Xabier Arzalluzen heriotza. Beila

Aurkariek ere aitortu diote lidergoa

EAJko ordezkaritza zabal batek Xabier Arzalluz agurtu du Bilboko beilatokian. Jeltzaleek eta gainerako alderdietako kideek, denek onartu diote euskal politikan izandako eragin handia

Alfredo de Miguel batean, eta Iñaki Anasagasti eta Francisco Alvarez Cascos bestean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
«Sabino Aranaren ostean egon den ideologorik handiena izan da». Adierazpen irmoa egin zuen Jose Ramon Elorduik. Beste askorekin batera, Xabier Arzallus lider jeltzalearen beilatokira joan ziren herritarretako bat zen. Azken agurra eman zion atzo, politikari askok egin bezala. Denek nabarmendu zuten Arzalluzek bere ibilbidean izandako eragina. Baita Elorduik ere: «Utzi duen hutsunea izugarria da, baina espero dezagun behar bezalako ondorengotza edukiko duela». Bilbon dagoen Bilbaina beilatokian etengabekoa izan zen familia jeltzaleko kideen joan-etorria, denak bekoki iluneko. Herrietako alkate jeltzale, batzokietako kide, edo Euskadi Buru Batzarreko ordezkaritza osoa Arzalluzen bueltan bildu ziren. Alderdian utzi duen lorratzaren eta, aldi berean, sortu duen hutsunearen lekuko.

«Zaila da bere figuratik gauza gutxi nabarmentzea; karismadun lider bat izan da, gaur egun topatzea zaila den horietako bat. Alderdiarentzako pertsona garrantzitsua izan da, baina baita Euskadi edo estatuarentzako ere». Jon Zabaliak lausengu hitzak baino ez zituen Arzalluz deskribatzeko garaian. Espainiako Kongresuan diputatu izan zen 1993. eta 1996. urteen artean, «Arzalluzek berak bultzatuta». Horregatik, begirune berezia zion: «Historia egin duen pertsona bat zen, une askotan gakoa izandakoa».

Baina bere lana hor geratuko dela zioen Zabaliak, Juan Manuel Atxutegik bezala. Derioko (Bizkaia) alkate izana, Arzalluzen ikaslea ere izan zen Deustuko Unibertsitatean: «Klaseak beti ematen zituen esku bat poltsikoan, eta bestean arkatza zuela; paperik gabe; beti izan zen berezia, zentzurik onenean. Bere, edo gure, ideologiaren barruan gogorra zen, baina pentsamendua ondo oinarritua zeukan. Haren arrastoa hor geratuko da, eta ea gai garen hortik jarraitzeko». Behin eta berriro errepikatu zuten hori afiliatu jeltzaleek: Arzalluzek egindako lanari jarraipena eman behar zaiola.

Alderdikideak eta beste

Lausengu hitzak bata bestearen atzetik pilatu ziren, halakoetan gertatu ohi den gisan. Adierazpen horietako gehienak alderdikideen aldetik iritsi zitzaizkion, baina baita aurkari politiko izan zituenen aldetik ere. Denek aitortu zioten lider jeltzaleari bere ibilbide luzean izan zuen itzal luzea. Ezker abertzalekoak, sozialistak eta Ahal Dugu-ko ordezkariak doluminak adieraztera joan ziren atzo beilatokira, baita ELA eta CCOO sindikatuetako buru nagusiak ere. Batzuk oinez, eta beste asko automobilez edo taxiz. Goizean ordezkari politiko eta sindikalak tantaka iritsi ziren, baina arratsaldean jarioa handiagoa izan zen, eta beilatokira iristeko errepidean errail bat itxi behar izan zuten udaltzainek.

Familia jeltzaletik bertaratu zirenen artean aurpegi ezagun ugari azaldu ziren. Besteak beste, hauek: Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia, Jon Azua lehendakariorde ohia, Jose Luis Bilbao eta Josu Bergara Bizkaiko ahaldun nagusi ohiak, Roman Sudupe Gipuzkoako ahaldun nagusi ohi eta Euskadi Buru Batzarreko presidentea 1984. eta 1985. urteen artean, Juan Mari Atutxa Barne sailburu eta Eusko Legebiltzarreko presidente ohia, Iñaki Anasagasti Espainiako Kongresuko diputatu ohia, Aitor Esteban egungo bozeramailea, Euskadi Buru Batzarreko ordezkari denak, eta Alfredo De Miguel Araba Buru Batzarreko kide ohi, Arabako Aldundiko Tokiko Administrazioko diputatu ohi eta De Miguelauziko akusatu nagusia. Juan Mari Aburto Bilboko alkatea ere bertan izan zen, eta adierazpenak egin zituen kazetarien aurrean: «Xabier izugarrizko liderra izan da guretzat, baina hemendik aurrera berak utzitako lekukoa aurrera eramango dugu». Iñigo Urkullu lehendakaria gaur goizean da beilatokitik igarotzekoa.

Ezker abertzaletik bi ordezkaritza iritsi ziren. Bata goizean, eta bestea arratsaldean. Sorturena izan zen lehena, Rafa Diez, Rufi Etxeberria, Eugenio Etxebeste eta Arkaitz Rodriguezek osatuta. Azken horrek hala hitz egin zuen: «Ezagunak dira gure artean izan ditugun ezberdintasun politikoak, baina horren gainetik aitortzen dugu haren itzal luzea, eta haren lidergo handia». EH Bilduren aldetik, Jon Iñarritu, Jone Goirizelaia, Maddalen Iriarte eta Arnaldo Otegi joan ziren. Koordinatzaile nagusiak «lagun bat» galdu zuela esan zuen: «Bere garaian kartzelara bisita egin zidan, eta errespetu handiz tratatu ninduen. Abertzale handi bat izan da. Bere garaian sekulako eztabaidak izan genituen, baina, ezeren gainetik, gutako bat zen, euskal herritarra, euskal abertzalea eta independentista».

Sozialistek osatutako ordezkaritzan Patxi Lopez lehendakari ohia eta Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia joan ziren familiari doluminak ematera: «Pertsona garrantzitsua izan zen Euskadiko historian eta Espainiako trantsizioan; horrela aitortzen dugu». Ildo beretik jo zuen Lander Martinez EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak: «Pisu handiko pertsona izan da».

Dena den, ezuste handienetarikoa Franciso Alvarez Cascosen presentziak sortu zuen. Aznarren lehen gobernuan Presidentetzako ministro izan zen, eta Sustapenekoa bigarrenean. Anasagastirekin batera iritsi zen beilatokira. «1996. eta 2004. urteen artean genituen arduren harira izandako tratu ona gogoan dut, eta gaur egun elkarri genion errespetua azpimarratu nahiko nuke; horrek ez du esan nahi berak bere ideiak alde batera utzi zituenik, ezta ni nazionalista bihurtu nintzenik ere». Aurkari politikoek ere errespetua eta utzitako lorratza nabarmendu zioten horrela. Gaur izango da haren omenezko hileta, Azkoitian (Gipuzkoa), 19:00etan, eta bertan ere halako testigantza ugari izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.