Topatu dute joan den asteartean Soriako La Cuerda del Pozo urtegian (Espainia) desagertu zen Tuterako gaztearen gorpua. Hasieratik uste izan den moduan, itota hil zen; uretan murgildu zen, eta atera ez. Hilotza ur gainean agertu da gaur, eta bila zebiltzan poliziek gerturatutakoan baieztatu dute gorpu bat zela. Itxura guztien arabera, 25 urteko mutilarena da.
Suhiltzaileek asteartean bertan hasi zituzten bilaketa lanak. Urtegiko ur arreak eta eguraldi txarrak, ordea, zaildu egin dute haien jarduna, eta bost egun behar izan dituzte azkenean.
Gaztea Playa Pita izeneko gunean zebilen bikotekidearekin, pedalontzi batean; hango moilatik 500 bat metrora sartu zen uretara, eta, ikusita ez zela azalera irteten, bikotekideak abisua eman zien larrialdi zerbitzuei. Biek Tarazonan (Espainia) egiten dute lan, eta han jai zela baliatuta zebiltzan Sorian egun-pasa.
«Mutilak bazekien igerian, baina ez oso ondo. Neskak, berriz, ez daki igeri egiten, eta ezin izan zion lagundu», azaldu zuen Miguel Latorrek, Espainiako Gobernuak Sorian duen ordezkariordeak.
Ega ibaian
Nafarroan, gaur bertan, desagertuta zegoen beste gizonezko baten gorpua ere topatu dute larrialdi zerbitzuek. Atzo iluntzean hasi ziren Lizarrako (Nafarroa) 84 urteko gizonaren bila, haren familiak astelehenetik desagertuta zegoela salatu ostean.
Gaurko 11:30 aldera aurkitu dute, Ega ibaian, Zubielki (Nafarroa) parean. Gorpua Iruñera eraman dute autopsia egiteko.