Elurrak estalita dago Aurizko kale nagusia. Ez da maindire fina, metro erdiko meta trinkoa baizik, kalearen alde bietan pilatuta. Makinek goizean goiz garbitu dute errepide nagusia —beltz ageri da asfaltoa, distiratsu ia, espaloi zuriekin kontraste bizian—, baina inguruko kaleetan nekez ibil daiteke irrist egin gabe. «Bart izoztu zuen, eta kostako da elur gogortua kentzea», esan du aguazilak, hasperenka. Buruhauste ugari eman dizkio elurteak. Bezperan, farol bat errotik erauzi zuen kamioi batek, udaletxeko plazatik elurra kentzen ari zela. Osasun etxearen parean, berriz, lanean gogor ari dira beste zenbait bizilagun ere: palak elurretan sartu-atera, behin eta berriro, bazterrak apur bat garbitu nahian. Paisaia zurituaren edertasuna alde batera utzita, elurrak deus gutxi du bukolikotik Pirinioetako herritarrentzat.
«Asmo eta proiektu ugari izan ditzakezu, baina, behin alkatetzan zaudela, konturatzen zara arazo txiki anitz sortzen direla egunerokoan, eta horiei erantzuna eman behar diezula beste ezeren aurretik», laburbildu du Unai Irigarai alkateak. Bezperan eroritako farolaz eta frontoiko berogailuaz ari da hizketan aguazilarekin, BERRIArekin duen hitzorduari ekin aurretik. Duela urtebete hartu zuen aginte makila Irigaraik, helburu nagusitzat hau daukala: baldintza materialak jartzea, herritarrek —gazteek, batez ere— aukerak izan ditzaten herrian bizitzeko eta lan egiteko. Ez da nolanahiko erronka, Auritzen ez ezik, Pirinioetako herri guztietan ari baitira despopulatzearen itzala sumatzen.
Auritz udalerri txikia da, baina baditu oinarrizko zerbitzu ugari, inguruko herrietako bizilagunei ere arreta eman ahal izateko: osasun etxea, eskola, supermerkatua, banketxea, jatetxeak eta tabernak... Donejakue bideak zeharkatzen du, eta horrek erabat baldintzatzen ditu herriaren nortasuna eta auriztarren bizimodua bera, erromesaldien eta turismoaren menpe baitaude zerbitzuetako asko. «Herria zeharo aldatzen da urtaroaren arabera», azaldu du Irigaraik. «Bizilagun askok kanpoan ematen dituzte neguko hilabeterik gogorrenak. Ez dut erranen herria erabat husten denik, baina askoz jende gutxiago bizi gara hemen azarotik aurrera». Alkateak azaldu duenez, Auritzek 233 biztanle ditu erroldaren arabera, baina, egiazki, 180 inguru bizi dira urte osoan herrian.
Gorabehera horiei erreparatu die Goreti Urtasun bizilagunak ere: «Abuztuan, beteta egoten da herria, populazioa bikoiztu egiten baita opor garaian. Neguan, berriz, auriztar asko Iruñean bizi dira. Asteburuetan jendea ikusiko duzu tabernan, frontoian edo kalean, baina lanegunetan, nekez».
Ostatuak, pertsiana jaitsita
Urtasunek irakasletza ikasi zuen, baina, Hezkuntza Departamentuko oposizioak atera bitartean, ostalaritzan egiten du lan. Aurizko Loizu landa ostatuan eta Orreagako hotelean aritu da orain arte, zerbitzari lanetan. «Negua iristearekin batera, baina, itxi egin dituzte ostatu gehienak, eta lanik gabe nago», gehitu du. Eskualdeko jatetxe eta hotel askoren patua da abendutik martxora edo apirilera bitartean pertsiana jaistea. «Hirugarren sektorea gorabeheratsua da inguru honetan», esplikatu du Irigarai alkateak: «Aste Santuarekin batera hasten da goi denboraldia, martxo-apiril aldean, eta abenduan bukatu. Denda eta ostatu bakan batzuk zabalik egoten dira urte osoan, baina gehienak oraintsu ixten dituzte. Neguan erromesik etortzen ez denez, ez da errentagarria negozio handi horiek zabalik mantentzea».
«Neguko hilabeteak gogorrak dira, baina ezin dut itxi supermerkatua; herrian ez dago beste janari dendarik»
IÑAKI IRIGARAIDendaria
Hala ere, itzalitako erakusleihoen eta itxita dioten kartelen artean, badira ateak zabalik mantentzen dituzten negozio txikiak ere. Dendaberri da haietako bat, Aurizko (eta ingurumarietako) supermerkatu bakarra. Herriko kanpoaldean dago, Orreagarako bidean, eta bizpahiru auto aparkatuta dauzka kanpoaldean. «Ezin dut itxi denda», argudiatu du Iñaki Irigaraik, saltokiaren jabeak. «Beste negozio batzuentzat, agian, errentagarriagoa da neguko hilabeteetan pertsiana jaistea, baina herrian ez dago beste janari dendarik. Bakarrik nago».
Onartu du neguko hilabeteak «gogorrak» izan ohi direla, eta egoerak okerrera egin duela azken urteetan: «Duela hamasei urte ireki nuen denda, eta egoera bestelakoa zen orduan; herriko jende zaharra etortzen zen batez ere. Ez ziren asko, baina egunero kontsumitzen zuten. Urteekin, ordea, zaharrak pixkanaka hil, eta gazteak ez daude beti herrian. Asteburuetan etortzen dira, baina askok Iruñean egiten dute bizimodua».
Haur falta da belaunaldien arteko arrakala horren beste erakusgarri bat. «Hamar urte daramatzagu herrian jaiotzarik ikusi gabe», esan du alkateak. «Azken urteetan, familia batzuk etorri dira herrira bizitzera, baina ez dugu lortu joerari buelta ematea». Hizketan ari dela, lau neska-mutil atera dira udaletxearen alboko etxe batetik, eta algaraka zeharkatu dute plaza. «Hortxe dituzu», seinalatu du alkateak: «Lau horiek dira Aurizko eskolako ikasle guztiak».
Bazkalorduan atera dira ikasleak eskolatik, eta etxerako bidea hartu dute, oinez. Aurki, ezinen dute bide hori egin: ezusterik ezean, aurtengoa izanen da Aurizko eskolaren azken ikasturtea, eta orain herrian estudiatzen duten lau haurrek Garraldara joan beharko dute. «Gaur egun, lau ikasle ditu gure eskolak, eta Lehen Hezkuntzako 6. mailan daude haietatik bi. Horrek esan nahi du hau azken ikasturtea dela bi ikasle horientzat, eta datorren urtean Garraldako ikastetxera joanen direla DBH egitera; beste biekin ezin izanen diogu eutsi herriko eskolari: haiek ere Garraldara joan beharko dute ezinbestean».
«Eskualdean lana sortzea eta gazteei bizitoki duina ematea: despopulatzeari aurre egin nahi badiogu, hori da bidea»
GORETI URTASUNAurizko bizilaguna
Auriztik hamar minutura dago Garralda, eta, hortaz, ikasleek ez dute bidaia luzerik egin beharko goizero eskolara joateko eta handik itzultzeko. Iriarte alkatearentzat, ordea, arazoetatik txikiena da hori: «Itxierak pena handia ematen digu, herriari estu lotutako instituzio bat delako eskola, hemengo bizitzan eragina duena. Haurrek herri baten etorkizuna islatzen dute, eta, haurrik ez badago, zer etorkizun izanen dugu guk?».
Bat dator Urtasun. «Han ikasi genuen herriko haur guztiok», gogoratu du. «Garai hartan, zazpi edo zortzi ikasgela zituen eskolak, eta adin desberdinetako haurrak ibiltzen ginen han, denak elkarrekin». Irakasle izateko prestatu da, eta uste du Aurizko haurrek «sekulako zortea» izan dutela gisa horretako heziketa jasota: «Talde txikitan, askotariko proiektuak eta lanak egiteko aukera izanik, eta irakaslea ia-ia zeuretzako bakarrik duzula... Pagotxa da hori».
Hizkuntzaren ikuspegitik ere, herriko eskola ixtea «itzelezko galera» izanen dela nabarmendu du alkateak, azken hamarkadetan euskara hutsean ikasi baitute herriko haur guztiek. «Auritzen euskara bizi bada, eskolari esker bizi da», esan du. «Hemen, beste hainbat tokitan bezala, gaztelaniaz ikasten zen, duela 40-45 bat urte guraso mugimendu batek ikastola sortu zuen arte. Ordutik gaurdaino, herriko belaunaldi guzti-guztiok euskaraz ikasi dugu, eta, horri esker, euskara bizirik dago hemen».
Etxe merkeak gako
Beheranzko joera demografikoa aldatzeko tenorean, Aurizko herritarrek argi dute zein den aplikatu beharreko formula: erraztasunak eta baliabideak ematea, gazteak herrian bertan gera daitezen. «Eskualdean kalitate oneko enplegua sortzea eta gazteei bizitoki duina eta merkea ematea: despopulatzeaari aurre egin nahi badiogu, hori da bidea», esan du Urtasunek, zalantzarik egin gabe.
«Eskola ixtea itzelezko galera izanen da. Haurrak badira herri baten etorkizuna, zer etorkizun izanen du Auritzek?»
UNAI IRIGARAI OSESAurizko alkatea
Izan ere, etxebizitza aspaldiko arazoa da Pirinioetako eremu osoan. «Herriko karriketan barna buelta bat ematea nahikoa da ikusteko etxeen erdiak baino gehiago hutsik daudela», azaldu du alkateak. Haietako batzuk bigarren etxebizitzak dira, oporretan edo asteburuetan soilik erabiltzen direnak; beste batzuk, oinordetzan jasotakoak eta jabeek eskuragai jartzen ez dituztenak; eta badira Nafarroako Gobernuarenak direnak ere. «Gure kalkuluen arabera, Aurizko etxebizitzen %66 hutsik daude, eta, hortaz, ez daude hemen bizi direnen eskura». Iritzi berekoa da Urtasun: «Ez dago alokagai den etxerik, eta salgai daudenak izugarri garestiak dira. Aurrekoan ikusi nuen iragarki bat: 600.000 euro, herriko etxe batengatik. Nork ordainduko du hori?».
Hain zuzen, gazteei etxea lortzea erraztu nahian, herriko hiru etxebizitza zaharberritzeko eta errentan jartzeko proiektua du Aurizko Udalak. Hori gauzatu ahal izateko, ordea, finantzaketa behar dute. Eta, oraingoz behintzat, gobernuek ez dute laguntzarik eman: «Gurea bezalako udalek ez dute dirurik eguneroko jarduna ez den beste ezertarako. Hortaz, edozein proiekturi ekiteko, ezinbestekoak dira diru laguntzak», esan du Irigaraik, etsipenez. Etxebizitzak berritzeko, 700.000 euro behar dituzte zehazki. «Erakunde handiago batentzat huskeria izan daiteke, baina guretzat estrategikoa da, gazteek aukera izan dezaten herrira itzultzeko eta hemen bizitzeko». Ihartzeko arriskuan den lurrean kimu berriak landatzeko, alegia.