Osasun eskubidea arrisku larrian dagoela ohartarazi dute maiz Osasungintza Publikoaren Aldeko Herri Plataformako kideek, eta ez dute inolako asmorik halakorik onartzeko. Larunbat honetan Bilboko, Donostiako eta Gasteizko kaleak hartuko dituzte, osasun publikoaren aldeko konponbideak exijitzeko. Mireia Saiz (Barakaldo, Bizkaia, 1983) plataformako bozeramailearen arabera, ez dute itxaropenik osasun itunean. Hori dela eta, manifestazioetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei, «presio soziala» eta «exijentziak» agerian gera daitezen.
Osasun publikoaren aldeko konponbide errealak eskatzeko, manifestazioak egingo dituzue larunbatean.
Azken hilabeteotan abian jarri dute osasun ituna, baina, gure ustez, marketin instituzionaleko estrategia bat besterik ez da, herritarren ondoezari erantzun irreal bat emateko. Ez dute konponbiderik eskaintzen Osakidetzaren egoera konpontzeko, eta ez dute inolako borondaterik erakutsi egoera aldatzeko. Azkenaldian, gainera, arazoak areagotu egin dira. Horregatik eskatuko ditugu konponbide errealak eta egiturazkoak.
Behin eta berriro salatu duzue osasun publikoaren «hondamena». Zertan da egoera gaur egun?
Gabonetan, esaterako, murrizketak egin dituzte 110 osasun zentrotan, eta etengabeko arretako gune batzuk itxi. Gero eta zailagoa da osasun zentroetan arreta presentziala lortzea. Itxaron zerrendak gero eta handiagoak dira, nahiz eta marketin kanpainan eta elkarrizketa guztietan kontrakoa esan. Langileek ere lan karga handia dute. Medikuek aparteko ordu ugari egiten dituzte, eta horrek ez du arazoa konpontzen. Are, arretaren kalitatea okertzen du: mediku batek 24 orduko lanaldiak egiten baditu, ez du arretarik onena emango.
«Zerbitzu batekin negozioa egiten denean, lehentasuna negozioa bera izaten da, eta ez osasuna, ez pertsonen eskubideak»
Zergatik da egoera bereziki larria lehen arretan?
Lehen arreta da osasun arreta lortzeko lehenengo atea; ikerketa askok erakusten dute lehen arreta indartsua izateak gizarte osoaren osasuna hobetzen duela. Lehen arreta indartsua izateak esan nahi du arreta integrala eskaintzea, jarraipena egitea eta hurbiltasuna bermatzea. Genero ikuspegia ere landu behar da. Horretarako baliabideak behar dira, eta gaur egun ez daude.
Zer aldaketa behar da orain ezinbestean?
Lehenik eta behin, baliabideak lehen arretara bideratu behar dira. Osasungintzarako jartzen den horren %25ek gutxienez lehen arretarako izan behar du. Langileen eta lantaldearen baldintzak hobetu behar dituzte; Osakidetzako langileak ezin dira prekarizatu.
Pribatizazioa etetea ere ezinbestekotzat jo duzue.
Hori da gure oinarrizko helburuetako bat. Hondamen prozesu honetan, gero eta zerbitzu gehiago pribatizatzen eta azpikontratatzen ari dira. Zerbitzu horiei kalte egiten die horrek. Azken finean, zerbitzu batekin negozioa egiten denean, lehentasuna negozioa bera izaten da, eta ez osasuna, ez pertsonen eskubideak.
Iaz ere egin zenuten manifestazioa. Eskaera batzuk antzekoak dira aurten. Ez al da ezer aldatu?
Ez. Gotzone Sagarduik [Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiak] esan zuen aldaketa kultural baten atarian geundela, eta herritarrok osasungintzarekin dugun harremana aldatu egingo zela: telefono bidezko arreta izango zela, gero eta gehiago mugitu beharko genuela arreta hori lortzeko, osasun zentro batzuetan arta erizainen gain egongo zela guztiz… Neurri batzuk iragarri zituen, eta horiek gauzatuz joan dira poliki-poliki. Orain iragarri dute bideo bidezko kontsultak ezarriko dituztela. Hori ere salatu nahi dugu, arretak hurbilekoa izan behar baitu.
