Aurore Martin kartzelatik atera da, bermerako dirua herritarrek emanik

450 bat herritarrek egin diru ekarpenei esker bildu dituzte bi orduz bermea ordaintzeko beharrezko ziren 15.000 euroakEskertze mezua helarazi die zuberotarrak bere alde mobilizatu diren guztiei

Espainiako Justiziak Aurore Martini ezarritako bermea ordaintzeko diru bilketa egin zuten atzo Baionako ostatu batean. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Atzo arratsaldean atera zen Aurore Martin Soto del Real kartzelatik, 15.000 euroko bermea ordaindurik. Batasuneko kidea baldintzapean aske uztea erabaki zuen herenegun Espainiako Auzitegi Nazionalak, haren abokatuaren helegitea aintzat hartu eta espetxeratze autoaren oinarrian dagoen ideia nagusia atzera botarik. Alegia, Martinek ihes egiteko arriskurik ez dela erranik, hura preso mantentzeko arrazoirik ez dela ondorioztatu zuen. Oso pozik hartu zuten berria senide eta lagunek. Gauean, Ipar Euskal Herrira iritsi, eta hurbilekoekin pasa zuen gaua. Batasunak jakinarazi duenez, Gabonak pasa bitartean ez da ekitaldi publikorik eginen. Bere alde mobilizatu diren guztiei eskertze mezua bidali zuen Jone Goirizelaia abokatuaren bitartez, Naiz-ek jakinarazi zuenez.

Herenegun jakin zen erabakia, baina, bermea ordaintzeko nahiko denbora ez zutenez ukan, atzo utzi zuten libre. Kartzelatik ateratzeko diru zama bildu zuten atzo goizean, herritarrek egindako ekarpenei esker. Guztira, 450 lagunek baino gehiagok zuten diru emaitza egin. «Denen mobilizazioari esker Auroreren askapena marrazten ari zaigu. Gizartearen mobilizazioari esker lortuko dugu bermea ordaintzea eta Aurore bere senideekin ondoan izatea», erran zuen herenegun Batasunak. Eta horrela gertatu zen.

450 herritarren laguntza

Bi orenez bildu zituzten atzo beharrezko zituzten 15.000 euroak. 09:00etatik aitzina emana zuten ordua Baionako Pyrenees ostatuan eta Donibane Garaziko Kalakan, eta ordutik jendea etengabean etorri zen dirua ematera. Bost eurotarik ehun euro arte, jendeak ahal zuen neurrian erakutsi zion Martini elkartasuna. «Ez dut ezagutzen, baina ezin onartuzkoa da gertatu zaiona, eta erabat naturalki etorri naiz emaitza bat egitera», zioen, adibidez, Pyreneesera joaniko miarriztar batek. Ondoan zuen gizonak ere 50 euro eman zituen: «Oso pozik naiz Aurorerentzat, baina euroagindu baten harira preso diren beste guztiak ditut gogoan; ideia politikoengatik dira horiek ere presondegian».

Martin ezagutu edo ez ezagutu, guztira 450 herritarrek zioten dirua emanez sostengua erakutsi. Gatazka politikoak eta bake gogoak herritar guztiak hunkitzen dituela islatu zuen elkartasun uholde horrek, Laurence Hardouin Bake Bidea mugimenduko kidearen arabera. «Euskal Herriak bere osotasunean du elkartasuna adierazi; keinu hori kontuan hartu beharko du Frantziako Gobernuak», gaineratu zuen.

Poza sendi zen diru bilketarako bi ostatuetan. «Kafea eskaintzen dizut, lasai; gaur egun polita da, biziki kontent naiz», zioen irritsu Pyreneeseko jabeak. Jendea zetorren, dirua eskuan eta jende ilaran jarri, sosa eman eta berehala joaten zen inor ez bazuen ezagutzen, edo pozik bertan geratzen zen, Martinen askatzea zutela gehienek solasgai.

Dirua emateko epea 09:00etarik 11:00etara baldin bazen ere, Martinen kaleratzearen berri izan bezain laster hasi zen jendea dirua ematen. Hain zuzen, herenegun gauean jada hasi ziren batzuk Pyreneesera etortzen, diruarekin eskutan.

Alderdi ezberdinetako hautetsiak ere egon ziren dirua ematen. Besteak beste, Jean-Rene Etxegarai Baionako hautetsi zentrista eta Sylviane Alaux diputatu sozialista ziren sostengatzaileen artean. UMPtik Batasunera, FN salbu, Ipar Euskal Herriko alderdi politiko guztien ordezkariak poztu ziren zuberotarraren askatzea jakitean. «Berri on» hori herri mobilizazioari esker lortu dela nabarmendu zuten guztiek. «Desberdintasun guztien gainetik, Euskal Herria batu da Martinen askapenaren aldeko borrokan; horretan segitu behar dugu», azaldu zuen adibidez Max Brisson UMPko kontseilari nagusiak. Martinen Espainiaratze eta espetxeratzearen aurka mobilizatu ziren guztiak eskertu zituen Batasunak, agiri bidez: «Argi da indar erakustaldiak duela Aurore askatu».

Ohiko bizilekura itzulia

Aske geratzeko baldintzen artean, Espainiako Estatuko mugen barnean helbide bat zehaztu behar du epaitegiaren jakinarazpenak jasotzeko —jada egina du tramite hori—, eta hilabete bakoitzeko lehen bost egunetan ezarritako helbidetik gertuen duen epaitegian bere burua aurkeztu behar du. Hala ere, bere ohiko bizilekura itzultzeko eskubidea badu, Frantziako herritartasuna duelako, Goirizelaiak BERRIAri azaldu dionez.

Kalean izanik ere, inputatuta jarraituko du, Batasuna alderdian jarduteagatik «talde terroristako kide» izatea egotzita. Azaroaren 1ean atxilotu zuen Frantziako Poliziak Mauletik hurbil jarritako errepide kontrol batean, eta berehala Espainiaratu eta espetxeratu zuten. Espainiako Auzitegi Nazionalak egindako eta Paueko auzitegiak 2010ean onartutako euroagindu eskaera batengatik atxilotu zuten zuberotarra. Pablo Ruz epaileak ihes egiteko arriskua argudiatu zuen hura espetxeratzeko erabakian.

Martini erakutsi elkartasunazabalduz joan zen bi urte horietan. Bake Bidea mugimenduak azaroaren 3an antolatu prentsaurrekoan islatu zen sostengu aniztuna. Martinen etxeratzea eta Frantziako eta Espainiako gobernuei bake prozesuari lotzea exijitu zuten bertan 70 bat eragilek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.