Politikan sartu zen ate beretik irtengo zela. «Ez atzeko atetik eta ez ate birakarietatik». Unibertsitatera itzuliko zela. Abuztuaren 28an esan zuen zituen hitzok Yolanda Barcinak, UPNko presidente karguan dimisioa eman ondoren. Ate birakariak aipatu zituen Nafarroako Gobernuaren lehendakari eta Iruñeko alkate izandakoak. Esamolde hori erabiltzen da alor publikotik enpresa handietako administrazio kontseiluetara pasatzen diren politikariek egiten duten bidea irudikatzeko. Eta Barcinak, ez zuela egingo esan bazuen ere, hilabete eskaseko epean ezustean harrapatu ditu denak, bere alderdiko kideak barne. Eta hori, nahiz halako karguak egun batetik bestera ez diren eskaintzen eta onartzen. Gidoia aurrez idatzita edukiko balu bezala jokatu du Barcinak, inor gutxik espero ez zuen biratze eta guzti.
Herenegun filtratu zuen informazioa Espainiako egunkari digital batek, eta, azken orduko aldaketarik ezean, fisikoki edota sinbolikoki zeharkatu bide zituen Barcinak DTS Distribuidora de Television Digital enpresako ateak atzo, administrazio kontseiluak kide berriak izendatzeko iragarria zuen bileraren ostean. Telefonica telekomunikazio alorreko multinazionalaren filiala da DTS; haren esku geratu berri da Digital+ markaren izenean orain arte kudeatu diren ikus-entzunezko edukiak. Konpainia horrek Prisa komunikazio taldeari —besteak beste, El País egunkariaren jabe dena— erosi zizkion akzioen %56, 706,81 milioi euroren truke. Eta zati horrekin osorik eskuratu du plataforma digital hori.
Bateragarria, ustez
Zabaldutako informazioen arabera, DTSren aholkulariek urtean 120.000 euroko soldata eskuratu zuten iaz. Kopuru hori bateragarria litzateke Barcinak Nafarroako Unibertsitate Publikoan Nutrizio eta Bromatologia katedradun izategatik jasotzen duenarekin, lanaldi murriztuarekin ari baita, eta, ustez, baita azken urteetan bete duen Nafarroako Gobernuko lehendakari karguarekin ere. 2007az geroztik, Nafarroan badago lege bat administrazioko goi kargudunek —lehendakaria barne— kargua utzi ondoren egiten dituzten jarduera pribatuei mugak edo kontrolak ezartzeko. Horren arabera, kargua utzi eta hurrengo bi urteetan, goi kargudunek ez dute jarduera pribatuetan aritzerik izango baldin eta jarduera horiek zerikusia badute kargua betetzen ari zirela haiek ebatzitako espedienteekin; era berean, ezin izango dute laguntza teknikoko kontraturik izenpetu administrazio publikoekin, ez eta zerbitzukorik edo antzekorik ere.
Bere ibilbide profesionalean,Barcinak ez du loturarik izan ikus-entzunezkoekin, gainontzeko kontseilariek ez bezala. Horrek ekarri du hainbat komunikabidek haren izendapena lotzea Telefonicako kontseilari izandako Manuel Pizarro PPko kide ohiarekin duen harreman pertsonalarekin eta, Nafarroako lehendakari zela, Isidro Faine enpresa horretako presidenteordearekin ustez izandako harremanekin. Faine Caixabankeko presidentea ere bada, eta banku horrek 2012an erosi zuen Banca Civica, CAN Nafarroako Kutxa barne zela.
Ana Ollo Nafarroako Gobernuko eledunak ez du zehaztapenik eman horren inguruan, baina«kezkatuta» azaldu da erantzukizun politikoak izan dituzten pertsonak enpresa handietara doazelako. Era berean, gogoratu du Europako Kontseiluak txosten bat egin zuela iaz, Espainiari ohartaraziz horrelako praktikek ez dutela «klase politikoarekiko konfiantza sustatzen». Enrique Maia Iruñeko alkate ohi eta UPNren udal taldeko buruak, berriz, aitortu du berak ez zuela Barcinaren «asmoen» berri eta ez dakiela ardura berria bateragarria den edo ez. «Badirudi badela».
Yolanda Barcina
Aurkitu du irteera
Nafarroako Gobernuko lehendakari ohia Espainiako ikus-entzunezkoen enpresa handienetako baten kontseilari izendatu izanak mahai gainean jarri du berriz ere 'ate birakarien' auzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu