Koronabirusa

Aurkeztu dute osasun ziurtagiria hedatzeko Parisek egindako legea

Estatu Kontseiluak onespena emanik, bihar eta etzi eztabaidatuko dute Asanblean eta Senatuan. Bihartik indarrean jartzea da asmoa. Protestak ozendu egin dira Iparraldean

Osasun ziurtagiriaren aurka protesta egiteko mobilizazioa, Baionan. GUILLAUME CAZENAVE-LACROUTS.
Ekhi Erremundegi Beloki - Joxerra Senar - Maddi Ane Txoperena Iribarren
2021eko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Asteazkenetik aitzina, osasun ziurtagiria ezinbestekoa izanen da Ipar Euskal Herrian, 50 pertsona baino gehiago biltzen dituzten kultur eta aisialdi jardueretan parte hartzeko. Lehengo aste hasieran iragarri zuen neurria Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, eta atzo aurkeztu zuten lege proposamena Frantziako Ministroen Kontseiluan. Estatu Kontseiluak, halaber, oniritzia eman zion atzo lege proposamenari, nahiz eta desadostasun batzuk erakutsi zituen: gehiegizkoa iruditu zaio, adibidez, osasun ziurtagiria 20.000 metro karratu baino gehiagoko supermerkatu eta denda handietan erakutsi behar izatea. Bezeroek osasun ziurtagiririk duten ala ez kontrolatzen ez duten jatetxe eta ostatuei jar dakiekeen 45.000 euroko isuna ere handiegia iruditu zaie Estatu Kontseiluko magistratuei, eta gomendatu dute koronabirus proban positibo emateagatik hamar egunez konfinatuta egon behar duen jendearen etxeetako kontrolak ez daitezela egin 21:00etatik aitzina.

Aste barruan, ohiko prozedurari segitu beharko lioke legeak, azken bozera arte: Frantziako Asanbleako lege batzordera iritsiko da gaur, hemizikloan eztabaidatuko dute bihar, Frantziako Senatuan ostegunean, eta ostiralean izan behar luke azkenengo botoa. Atzo Gabriel Attal Frantziako Gobernuko bozeramaileak adierazi zuen «plantan ezartze garai» bat jarriko dutela legea betearazteko, «hasiera batean». Isunak ere «progresiboak» izanen direla jakinarazi zuen. Ez zituen, halere, Estatu Kontseiluak emandako gomendioak bere egin.

Bihar Frantziako Osasun eta Defentsa kontseilua biltzekoa da, eta haren ondotik elkarrizketa eginen diote Jean Castex lehen ministroari TF1 telebista katean, osasun ziurtagiriari buruzko xehetasunak emateko.

Protesta andana eragin dute Macronek joan den astean egindako adierazpenek, kultur eta aisialdi jarduerez gain, agorriletik aitzina ostatuetan, jatetxeetan eta distantzia luzeko garraiobideetan ere osasun ziurtagiria derrigorrezkoa izanen dela iragarri baitu. Halaber, osasun langileak derrigor txertatu beharko direla baieztatu zuen joan den astean.

Neurri horien kontrako mobilizazioak antolatu dituzte azken egunetan, askotariko aldarrikapenekin: batzuek askatasunen murrizketa eta kontrol soziala salatu dituzte; beste batzuek, berriz,txertoen balioa eta pandemiaren egiazkotasuna bera zalantzan jarri dituzte. Larunbatean, ehunka pertsona elkartu ziren Baionan mezu horien guzien inguruan. Bihar arratsean ere elkarretaratzea eginen dute herriko etxeko plazan.

Labiren bilera teknikoa

Oro har, izurriaren gaineko datuek nabarmen okertzera egin dute asteotan, eta hura hesitzeko neurri murriztaileagoak hartu behar ote diren, airean dago galdera, Euskal Herri osoan. Lehengo astearen amaieran Nafarroako Gobernuak erabaki zuen intzidentzia handieneko tokietan etxeratze agindua ezartzea; justiziaren babesa lortzen badute, aste honetan bertan ezarri nahi dute. Eusko Jaurlaritzak, berriz, gauean kalean jendea pilatzeko debekua ezarri zuen, dekretu bidez, lehengo astean bertan.

Atzo goizean, Euskal Autonomia Erkidegoko Labi Babes Zibileko Planaren aholku kontseiluak bilera egin zuen, eta neurri gehiago hartu behar diren aztertu zuen. Orain, asmoa da horiek aztertzea hilaren 22an Labi osatzen duten erakunde publikoetako ordezkariek. Oraingoz, gauean kalean izaten diren pilaketak saihesteko eskeez gainera, maskararen erabilera indartzeko mezuak ari dira ematen agintariak. Jaurlaritzak adierazia du, gainera, ez duela etxeratzeko agindurik ezartzeko asmorik, epaileek erabakia atzera botako duten kezka baitu.

EH Bilduren kritika

Jaurlaritzak kalean jendea ez pilatzeko hartu duen erabakiaren harira, kritika egin zuen EH Bilduko koordinatzaile Arnaldo Otegik atzo. Udalei neurri horren gaineko ardura ezarri izana deitoratu zuen: «Ez dute kaleko edana eragozteko gaitasunik». Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri esan zion «utopia» dela pentsatzea poliziek kaleko pilaketen arazoa konpon dezaketela, eta haragoko neurriak hartzea defendatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.