Hain justu, gobernu berriak zazpi hilabete bete ditu orain gutxi.
Aurpegi batzuk aldatu arren, politika bera da, eta pribatizazioak eta osasun publikoaren hondamenak aurrera jarraitzen dute. Adibidez, osasungintzaren aurrekontua ez dute handitu, ezta langileen gainkargaren arazoa konpondu ere. Deribazioak egiten dituzte oraindik ere. Osasun publikoaren kontrako jarrera erakusten du horrek, eta osasunarekin negozioa egin nahi izatea. Hori dela eta, urtez urte, manifestazioak egin behar ditugu.
«[Osasun itunean] arlo publikoa defendatzen dugun eragileak kanpoan utzi izanak eta interes pribatuak dituzten eragile batzuk barruan egoteak argi erakusten du zer-nolako borondatea duten egoera konpontzeko»
Jaurlaritzaz ari garela, ate birakariak aipatu nahiko nituzke. Azken asteotan ikusi dugu Mikel Sanchez [Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendari izan zena] eta Sagardui eremu pribatura joan direla lanera, Jaurlaritzaren baimenarekin. Horrekin ikusten dugu zer-nolako jendea dagoen hau dena kudeatzen, eta zer-nolako politika ari diren aurrera eramaten. Politika horrek ez du, hain justu, osasun publikoa defendatzeko asmorik.
Atxikimendu ugari jaso dituzue. Osasun sistema publikoaren inguruko kezka orokorra al da gizartean?
Arlo askotako atxikimenduak jaso ditugu, eta hori adierazgarria da. Sindikatuak, kolektibo feministak, herri kolektiboak, alderdi politikoak… Jendea kezkatuta dago. Gizarteak badaki osasungintza publikoa oso arlo garrantzitsua dela, guztion ondarearen parte dela, eta babestu egin behar dela. Are, ohartzen ari dira negozioa egin nahi dutela horrekin.
Osasun ituna lortzeko bileretan ari dira orain. Zer deritzozue orain arte adostutakoari?
Oso kritikoak gara: osasun itunak ez ditu kontuan hartzen Osakidetzaren eta osasungintza publikoaren egiturazko arazoak. Eta egin duten diagnostikoa ez da erreala. Marketin prozesu baten parte izanik, itun horrekin ez ditugu behar ditugun konponbideak lortuko. Confebask, adibidez, itunaren parte da. Herri plataformak, berriz, kanpoan utzi gaituzte. Hori oso adierazgarria da. Arlo publikoa defendatzen dugun eragileak kanpoan uztea eta interes pribatuak dituzten eragile batzuk barruan egoteak argi erakusten du zer-nolako borondatea duten egoera konpontzeko. Ez dugu osasun itunak ezer konponduko duen itxaropenik.
Herritarren parte hartzea bermatuta dago itun horretan?
Ez. Guk hasiera-hasieratik exijitu dugu gardentasuna zaintzea eta herritarrek parte hartzea, baina ez dute bermatu halakorik. Izan ere, Osakidetzaren ezaugarri nabarienetako bat da gardena ez izatea eta datuak ez ematea. Herri plataformetako kideok behin eta berriro eskatu ditugu datuak, eta ez ditugu lortu. [Alberto Martinez Osasun] sailburuarekin bilerak egiteko eskatu dugu, baina ez dugu erantzunik jaso. Osasun itunean parte hartzera ere ez gaituzte gonbidatu, nahiz eta guk hasieran hala eskatu. Hori dela eta, uste dugu presio soziala eta herritarren salaketak eta exijentziak ezinbestekoak direla. Hori kalean egin behar dugu; horregatik deitu dugu manifestazioetara.