Ziklo politiko berri bat abian da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoak politikagintzan, bai behintzat eragile nagusiei dagokienez. Bozen ondotik, Eusko Jaurlaritza berria osatuko baita hurrengo asteetan, eta beste lehendakari bat izendatuko. Baina Eusko Jaurlaritzan eta lehendakaritzan ez ezik, Eusko Legebiltzarrean ere islatuko da itxuraldaketa hori, argazki berri bat izango baitu datorren legealdian.
Berritasun nagusiak bi dira: Imanol Pradales eta Pello Otxandiano. Lehena, EAJren Bizkaiko zerrendaburu gisa hautatu dute, eta hura da Eusko Jaurlaritzako lehendakari izateko hautagai nagusia, hain zuzen ere. Hiru legealdiz agintean egon den Iñigo Urkulluren lekukoa hartuko du Pradalesek. Otxandiano, berriz, EH Bilduko Arabako zerrendaburu gisa hautatu dute, eta, beraz, hark gidatuko du oposizioko alderdi nagusia aldaketarik ezean, bederen. Lehenik Maddalen Iriarteren eta ondoren Nerea Kortajarenaren esku egon zen ardura hori aurreko legealdian.
Bi horiez gain, dena den, aurpegi berri ugari izango dira legebiltzarrean datorren legealdian. Ez alferrik, aurreko legealdiarekin alderatuta, ia erdiak (%48) estreinakoz arituko dira: 36 legebiltzarkide hasiberriak izango baitira, eta 39k errepikatu egingo dute. Horien artean daude ibilbide politiko esanguratsua dutenak, eta baita hasiberriak direnak ere.
EAJri dagokionez, esaterako, 27 legebiltzarkidetik 11 izango dira berriak. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohia eta Lorea Bilbao Bizkaiko euskara eta kultura diputatu izandakoa dira horietako bi. Aritz Abaroa eta Ander Añibarro, Bermeoko eta Laudioko alkate ohiak ere lehen aldiz arituko dira legebiltzarrean. Baita Xabier Barandiaran ere; soziologoa, Deustuko irakaslea eta EAJko Berrikuntza Politikoko arduraduna da. Nerea Malgosa ere lehen aldiz hautatu dute legebiltzarkide, aurreko legealdian Iñigo Urkulluren gobernuko kide izan bazen ere, Beatriz Artolazabalen lekua hartuta Berdintasuna, Justizia eta Gizarte politiketako sailburu izanda.
EH Bilduren kasuan, 27 legebiltzarkidetik hamalau estreinakoz arituko dira. Horien artean daude, esaterako, Ima Garrastatxu, Durangoko alkate izandakoa, eta Itziar Murua, Zarauzko Udaleko zinegotzia. Baita Naiara Fernandez, Lamia Arcas, Amancay Villalba eta Ayem Oskoz ere, Bermeoko, Laudioko, Gasteizko eta Donostiako zinegotzi ohiak. Legebiltzarkide gisa hautatua izan da, halaber, EH Bilduko nazioarteko harremanen eta politiken arduradun Igor Zulaika.
PSE-EEn bi dira berritasun nagusiak: Denis Itxaso eta Javier Hurtado. EAEn Espainiako Gobernuko ordezkaria izan da Itxaso azken lau urteetan, eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua, berriz, Hurtado; biek aurrenekoz jardungo dute legebiltzarreko lanetan. Jaurlaritzan Hurtadoren kabinete buru izan zen Aroa Jilete ere estreinakoz izango da legebiltzarkide.
PPren kasuan, bestalde, Ainhoa Domaica da berritasunetako bat. Gasteizko alkategaia izan zen iazko udal eta foru hauteskundeetan, eta zinegotzia da orain. Udala utzi eta legebiltzarrean jardungo du datorren legealdian, okerrik ezean.
Izan ere, legebiltzar berriaren osaketa behin-behinekoa da; aldaketak egon daitezke oraindik, nahiz eta bozetan hautatuak horiek izan. Legebiltzarkideek karguari uko egiteko aukera dute oraindik; inork hala egitea erabakiko balu, bozen zerrendako hurrengoa aukeratuko litzateke.
Urte bat zaharragoak
Legebiltzarraren argazki osoari begiratuz gero, ordea, badaude nabarmentzeko beste datu batzuk. Hauteskunde kanpainan alderdiek sarri aipatu dute belaunaldi berriei bide emateko konpromisoa, eta lehendakarigaien kasuan, hein handi batean, hala izan da. Legebiltzarkideen kasuan, ordea, berritze hori ez da horren agerikoa. Izan ere, legebiltzarkideen batez besteko adina 47,1 urtekoa da. Aurreko legealdian, berriz, 46,4 urtekoa izan zen. Beraz, legealdi honetan arituko diren legebiltzarkideak, batez beste, ia urtebete zaharragoak izango dira. Guztietan zaharrena Miren Gallastegi sozialista da: 63 urte ditu; gazteenak, aldiz, EH Bilduko Edurne Benito del Valle eta Eraitz Saez de Egilaz: 27 urte dituzte biek.
Hirugarren legealdiz jarraian, emakumeak gizonak baino gehiago izango dira legebiltzarrean: 39 andre eta 36 gizon egongo dira. EH Bildu da emakumezko legebiltzarkide gehien izango duen alderdia: hamabost guztira. Aitzitik, EAJk izango du gizon gehien taldean: hamabost. Alderdi Popularreko zazpi legebiltzarkidetik bost emakumeak dira eta bi gizonak. Sozialisten ordezkaritza parekidea izango da: sei emakume eta sei gizon.
Bestalde, inkestek aurreratu zutena bete da: abertzaleak inoiz baino gehiago izango dira legebiltzarrean. EAJko eta EH Bilduko legebiltzarkideak batuta, 75 legebiltzarretik 54 dira abertzaleak (%72). Hizkuntza profilari dagokionez, denak edo ia denak euskaldunak dira alderdi abertzaleen kasuan; alta, euskal hiztunik apenas dagoen gainerakoetan.
kopuruak
36Estreinakoz ariko direnak Legebiltzarkideen ia erdiak (36) estreinakoz ariko dira; errepikatuko egingo dute edo aurrez ibilitakoak dira gainontzekoak (39).
47,1Batez besteko adina Legebiltzarkideen batez besteko adina 47,1 urtekoa da. Aurreko legealdiarekin alderatuta, ia urtebete zaharragoak dira, 46,4 urtekoa baitzen batez bestekoa 2020-2024ko legealdian.
39Emakumezko legebiltzarkideak gehiago izango dira gizonezkoak baino: 39 andre eta 36 gizon izango dira. Hirugarren aldiz dira emakumezkoak gehiago.