Iñaki Cabases. NaBai-2011ko Iruñeko Udaleko bigarren hautagaia

«Aukera on bat galdu du NaBaik; UPNri irabaz geniezaiokeen»

«Baldintza guztiak» aintzat hartuta, Cabasesek dio NaBai-2011k emaitza bikainak izan dituela. Hala ere, ziur da hiru urteotako liskarrik eta hausturarik gabe lehen indarra izateko aukera zuela. PSNren gainbehera ideologikoa agerian geratu dela deritzo.

LANDER  FERNANDEZ ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2011ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Otsailean, Eusko Alkartasuna Nafarroa Baitik atera zenean, koalizioan segitzea erabaki zuen Iñaki Cabasesek (Iruñea, 1952). NaBairen udaleko zerrendako bigarrenaren ustez, ezker abertzaleak EA «xurgatuko» du, eta ez du bat egiten estrategia horrekin. Egun, NaBai-2011ren Iruñeko Udalerako bigarrena da. Baldintza guztiak aintzat hartuta, emaitza onak izan dituela iritzi dio. «Dena den, ezin da esan ere arrakasta dela bozak ez irabaztea».

NaBairen emaitzen inguruan zer irakurketa egiten duzu?

NaBaik emaitza bikainak izan ditu, kontuan izaten badugu azken lau urteotako ibilbidea oso txarra izan dela. Bere buruari horrelako mina egin dion koaliziorik ikustea zaila izango da. Alde batetik, hiru urtez bere barne tentsioak agerian izan ditu, eta, azkenik, horren ondorioz, zatiketa bat eman da. Bi alderdi joan egin dira. Baldintza horietan, bigarrenarengandik gertu izatea eta Iruñean alde handia ateratzea pozgarria da. Aditzera ematen du NaBai proiektu oso interesgarria dela.

Zatiketa horretatik zer irakaspen atera behar dituzue?

Lehenik eta behin, proiektu politiko orok gutxieneko koherentzia bat behar du, eta ondorioz, zaila da koherentziarik ez den tokian koherentzia irudikatu nahi izatea. Bigarrenik, adierak dioen moduan, zatiketak emaitza txarragoak eragiten ditu. Hori argi dago. Nire ustez, koalizioaren barne tentsioez baliatu eta NaBai hausteko borondatea egon da. Lortu dute. Azkenean, zatiketak guztioi egin digu kalte. Orain parlamentari abertzale gehiago daudela esaten da, baina parlamentari horiek eraginkorrak ez badira...

Nafarroan abertzaletasunak bi eskaintza izateko beharrarekin ez zatoz bat orduan?

Aniztasuna beti da ona, herritarrek hautatzeko aukera dutelako. Politikoki, ordea, NaBaik bilakaera normal bat izan balu, hiru urteko autosuntsiketa eta haustura hori gabe, ziur nago UPNri irabaziko liokeela. Hori ez den guztia ulertzen dut porrota dela, baina ez eskaintza gehiago edo gutxiago daudelako, aukera on bat galdu egin delako baizik.

Bilduren emaitzek harritu zaituzte?

Ez. Ez hemen, ez Euskal Autonomia Erkidegoan. Sektore hori ezin lehiaturik egon da, eta horretara ohitu dira beste sektore interesatu batzuk; baina erakutsi dute hor zeudela, daudela eta egongo direla.

Bilduren eta NaBairen arteko eremu politikoak bereizita daude?

Nire ustez, euskal gizartean eremu abertzalean ez daude bi talde, hiru talde baizik: EAJk ordezkatutako eskuina, Sortuk ordezkatutako ezker erradikala, eta tartean bada eremu sozialdemokrata bat. Eremu horretan egon liteke, gainera, gehiengoa. Uneotan, sektore hori NaBaik ordezkatzen du Nafarroan. EAEn, beharbada, sektore horrek gorputza hartzea falta da, uneotan EAJ eta Bildu, Bildu eta EAJ daudelako.

Iruñean eta Iruñerrian sendo agertu zarete; aldiz, beste eskualdeetan emaitza kaskarragoak lortu dituzue udal hauteskundeetan.

Hori hala da, bai, baina koalizioaren antolamendua sendotzea falta izan delako. Erronka horri aurre egin beharko dio. Gaur-gaurkoz, eskaintza politiko honek eskuinak eta PSOEk osatutako argazki finko hori zokoratzea lortu behar du. PSOEren boto-emaile batzuek alderdia uzten jarraituko dute.

PSNk hurrengo egunetan hartzen duen erabakiaren arabera, eremu horretan handitzeko aukera dago?

Bai, noski baietz. Gainera, ez pentsa, eskuinak ere ez du etorkizunerako itxaropenik eskaintzen.

Suitzako kontuen ustelkeria kasuen ondoren, PSNk egun baino 10.000 boto gehiago lortu zituen. Adierazgarria al da 1978ko hauteskundeak aintzat hartu gabe PSNk inoizko emaitza txarrenak izatea?

Gauza ez da PSNk ez duela gainditu ustelkeriak sortutako egoera hura. Nire ustez galdetu egin behar da zergatik sortu zen ustelkeria PSN-n. Bere gainbehera ideologikoak eraman du printzipioen gabezia batera, eta horrek sortzen du iruzurrik handiena: ideologikoa. Haren atzetik datoz beste guztiak.

PSNk zer egingo duela uste duzu?

Zoritxarrez, PSN ez da guk nahi genukeena, eta aspalditik da eskuinaren aliatu bat. 1996an, Suitzako kontuen ondorioz, bere ustelkeriaren ondorioz hiruko gobernua erori zenean, Alderdi Sozialistak oparitu egin zion gobernua UPNri, eta hala egiten jarraitzen du. Zergatik? Ez dakigu. Bere ideologiaren gainbehera da.

Zer esan nahiko luke PSN gobernuan sartzeak?

Bere gainbeheraren amaiera litzateke. Ez ninduke harrituko. Zuzendaritzak koalizio gobernu batean egon nahi du. Pentsatzen dute euren karguei distira eman ahalko diotela.

Dena den, UPNrentzat ere egoera arriskutsua al da?

Malgua dena PSN da. Bluff bat da, eta bere ideologiak itxaropenak zapuztuko ditu. Konbentzituta nago garaile nagusia UPN eta Barcina izango direla. Hala ere, bere garaian PP UPNren barruan sartu zen bezala, etorkizunean UPNk PPrengana joko du. Hamar urteren buruan, UPN PPren barruan ikusten dut. Gainera, Yolanda Barcinaren eskutik egingo du bilakaera, Barcina UPNkoa baino gehiago delako PPkoa. Horrek are ulergaitzago bihurtzen du PSNk hitzarmena egitea.

PPranzko bidaia hori legealdi honetan bertan hasiko du UPNk?

Konbentzituta nago baietz. Lehenik eta behin, bere borondatez. UPNk PPren ideologiaranzko bilakaera egin du, eta UPNri jada desagertu egin zaio erregionalismo jator hori. UPN gaur egun PPren marka bat da, nahiz eta beste izen bat eta antolamendu bat eduki. Beharbada, lehen pauso hori datorren urteko hauteskunde orokorretan emango dute.

Zer rol jokatuko du PPk?

Presarik gabe, baina etenik gabe. Konbentzituta nago, enbrioi politiko txikia badirudi ere, epe ertainera garaile aterako dela eta Nafarroako eskuinaren jabe egingo dela.

Epe ertainera, NaBaik zer gogoeta egin behar du?

Nire ustez, Nafarroa Bairen ezaugarria izan behar du bizi den gizartearekiko irekia izatea. NaBaik diferenteak batzea lortu du, proiektu interesgarri baten inguruan: aurrerakoitasuna, politika transbertsala eta zatitutako gizarte baten zatiak integratzea. Helburua ona da, baina antolamenduak huts egin du, eta erronketako bat antolamendua da. UPNren alternatiba izan behar du, eta lau urte barru proiektu politiko argia izan behar du, aldaketa bermatu ahal izateko. Aldaketa horrek ezin du PSNren esku egon, alderdi hori oso aldakorra delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.