Aurki «beste era batean» bizi ahal izango dela iragarri du Sagarduik

Intzidentziak 62 egunean segidan beherako joera izan duela nabarmendu du Osasun sailburuak, eta «adi» jarraitu behar bada ere baikor izateko motiboak badirela

arantxa iraola
2021eko irailaren 27a
11:28
Entzun

Elkarrizketa egin diote gaur goizean Euskadi Irratian Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduiri, eta COVID-19ak eragindako osasun krisiaren eboluzioari begira, iragarpen baikorra egin du: laster «beste era batean» bizi ahal izango dela esan du. Aurki egoera «ondo» egongo dela aurreratu du, eta beste arintze bat egin ahal izango dela izurria kontrolpean izateko neurrietan.

Nolanahi ere, zuhurtasun mezu bat ere erantsi nahi izan du: «Ikusi dugu 62 egunean intzidentziak behera egin ostean, atzo igo egin zela pixka bat; horregatik, adi jarraitu behar da».

Prebentzio irizpideak arintzera eginda ere, zenbait neurri betetzen jarraitu beharko dela iragarri du, eta esan du horietako bat izango dela maskararen erabilera: «Batez ere, toki itxietan». Eta eskoletan maskara erabiltzen jarraitzea ere aski garrantzitsua izango dela nabarmendu du: umeentzat txertorik ez dagoenez, eremu horietan neurriekin zorrotz jarraitu behar dela azaldu du.

Aste honetan txertoa jartzeko toki handiak itxi egingo ditu Osakidetzak. Osasun sailburuak adierazi du «nabarmentzekoa» izan dela toki horiek txertaketa kanpaina aurrera eramateko bete duten funtzioa.

Lehengo astean Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibitek ere baikor hitz egin zuen izurriaren eboluzioaz; ez zuen «epidemiaren bukaeraz» hitz egin nahi izan, baina nabarmendu zuen «helmuga oso gertu» dagoela.

Kontzertuak eta dantzalekuak

Eusko Jaurlaritzak emaniko azken arauen arabera, dantzalekuetan dantza egin daiteke gaur, baina kontzertuetan ez, eta azken horietan entzuleek ez dute zutik egoterik. Horren zergatiaren inguruan galdetu diote sailburuari.

Erantzun duenez, bi kasuak ezberdinak dira: «Dantzara zoazenean, bazoaz inguru batean, eta distantzia mantenduz, edo zure hurkoarekin. Kontzertuetan pilatu egiten gara. Musikaren arabera, gure mugimenduak ezberdinak dira, eta bateratzera joaten gara, salto egitera, gure gorputzak beste modu batean erantzuten du, eta arriskua handitzen dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.