Espainiako Auzitegi Konstituzionalak gauerdira arteko epemuga zuen 2011ko maiatzaren 5ean,Bilduk aurkeztutako hauteskunde hautagaitzari buruzko epaia emateko. Jendetza elkartu zen Bilboko Areatzan, Bildu legeztatzearen aldeko manifestazioa amaitu ostean, auzitegiaren erabakiaren zain. Auzitegiak oniritzia eman zion, ozta-ozta: 6-5. Atzo, urteurreneko egunean, Areatzatik eta Iruñeko Burgoen plazatik mintzatu zen EH Bildu, «alternatiba ezkertiar eta subiranistaren» beharra nabarmentzeko. «Inoiz baino beharrezkoagoa da euskal herritarrei ordena eta segurtasuna eskainiko dien alternatiba ezkertiar eta subiranista», adierazi zuen Maddalen Iriarte EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak.
Iriartek koiuntura izan zuen hizpide, eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak COVID-19aren izurria nola kudeatu duen kritikatu zuen: «Botere publikoek herritarrei segurtasuna eta ziurtasuna helaraztea inoiz baino beharrezkoagoa den honetan, planik ez duen lehendakari bat ikusten ari gara, etengabe inprobisatzen duena eta bere erantzukizunak bere gain hartzeari ihes egiten diona. Horrek guztiak kezkatzen eta desengainatzen nau».
Iriarterekin, Areatzan izan zen Oskar Matute diputatua, eta hark adierazi zuen EH Bildu «klase herrikoien tresna» dela, «haien bizitzak hobeak eta duinagoak izateko helburua duena». Bide horretan, gaineratu zuen Bildu «sektorerik behartsuenei erantzuteko» sortu zela orain dela hamar urte, eta gaur egun «euskal ezker subiranistaren apustua» dela Euskal Herrian «desberdintasunik eta diskriminaziorik ez egotea».
Iruñean, berriz, agerraldi bat egin zuten Joseba Asiron Iruñeko alkate ohiak eta Bakartxo Ruiz parlamentariak, eta nabarmendu zuten hamar urteotan «gauza asko» gertatu direla herrialdean, eta EH Bildu «funtsezko eragilea» izan dela horietan: «Nafarroan, EH Bildu indar politiko erabakigarria izan da, da eta izango da. Iruñean eta hainbat herritan demostratu baitugu bestelako gobernantza eredu bat izan daitekeela, bestelako politikak egin daitezkeela». Zehazki, Ruizek esan zuen indar subiranista «erabakigarria» dela eskuinari aurre egiteko ere: «EH Bildu indartsu bat tresna eraginkorrena da eskuinari aurre egiteko, eskuinaren eragin politikoa eragozteko eta eskuinaren politikak alde batera uzteko».
Egungo osasun egoera gogora ekarri zuen Ruizek, eta hori arlo sozialean eta ekonomikoan eragiten ari den ondorioak. Horregatik, azaldu zuen EH Bilduren helburuak aurrerantzean ere izango direla, batetik, «jendarte duina» osatzea, eta, horretarako, beharrezkotzat jo du «eraldaketa politiko eta ekonomikoa, aberastasunaren banaketa justuago bat lortzeko». Bestetik, burujabetza jarri zuen jomugan, eta gaineratu «burujabetzarako bidean tresnarik eraginkorrena» EH Bildu dela: «Ez dugu burujabetza nahikorik unean-unean beharrezkoak diren erabakiak hartzeko, herritarren ongizatea bermatzeko».
Aukera «ezkertiar eta subiranista» goretsi du EH Bilduk urteurrenean
Iriartek nabarmendu du beharrezkoa dela botere publikoek herritarrei «ziurtasuna» ematea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu