Sanferminak

Aurkeztu dituzte sanferminak iragartzeko kartel finalistak

Iruñean erroldatutako guztiek daukate gustuko kartelaren alde botoa emateko aukera. Hilaren 27ra arteko epea dute. Ikusi, argazki bilduma.

Kartel finalistak.
Lohizune Amatria.
2015eko apirilaren 15a
16:07
Entzun

Iruñeko Udalak sortutako epaimahaiak ezagutzera eman ditu 2015eko sanferminak iragartzeko zortzi kartel finalistak. Guztira, 426 lan aurkeztu dira aurten, gehienak Nafarroan eginak. Zortzi hautagaiak Kondestable jauregiko erakusketa aretoan ezarriko dituzte, eta herritarrek gogokoen dutena aukeratu beharko dute. Iruñean erroldatutakoek dute bozkatzeko aukera, apirilaren 27ra bitarte, Internet bidez zein 010 telefono zenbakira deituta. Irabazleari 3.600 euro emango dizkio udalak.

Ohiko kartelak aurkeztu dituzte aurten ere sanferminetarako. Zezenaren, Caravinagre kilikiaren edo San Ferminen irudia dute gehienek; koloreei dagokienez, berriz, zuria, gorria eta beltza dira nagusi. Hala ere, bada urdina gehitu duenik ere. "Estilo aniztasuna" bilatu du epaimahaiak, Mireya Martin artistaren hitzetan. "Sanferminen elementurik adierazgarrienak aukeratu ditugu, festaren alderdirik positiboena".  

Parte hartzaile gehienak nafarrak izan dira; 399, hain zuzen, eta haietatik 202 iruindarrak. Atzerritik ere kartelak bidali dituzte. Hautagaien izenak ez dituzte jakinarazi; isilean gordeko dira irabazlea nor den jakin arte. Igandetik aurrera, Rodezno Kondea aretoan izango da kartelen erakusketa. Zortzi hautagaiak eta baztertutako beste 88 afixa erakutsiko dituzte, eta uztailaren 19ra arte egongo da zabalik.

Epaimahaia hauek osatu dute: Fermin Alonso Iruñeko kultura zinegotziak, Geroa Baiko Itziar Gomezek, PSNko Pilar Ferrerok, PPNko Cristina Sanzek, UPNko Paz Prietok, iazko lehiaketa irabazle Ignacio Domenechek, Mireya Martin artistak, Edmundo Irujo disenatzaileak, Teresa Lasheras kultura arloko zuzendariak, Arte plastikoetako teknikari Pedro Lozanok eta Baionako Udaleko Yves Ugaldek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.