Arabako mapa politikoa oso zatituta utzi zuten 2015eko udal eta foru hauteskundeek, eta antzeko argazkia espero da maiatzaren 26ko bozen ondotik ere. PP, EH Bildu eta EAJren arteko lehia estuak zabalik uzten du panorama politikoa herrialdean. Duela lau urte, PPk lortu zuen boto gehien Araban, baina orpoz orpo ibili ziren EH Bildu eta EAJ. Maiatzaren 26ko bozei begira bada kontuan hartzeko beste aldagai bat: Espainiako bozetako olatuak norainoko eragina izango duen.
PP
Urteetako gotorlekua berreskuratzen saiatuko da PP. Araban berak lortu zuen boto gehien 2015ean, baina galdu egin zituen bi instituzio nagusien aginte makilak. Boterea berreskuratzea ez du erraz izango, areago azken urteotako boto galera ikusita.
Gasteizko alkategai Leticia Comeronek badaki PP siglek zama handia dutela. Eta zama hori gainetik kendu nahian dabil kanpainan. Joan den ostiralean aurkeztu zuen Comeronek hiribururako duen hauteskunde programa, eta argi utzi zuen ideia bat: PPren siglak «gainditu» egiten dituela bere proiektuak. Marotoefektua desagertuta, PPren erronka nagusia Gasteizko Udala berreskuratzea izango da. Arabako Aldundiari dagokionez, ahaldun nagusi izaten saiatuko da Iñaki Oiartzabal hautagaia. Kontuan hartu behar da Arabako Batzar Nagusietako eserlekuen %65 Gasteizek erabakitzen dituela, eta hor PPk duela boto gehiago. Herrietan, berriz, jeltzaleek dute babes zabalagoa, eta horri esker dute Arabako Aldundiko aginte makila.
EH BILDU
Azken urteotan Araban izan den eraldaketa soziologikoak gauzabat erakutsi du: EH Bilduk eskura du herrialdeko lehen indarra izatea. 2011ko hauteskundeez geroztik, gorakada nabarmena izan du indar subiranistak herrialdean, eta emaitzak sendotzeko garaia iritsi zaio. Gorteetarako bozetan sumatu du sendotze hori koalizioak, eta lortu egin du PPri diputatua kentzea.
Azken urteotan indar subiranistak erakutsi duen joera pragmatikoak eta konpromiso instituzionalak erakargarri egin du koalizioa abertzale askorentzat. Gasteizen, PPren aurkari zuzena da EH Bildu, eta hiriburuan jarriakditu indar guztiak, Miren Larrionen hautagaitzarekin.
EAJ
2015etik jeltzaleen esku daude Arabako bi instituzio nagusiak: Gasteizko Udala eta Arabako Aldundia. Erronka, beraz, ez da makala jeltzaleentzat: bi erakunde horietan aginte makilari eustea. Hiriburuan baino, herrialdean du eskurago garaipena EAJk. Espainiako hauteskundeetan Araban lortutako garaipenak, gainera, indar berezia eman dio EAJri.
Zailagoa du irabaztea, ordea, Gorka Urtaran alkategaiak. Hirugarren indarra izan zen EAJ duela lau urte Gasteizen, eta ezkerreko alderdien babesari esker iritsi zen alkatetzara. Baina aldaketaren indarrek ohartarazi diote orain ezinezkoa izango dela orduko batasuna berriro lortzea.
PSE-EE
Indarberrituta ekingo dio PSEk hauteskunde kanpainari. Gorteetarako hauteskundeetan lortutako emaitza bikainek hauspotuta iritsi dira sozialistak udal eta foru hauteskundeetara. Itxura batean, sendatu egin dituzte Arabako PSEren barne krisiak duela lau urte irekitako zauriak, eta baldintza hobeagoetan egingo diete aurre hauteskunde berriei.
Gasteizen erraza dute 2016ko emaitzak hobetzea. Egun, PSElaugarren indarra da Gasteizko Udalean, eta lau zinegotzi ditu. Orain, baina, haizea alde du. Izan ere, hamar urteren ostean, PSEk berriro irabazi ditu hiriburuan Espainiako hauteskundeak —EAJri 5.000 botoren aldea atera dio—, eta olatu hori baliatu dezake maiatzaren 26ko bozetan emaitzak hobetzeko. Sozialisten erronka, baina, ez da alkatetzara iristea, baizik botoetan gora egitea eta akordioetan baldintzatzeko gaitasuna izatea. Gasteizen ez ezik, Araban ere gobernurako giltza izaten jarraitu nahi dute.
ELKARREKIN PODEMOS
2015eko bozetan ezustea eman ondotik, aurreikuspenak ez dira hain onak alderdiarentzat. Arabako Batzar Nagusietan alderdiak izan duen barne krisiak —zortzi batzarkideetatik lau kargugabetu zituzten, eta alderditik bota— lausotu egin du, nabarmen, 2015eko garaipena. Krisi hori gainditutzat jo du alderdiak, eta, udal eta foru bozei begira, badu aldeko beste faktore bat: Ezker Anitzarekin eta Equorekin batera aurkeztuko da bozetara, eta horrek ezkerreko boto ugari berreskuratzea ahalbidetu diezaioke.
CIUDADANOS ETA VOX
Hiriburutik aparte, oso toki gutxitan aurkeztu dituzte hautagaitzak Ciudadanosek eta Voxek. Ciudadanos Gasteizen, Erriberabeitian, Iruña Okan eta Trebiñun aurkeztuko da. Vox, berriz, Gasteizen, Dulantzin, Amurrion eta Laudion. Duela lau urte Ciudadanosek bi ordezkari erdietsi zituen Araban: zinegotzi bat Guardian, eta batzarkide bat Batzar Nagusietan —botoen %5,63 lortu zituen—. 2015eko emaitzak hobetzeko erronka du Ciudadanosek orain. Bestalde, ikusi beharko da PPren boto ihesak noraino egiten dien mesede Ciudadanosi eta Voxi.
Nafarroa. Aldaketaren estres testa
Bizkaia. Urak bare segitzen du
Gipuzkoa. Itxura berekoaren bila
Udal eta foru hauteskundeak. Araba
Aukera guztiak zabalik
PP, EH Bildu eta EAJren arteko indarrak neurtzeko plaza izango da berriz Araba; Espainiako bozen ajearen eragina ikusteko dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu