Saioa Bilbao. Ellacuria Fundazioko ikertzailea

«Aukera ematen bazaie, atzerritarrek parte hartzeko grina handia dute»

Hainbat kulturatako pertsonen arteko bizikidetzaren baliagarritasuna nabarmendu du Bilbaok; ildo horretan, politikari eta hedabideek duten erantzukizuna nabarmendu du.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2013ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Pertsona migratzaileekin egiten duen lanaz hausnartu du Jesusen Lagundiak Migrazioak eta aniztasuna: gizarte-eraikuntzarako erronkak liburuan. Jesusen Lagundiko komunitateek eta erakundeek hamazazpi egitasmo abiarazi dituzte ildo horretan, eta, horiek aztertuta, zenbait aholku egin dituzte. Saioa Bilbao(Bilbo, 1980) Ellacuria Fundazioko ikertzailea izan da liburuaren koordinatzaileetako bat.

Jesusen Lagundiko erakundeek egindako lana aztertuta, zer ondorio atera dituzue?

Hasteko, harrerako gizartearen babesarekin, pertsona atzerritarrek arrakastaz gara ditzakete haien migrazio proiektuak. Babesa diogunean badirudi norabide bakarreko zerbait dela, baina ez da horrela. Laguntza emanez gero, harreman bat sortzen da, eta horren ondorioz, alde guztiek irabazten dute.

Nolakoa da laguntza hori?

Laguntzaz ari garenean ez du zertan izan ekonomikoa. Laguntasuna izan daiteke, gertuko harremana izatea, gazteak hartzea, arratsaldeak eskaintzea... Bizikidetza horretan denok irabazten dugu. Harrera gizarteak hori onartu behar du.

Zaila egiten al zaio hori onartzea?

Gure gizartean egonkortu egin den aniztasun bat dago, baina ez dugu barneratzen. Askotan saihestu ere egiten dugu, eta egoera txarrenetan, baztertu. Dena den, leku berean bizi gara, eta elkarbizitzara igaro behar dugu. Aniztasuna egon badago. Erronka hori kudeatzea da. Ekarpen positibo asko lor daitezke ondo eginez gero, baina, bestela, gizarte kohesioak sufrituko du.

Zein izan daiteke bizikidetzarik ez egotearen arrazoia?

Familian, kalean edo hedabideen bitartez zabaltzen diren diskurtsoek ideia batzuk sortzen dituzte. Ideia horietara mugatuz gero, bi mundu paralelo sortzen dira, elkar ukitzen ez dutenak.

Zer egitasmo dituzue mundu paralelo horiei aurre egiteko?

Gazteen arteko topaketak egin ditugu, adibidez. Haietan ikusi dugu nola aurrez aurre jartzean oso modu naturalean partekatu dituzten beldurrak eta estereotipoak, alde batekoak zein bestekoak. Aurreiritzi asko apurtu dituzte topaketetan, eta lagunak egin dira. Ikusi dute gazteak direla, eta, gazte diren neurrian, nahi eta kezka bertsuak dituztela elkarrekin.

Egitasmo hori gizartearen beste eremu batzuetara heda daiteke?

Aipatutako bizikidetza hori beharko litzateke aurretik. Berdinak garela ikusi behar dugu, eta bereizten gaituzten gauza horiek modu positiboan kudeatu. Badaude esperientziak ildo horretan, baita lan egiteko moduak ere. Lehenik eta behin, egoera aldatzeko nahia izan behar da, eta horretan sinetsi. Saiatu behar dugu; ez badugu ezer egiten, nekez aldatuko da egoera.

Liburuan atzerritarren parte hartzeari buruz hitz egiten duzue. Nolakoa da parte hartze hori? Gizartean parte hartzeko lekurik ba al dute?

Parte hartzea modu askotan uler daiteke, baina gu egunerokoan geratu gara. Aukera ematen bazaie, atzerritarrek parte hartzeko grina handia dute. Egin ditugun egitasmoetan ikusi dugu hori. Parte hartzen zutenak borondatezko langile bihurtu dira, ezagutu dituzten pertsonekin geratzen jarraitu dute, etorri berriak direnei laguntzen... Gizarte baten parte sentitzea oso garrantzitsua da edonorentzat.

Zuen eskarmentutik abiatuta, krisiak nolabait eragin al du ?

Krisiak bainoago ongizate estatuaren baliabideen murrizketak eragin du. Horrek baldintzak okertu ditu, eta, oro har, atzerritarrenak gehiago, egoera kaskarragoan bizi direlako. Politikak eta hedabideek errudun bat sortu dute, eta horrek kalte handia egin dio atzerritarrari. Esandakoa egia ez den arren, baliatu dute murrizketak egiteko: gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errenta, Etxebide...

Eman dituzuen aholkuen artean, politikariei «marra gorriak» finkatzeko eskatu diezue.

Marra gorriak identifikatu behar ditugu, eta kontu handiz zaindu behar dituzte, bai politikariek, bai hedabideek. Taldeak ez dira estigmatizatu behar. Nahi politikoetan oinarrituta daude, eta esaten diren gauza asko ez dira egia. Gure aholkua da atzerritarrek ematen duten ona ezagutaraztea eta nabarmentzea, baina, zenbat interes dauden jakinda, ez dakit erraza izango zaigun hori errealitate bihurtzea.

Lankidetzaren eta sarean egindako lanaren garrantzia ere nabarmendu duzue aholkuetan.

Funtsezkoa da, eta gure jardunean ere ikusi dugu. Esparru askotako erakundeak batuz gero, indar handiagoa daukagu ideiak sortzeko eta egitasmoak aurrera eramateko: eskolak, gizarte zentroak, unibertsitatea... Euskal Herrian elkarte asko gaude gai honetan lanean, eta indarrak bateratzeak errazten du gauzak aurrera eramatea, eta zilegitasun handiagoa ematen du.

Jesusen Lagundiak liburu honen bitartez egindakoa horren erakusle al da?

Bai, hala izan daiteke. Egitasmoen bidez ikasitakoa bateratu, hausnartu, hobetzeko duguna aztertu, ideiak partekatu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.