Zortzi hilabeteko hutsunearen ondoren, PPk badauka presidentea Euskal Autonomia Erkidegoan: Carlos Iturgaiz (Santurtzi, Bizkaia, 1965). Eusko Jaurlaritzako lehendakarigai izandakoak eta legebiltzarreko egungo bozeramaileak hartuko du alderdiaren buruzagitza ofizialki, atzo zuzendaritza batzartu eta gero. Alfonso Alonsok otsailean dimisioa eman zuenetik, Amaia Fernandez idazkari nagusia zegoen zeregin horretan, behin-behinean.
Etorkizunera begira jarri zen Iturgaiz atzoko batzarrean: «Arazoak izan ditugu, baina aro berri bat abiatu dugu talde berritu batekin, energiaz beteta, etorkizunaren aldeko apustua egiten duena, batuta, ilusioz, ideia berriekin eta, batez ere, lan handiarekin PP eremu konstituzionalistan zabaltzeko». Izendapenean, behintzat, apenas izan zuen oposiziorik: Zuzendaritza Batzordea osatzen duten 70 kideetatik 57k hartu zuten parte, eta horien artean hiru abstentzio izan ziren; gainerakoak, aldeko botoak.
«Euskal herritarrak eta espainiarrak gara, konplexurik gabe, gure lurrari eta sustraiei lotuak, eta euskara maite dugu konplexurik eta inposiziorik gabe», erantsi zuen.
Zeregin ezagunetara itzuli da horrela Iturgaiz, alderdiko presidente izan baitzen 1996tik 2004ra bitartean. Ordutik iaz arte Europan ibili da eurodiputatu; politikaren lehen lerroa utzi zuen hilabete batzuetarako, Pablo Casado Espainiako PPko presidenteak Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigai izatea proposatu zion arte.
Haren izendapenarekin, Casadoren sokakoek beren ildoko kide bat jarri dute alderdiaren EAEko buruzagitzan, Fernandezek ere Alonsoren ildoa ordezkatzen baitu alderdian. EAEko PPk 2017ko martxoan egin zuen azken kongresua, eta Iturgaizen presidentetza hurrengo kongresuan berretsi beharko dute alderdikideek; hamaseigarrena izango da, eta, beranduenera, datorren urteko martxoan egin beharko dute. Baina izurriaren egoerak zehaztuko du zehazki noiz, Iturgaizek atzo azaldu zuenez.
Hala ere, izendapenetan antzeman daiteke Iturgaizen asmoa dela alderdi barruan gutxieneko batasun bat lortzen saiatzea; Laura Garrido jarriko dute idazkari nagusi, eta Mikel Lezama koordinatzaile eta bozeramaile. Horrela, hiru kargudun nagusiak euskaldunak izango dira; arabarra Garrido, bizkaitarra Iturgaiz eta gipuzkoarra Lezama. Iturgaizek zuzendaritza berriaren osaera adostu du hiru lurraldeetako presidenteekin, Iturgaizen hautagaitza babes zezaten.
Alderdiaren zuzendaritzara batuko direnen artean daude, berriz, Leticia Comeron Gasteizko zinegotzia —Erakundeetako idazkari izango da— eta Muriel Larrea legebiltzarkidea —Ingurumen Politikarako idazkariorde izango da—. Larrea Irungo zinegotzia ere bada, eta Iturgaizek Gipuzkoako zerrendaburu jarri zuen uztailaren 12ko hauteskundeetarako.
Integrazio ariketa bat
Alonsoren garaitik legebiltzarkide karguari eusten dion bakarra da Garrido; Lezama, berriz, zinegotzia da Donostian, eta Borja Senperren gertukotzat jotzen dute. Senperrek desadostasun nabarmenak izan zituen Madrilgo egungo zuzendaritzarekin, eta urtarrilean utzi zuen politika —zehaztu zuen erabakiak ez zuela harremanik desadostasun horiekin—. Fernandezek ere jarraituko du zuzendaritzan, Iturgaizen esanetan, Bizkaiko Batzar Nagusietan PPk duen bozeramailea delako eta hor «lan paregabea» egiten duelako. Haatik, Fernandez ez zen atzoko bilkuran agertu.
Iturgaiz Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran izan zen goizean, eta Garridorekin heldu zen saiora. Hedabideen aurrean, Garridok esan zuen EAEko PP «talde bat» dela, eta «ilusioz lan egiteko gogoa» duela, gizartearen erronkei erantzuteko. Erantsi zuen PP dela «benetako alternatiba nazionalismoaren aurrean».
Azken hilabeteetako behin-behinekotasun egoera PPk hiru lurraldeetan bere lekua topatzeko azken urteetan izan dituen zailtasunen isla da. Mariano Rajoyk 2018ko udan PPko presidentetza utzi eta gero, Alonsok Soraya Saenz de Santamariaren aldeko jarrera hartu zuen, baina Pablo Casadok irabazi zuen Rajoy ordezkatzeko prozesuan, eta horrek zailtasunak areagotu ditu bi zuzendaritzen artean. Iaz, Espainiako Gorteetarako hauteskundeei begira, Casadoren taldeak erabaki zituen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendaburuak, Alonsoren taldearen irizpidearen kontrara.
Are nabarmenagoa izan zen aurtengo otsailean Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigaia Madrildik ezarri izana, Alonso hautagai izatekoa zela jarri baitzuen Casadok Iturgaiz lehendakarigai. Aste horietan, agerian geratu zen EAEko eta Madrilgo zuzendaritzen arteko arrakala, Alonso eta Cayetana Alvarez de Toledo garai horretan PPko Espainiako Kongresuko bozeramailea zena ahoan bilorik gabe mintzatu baitzen; abertzaleekin «epelkeriaz» jokatzea leporatu zion Alvarez de Toledok. Orain, biak daude alderdiko ardura postuetatik kanpo.
Aurrez, 2015ean, Arantza Quirogak eman zuen dimisioa PPko EAEko presidente kargutik, bakean eta elkarbizitzan egindako urrats txiki batek Madrilgo alderdikideen haserrea eragin eta gero. Zazpi urtean EAEko PPk ezagutuko duen laugarren presidentea da Iturgaiz.
Gainbehera bozetan
Ezegonkortasun hori beste errealitate baten emaitza izan da: PPk hogei urte daramatza Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan aurreko bozetako emaitzak okertzen; 2001ean jo zuen goia, eta orduan jaso zituen sei bototik bost galdu ditu; 326.933 bototik (2001) 60.650 botora jaitsi da hogei urteotan, eta, epe berean, hemeretzi ordezkaritik laura—Ciudadanosekin osatzen duen talde parlamentarioko sei kideetatik bi C's-ekoak dira—. Azken bozetan hartu du kolperik handiena, 2016an lortu zituen 129.148 botoetatik erdiak baino gehiago galduta. Neurri berean, indarra galduz joan da beste erakunde batzuetan ere: soilik Bastidan eta Guardian (Araba) izan zen lehen indarra iazko udal hauteskundeetan, eta hiru probintzietan ez zuen diputaturik lortu Espainiako Gorteetarako bozetan, iazko azaroaren 10ean. Iturgaizen uztaileko hautagaitzak ez zuen joera hori irauli.
Aurkaririk gabe abiatu du bigarren aroa
Carlos Iturgaiz izendatu dute EAEko PPko presidente. Laura Garrido izango da idazkari nagusi, eta Mikel Lezama bozeramaile
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu