badaudela» erakusten, hain zuzen. «Erreferente maskulino helduok lan handia dugu, beste eredu batzuk behar direlako. Hor irakasleen autoritatearen eta boterearen lanketa egitea ezinbestekoa da».

«Anaidiekin apurtu»

Maskulinitate hegemonikoen oinarrietako bat «korporatibismoa» da, «anaidiak», Gabilondok erran duenez. Bada, egitura horiekin apurtzea ezinbertzekotzat jo du. Horretarako, «ispilu lanak» egitea baliagarria suertatu daitekeela dio: «Taldean ez dira gai maskulinitate patriarkalari kontra egiteko, baina banan-banan hartzen dituzunean asko aldatzen dira». Aldaketa hori irakasleek ikasleei «ikusarazi» behar dietela uste du: «Gazteek askotan nahi dutena da entzunak, ikusiak eta ulertuak izatea. Eta helduon mundutik ez dugu hori egiten, eta epaian sartzen gara». Ildo horretatik, uste du «heldukerietan» jauzi baino, komeni dela entzutea: «Beren bizitzak ere ez direlako errazenak».

Halere, onartu du adin horietan «taldearen parte izatea» garrantzitsua dela, eta zaila izaten dela logika horietatik ateratzea. «Ehuneko handi bat jolas horretan galduta dago, nahi gabe; ez dira horrelakoak, rol bat egiten dabiltza, eta oso garrantzitsua da horretaz jabetzea».

Iturriozek «egiaren aldeko borrokan» jarri du arreta bigarrenez, Cristina Fallaras kazetari eta idazle feminista gogora ekarrita: «Biltzen dituen testigantza horiek guztiak TikToken jarri ditzala, gazteenek ikusi ditzaten. Testigantzetan oinarrituta egiten duelako dena, eta ez aditukerian». Azpimarratu du gutxi direla Fallarasek bezala «emakumeen ahotsa» errespetatzen dutenak, iristen zaizkion mezuak bere horretan zabaltzen dituelako, eta horrek testigantzari «indarra» ematen diolako. 

«Cristina Fallarasek biltzen dituen testigantza horiek guztiak TikToken jar ditzala, gazteenek ikus ditzaten. Testigantzetan oinarrituta egiten duelako dena, eta ez aditukerian»

JOSEBE ITURRIOZIrakaslea eta aktibista transfeminista

Bada, oro har, bi adituek uste dute belaunaldi gazteenetako neskek edo LGTBI komunitateko kideek lehenago baino informazio gehiago dutela eskura, baina, aldi berean, horien kontrako «erreakzio oso antolatua» dagoela. «Gaia jorratu behar da; gazteei datuak eta informazioa eman behar diegu. Pedagogia asko egin daiteke, hezkuntzan aldaketa benetan iraultzaileak eman daitezke, baina soilik guztiok hala nahi badugu», borobildu du Iturriozek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.