Kanpainaren erdian, gobernuaren egoitza aurrean egin beharreko ekitaldi baten aurretik hartu du BERRIA Jose Miguel Nuin Ezkerrako zerrendaburuak (Iruñea, 1968). Intentsitate eta ardura handiko egunak dira.
Esan duzu Ezkerrak prestasun osoa duela, edukietan oinarritutako gobernu bat nahi duela, aldaketa hutsala eta erretorikoa izan ez dadin. Zer da aldaketa, zure ustez?
Guretzat, aldaketa ez da aurpegi edo sigla batzuk trukatzea. Horrela ez zaio irabaziko eskuinari. Bestela, guk egingo dugu porrot. Aldaketak esan nahi du politikek eta lehentasunek aldatu behar dutela. Pobreziaren eta desberdintasunen aurka borrokatu behar dugu. Elkarbizitzaren aldeko kultura altxatu behar dugu. Hori da aldaketa, agenda politiko argia izatea.
Eta ardatzak zeintzuk dira?
Oso sinplea. Batetik, beste politika ekonomiko bat ezarri behar da, eta austeritatea amaitu. Sektore publikoa itotzen dute, gutxi batzuek aberastasuna pilatu dezaten. Bestetik, nahikoa da zuri-beltzeko Nafarroa batean bizitzea, beti konfrontazioan. Askatasunez eta berdintasunez elkarrekin bizitzen hasi behar dugu.
Defizit helburuak amaitzea esan nahi du?
Bai, 2011n Konstituzioaren 135. artikuluan egindako aldaketa indargabetu behar da, Finantza Egonkortasunaren legea indargabetu behar da, eta beste zerga erreforma bat egin behar da, hemen zergak langileek eta autonomoek bakarrik ordaintzen baitituzte. Enpresa handiek, ondare handiek, bankuek eta kapital errentek oso gutxi ordaintzen dute. Banku publikoen alde ere egin behar da. Politika ekonomikorako instrumentuak berreskuratu behar dira. Demokratizatu behar da ekonomia. Zerbitzu publikoen murrizketetan atzera egin behar da.
Hezkuntzan, itunpeko ikastetxe batzuetan beldur mezuak zabaltzen ari dira. Nola aurre egin?
Kalitatezko hezkuntza izatea oinarrizko eskubidea da, eta hori eskola publikoek soilik bermatzen dute. Ikastetxe pribatuek ez dutela halakorik bermatzen, osasunean bezala. Gobernuaren ardura da sistema publikoaren zutarria defenditzea. Legealdi honetan, hezkuntzaren finantzaketa %15 murriztu da, eta ikastetxe pribatuen laguntzak, %2-3. Gainera, inbertsioa %75-80 murriztu da, eta 700 lanpostu galdu.
Txosten bat kaleratu duzue, eta salatu duzue UPNren garaiko azpiegiturek 1.033 milioi euroko gainkostua eragin diotela alor publikoari.
Bideko Autobideari dagokionez, 2001ean finantzaketa pribatizatzeko lege bat onartu zuten UPNk eta PSNk, itzalpeko bidesari sistema bidez. Txosten ekonomikorik egin gabe, kostuak aintzat hartu gabe, ohiko finantzaketa baino garestiago atera da. IUk kontra bozkatu zuen, eta orain Kontuen Ganberak dio 500 milioi euroren diferentzia dagoela. Arlo pribatua eraginkorragoa dela esaten denean, gezur hutsa da, eta Bideko Autobidea paradigmatikoa da. Zer esango dugu Los Arcosko zirkuituaz, Reyno Arena pabiloiaz, Iberdrolaren akzioez? Eztabaidarik egin gabe, erabakiak hartu dira gardentasunik gabe.
Zer higadura izango du UPNk?
Gure datuen arabera, higadura bat izango du. Denok nabari dugu hegemoniari eusteko UPNk erabili ohi dituen mantra horiek banan-banan erori zaizkiola. ETA jada ez dago, eta hori oso inportantea da. Gainera, Nafarroa zoragarria hondamendi bihurtu da. Geratzen zaion argudio bakarra beldurra da, aldaketa egongaitza eta kaotikoa izango dela. Horri egin behar zaio aurre. Aldaketari ez zaio beldurrik izan behar. Egungo politikekin jarraitzea da hondamendia.
Podemos Ahal Dugu indarrez sar daiteke. Ez al dute haiek sortu zuek sortu ez duzuen ilusioa eta ikusmina?
Gu oso fidelak gara diskurtso koherente batekin, eta ez dugu hor inongo kontzesiorik egiten. Entzuteko atseginak izan daitezkeen baina atzean mamirik ez duten proposamenik ez dugu egiten. Aldaketa erreala izateko, edukiekin joan behar da. Hori da ezkerrean egotea. Beste batzuk ez dute ezkerrean jarri nahi, eta konfrontazioan sartu. Guk ez dugu halakorik egingo ez gauzak ondo doazenean, ez gaizki doazenean.
EH Bilduk dio alternatibako indarren artean lehenengoari emango diola babesa.
Guretzat inportanteena da gobernua osatzeko gehiengo nahikoa badago agenda programatiko argi bat osatzea. Nabaritu dadila jendearen egunerokoan.
Azaroan EH Bilduk CCOO eta UGTri egindako kritikak direla eta, ohartarazi zenuen jarrera horrek aldaketa mehatxatzen dutela. Zergatik?
Kritikatu daitezke CCOO eta UGT, ELA eta LAB kritikatu daitezkeen bezala. Aldaketa zailtzen du erakunde sindikalak dinamika muturreko batean sartzeak eta horrek diskurtso politikora jauzi egiteak. Guk gizarte elkarrizketaren kontseiluaren aurka bozkatu genuen, legez ezin delako mugatu kontseiluko parte hartze sindikala CCOO eta UGT izatea. Baina astakeria da esatea CCOOk UPNren erregimenaren eta patronalaren politikak babesten dituela diru laguntzen truke.
Baina CCOO-UGTk UPNren gobernuen alde apustu egin dute iraganean. Aldaketarentzat zama bat al dira?
Ez dute zertan. Aldaketaren parte dira. Berresten dut. CCOO eta UGTk gehiengoa dute Nafarroan. Nafarroako CCOO eta UGT beste toki batzuekin alderatuta diferenteak dira? Ez dago Nafarroan adinako konfrontaziorik beste tokietan. Guk diogu azalpena ez dela soilik sindikatuen arteko lehia; atzean gauza gehiago daude, eta hori txarra da aldaketarentzat.
Udal eta foru hauteskundeak Nafarroan. Jose Miguel Nuin. Ezkerrako hautagaia
«Aurpegiak trukatuz gero soilik, porrot egingo dugu»
Ezkerrako presidentegaiak argi dio agenda programatiko argi eta zehatz batean oinarritu behar dela aldaketa. Politika ekonomikoa aldatzea eta Nafarroan nortasunen arteko konfrontazioa gainditzea ditu helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu