Aukera berrien identifikatzaile

Dozena bat urte egin ditu Brian Currinek Euskal Herrira bueltaka, gatazka konpontzeko asmoz, eta hamaika bizipen izan du. Gizarte zibileko ordezkariak bidelagun izan ditu beti: haien artean, Paul Rios (Lokarri), Anaiz Funosas (Bake Bidea) eta Agus Hernan (Foro Soziala). Gaur desegingo da HNT. Argazki galeria albistearen amaieran.

Brian Currin eta Anaiz Funosas, joan den maiatzaren 4an, Kanbon, Arnagan. BOB EDME.
enekoitz esnaola
2018ko urriaren 17a
00:00
Entzun

Argazki artxiboen arabera, behintzat, 2007. urteko urtarrilaren 30ekoa da Brian Currini (Hegoafrika, 1950) Euskal Herrian egindako lehen argazkia: Arnaldo Otegi eta Pernando Barrena Batasuneko Mahai Nazionaleko kideekin azaldu zen prentsaurreko batean, Bilbon, euskal gatazkaren konponbidearen alde egiteko. ETAk Barajasko atentatua egina zuen hilabete lehenago. 2004an hasi zen Currinen eta ezker abertzaleko ordezkarien arteko harremana, baina nazioarteko bitartekariak, batik bat, 2005-2007ko prozesuaren ondotik ekin zion euskal auzian esku hartzeari; eta, modu jarraitu eta publikoago batean, 2009tik aitzina. Lokarri herritar sarea izan zuen bidelagun, Paul Rios koordinatzailea buru zela. Gogoan du Riosek lehen enkontrua: «2008an ezagutu zuen hura, baina 2009an hasi ginen lankidetzan; urrian antolatu genion lehen bisita. Donostiako hitzaldi baterako bidean, Zornotzako restopean bazkaldu genuen biok. Zigarro bat erretzera atera zen, eta petril batean eserita ginela kontatu zidan gauzak benetan nola zeuden». Gero Donostian, Kursaaleko hitzaldian, Batasunaren apustuaren alde mintzatu zen Currin.

2009a bukatu baino lehenago antolatu zion Lokarrik euskal alderdiekin eta sindikatuekin aurreneko bilera saila: hiru egunean, hamalau batzar. «Ikusi zuen lan agenda, eta ez zuen ulertzen zergatik bildu behar zuen guztiekin», dio Riosek. «Egia esan, urte batzuetan horrela ibili genuen...». 2011ko otsailetik aurrera, modu egituratuago batean aritu zen Currin, HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldea sortu ostean.

Bake Bidea ere izan du bidelagun. Mugimendu zibilaren presidente Anaiz Funosasek 2012ko abenduan ezagutu zuen pertsonalki, Baionan, I. Bake Forumean. «Aieteko konferentziara arte nazioarteko komunitatean uste zen gatazka ETAren eta Espainiaren artekoa zela, eta ez zuten irudikatzen euskal lurraldearen parte bat Frantziaren menpe dela. Aietekotik hamalau hilabetera Baionan foroa egin genuenean, Currinek eta nazioarteko beste eragileek artean Ipar Euskal Herriaz oso-oso ezagutza txikia zeukaten, baina hasierako unetik beti hurbil sentitu dugu Currin». Funosasek azaldu du bitartekariak «ilusioz bete» zuela Bake Bidea orduan. «Egoera zail batean zegoen prozesua, eta haren mezua zen bake prozesua aitzinatuko zela guk argi izanez gero nola aitzinatu, eta, prozesua gero eta parte hartzaileagoa izan, are sendoagoa izango zela. Ikusmolde bera genuen geuk ere».

Bitartekaria sarri etorri da Euskal Herrira urte hauetan, baina, Riosen esanetan, «gehienetan diskrezioz, lan isila egitera». Ezin beti diskrezioari eutsi, ordea. Normalki, Bilboko hotel batean hartu izan du ostatu. Tarteka, Donostiako bi hoteletan ere bai —Baionan ere bai batean—, eta Aieteko konferentziaren ostean zail egiten zitzaion lasai egitea kirola. Rios: «Donostian zenean, goizetan Kontxara joaten zen lasterka egitera, baina Aiete ondoren ezinezkoa egiten zitzaion lasai aritzea, jendeak ezagutu egiten zuelako, eta harekin argazkiak egiten zituzten». Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzaileak ere badu haren pasadizo bat: iaz Bilbon bilera sail bat egiten ari zen, halako batean Hernanekin-eta hoteleko kafetegira jaitsi zen zerbait hartzera, eta Kataluniari buruz alderdiek eta sindikatuek deitutako prentsaurreko batekin egin zuten topo. «Ez nekien non sartu», dio Hernanek.

Bizpahiru eguneko egonaldiak egin ditu hemen. Behin bakarrik luzatu zuen, Riosek kontatzen duenez, eta Lokarriko orduko kideak Getxo erakutsi zion; Algortako portu zaharra eta. Jatetxe batera sartu ziren bazkaltzera, eta ez zuten haiek ordaindu, beste mahai batean zeudenek baizik. Bisitetan HNTtik ia beti Alberto Spektorowski izan du lagun. Behin, Bilbo erdigunean bazkaltzen ari zirela, dilistak atera zizkioten Spektorowskiri. «Paul, hau poesia da!».

Currinek Ormaiztegin ere izan zuen behin bazkari berezi bat: 2012ko apirilaren 22an. Nazioen Munduak aurreko egunean Gazta zati bat dokumentala aurkeztu zuen Donostian, Giza Eskubideen Zinemaldian, Jon Maiak egindakoa, eta Riosek dio insistentziaren ondorioz lortu zutela Currin ekartzea aurkezpenera. Alabarekin etorri zen. Hurrengo egunean, igandearekin, Olaberriako gaztategi batera eraman zuten —Xanti Etxezarretaren gaztategira—, eta handik Ormaiztegira, Kuko jatetxera. Igandez itxita izan ohi da, baina Iker Markinez jabeak zabaldu egin zuen okasiorako —kuadrilakoa du Angel Oiarbide, eta...—. Han ziren Rios edota Eskoziako ordezkari batzuk ere; 12-15 lagun denera. «Currini goizean bildutako zizak erakutsi zizkion nagusiak, baita eguneko tomateak ere», oroitzen da  Oiarbide Nazioen Munduko kide ohi eta Gure Esku Dago-ko eleduna. «Harrituta geratu zen. Horiek eta beste gutizi batzuk bazkaldu genituen». Postre garaian, Currinek Maiari: gaia eta doinua jarriko zizkiola bertso bat botatzeko. Doinua: The Beatlesen bat. Gaia: politikoa. Bota zuen Maiak. Nazioen Mundua egin zen Currinen bidaiaren eta egonaldiaren kargu. Oiarbide: «Geure inozentzian, ekartzera ausartu ginen, eta lortu genuen. Txikitik ere gauza asko egin daitezke. Guretzat oso garrantzitsua izan zen».

Eragozpenak

2011ko urriaren 17a, Aiete, Euskal Herriko gatazkaren historian mugarrietakoa: ETAren jarduera armatuaren bukaera Aieteko konferentziatik hiru egunera. Dena dela, Riosek uste du Currinentzat adinako garrantzia izan zuela Bruselako adierazpenak (2010). «Mugarri izan zen hura ere: ETAri su-eten iraunkor eta egiaztagarria eskatu zion nazioarteko komunitateak, eta, kasu horretan, Espainiako Gobernuari, behar bezala erantzuteko. Currinek berak sustatu zuen adierazpena». Madrilen aldetik nazioartekoek presioak izan zituzten; «espero zituzten», adierazi du Riosek. «ETAren erantzun baikorra luzatu izanak gehiago kezkatu zuen Currin, urte erdi batera erantzun baitzuen».

2008an ETAren sinadura zeraman gutun bat jaso zuen etxean, Hegoafrikan. Eskaera: euskal auzian esku hartzeari uzteko. Lokarriko kide ohiari aitortu izan dio une zaila izan zela beretzat, baina jakin ahal izan zuen ez zela erakunde armatuaren eskutitza. «Currin oso burugogorra da, zentzu onean esanda, eta aurrera jarraitu zuen». Rios harekin eta HNTkoekin bildu izan da Hegoafrikan, Londresen, Amsterdamen, Norvegian eta Kuban, eta dio ez duela sekula sumatu Espainiako polizia indarren jarraipena; «Euskal Herrian bai».

Euskal Herrian bertan polizia etxe batera deklaratzera deitu zuten behin Currin, taldekideekin batera: Baionan, 2014ko otsailean, bake forum baten bezperan. Frantziako Poliziak Baionako Unibertsitatera deitu zuen, eta unibertsitatea Riosekin jarri zen harremanetan. HNTkoekin zegoen hura, Donostian, bazkaltzen. Baionara handik, Poliziarengana. Funosasek esan du Bake Bidekoek-eta uste zutela Frantziako Justizia «tronpatu» egin zela, eta «errepresio itsuak berriz ere bake gogoa indartu» egingo zuela. NEB Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordeko kideekin nahastu zituztela ondorioztatu zuten galdekatuek, eta libre atera ziren. Ordea, berehalaxe, Funosas, Rios eta HNTkoak Baiona Ttipian afaltzen ari zirela, bi polizia agertu ziren, Lokarriren finantzabideaz galdezka. Funosas: «Lotsa aurpegia zuten, egindako guztia lotsagarria izan zelako». Bake Bideko presidentearen iritziz, «elkartasunez betea» izan zen egun hura, «indartsua». Urte bereko urrian aurkeztu zuten Baionako adierazpena Ipar Euskal Herriko sentsibilitate politiko guztiek, bake prozesua bultzatzeko; Currinen —eta Lokarriren— sukaldeko lana funtsezkoa izan zen.

Euskal Herritik at ere jardun zuen HNTko ordezkariak konponbidea sustatzen. 2015ean Parisko bake konferentzian izan zen, Asanblada Nazionalean. Madrilen agerraldi bakarra egin du: 2010eko otsailean, Arte Ederren zirkuluan. Handik bi egunera Errenterian zeukan beste hitzaldi bat, eta Loiurako hegazkin bidaian ziklogenesia izan zuten. Rios: «Pentsatu omen zuen hantxe hilko zela».

Hernanek 2016ko urrian ezagutu zuen Currin, Foro Sozialak Aieten topaketa bat egin aurretik. ETAren armagabetze zibilari buruzko txosten konfidentzial bat eman zion Foro Sozialak HNTri, eta Raymond Kendallek galdetu zien zergatik eman zieten dokumentua, izaera horretakoa bazen. «Konfiantza genuen», esan du Hernanek. Kontuan hartuz bi urte zirela foro sozialik ez zela egin eta Lokarri 2015ean desagertu zela, Currin asko poztu zen Foro Sozialak berriro martxa hartzeaz eta, gainera, iraunkor bihurtzeaz. Hernan: «Bake prozesua blokeatuta zegoen, eta uste zuen behar zuela gizarte zibilaren bultzada bat».

Arnagako ustekabeak

Armagabetu zen ETA, eta desegin ere bai. Desegite erabakiaren biharamunean ere han zen Currin —joan den maiatzaren 4an—, Kanbon, Euskal Herriko eragileek eta nazioarteko komunitateak Arnaga etxean egindako topaketan. Ezin ahantziko duen egunean, pare bat gauza ahaztu zitzaizkion: ekitaldiko gorbata eta hitzaldiko koadernoa. Rios: «Ohartu zen gorbatarik gabe joan zela Arnagara. Neurea eman nion, 2011n Aieten erabili nuena, eta ilusio handia egin zion. 2011koan ere ibili ginen gorbataren kontuarekin bueltaka. Izan ere, jardunaldia aurkezteko prentsaurrekoan gorbatarik gabe azaldu nintzen neu, eta Iñaki Anasagastik Deia-n idatzi zuen konferentzian jarri beharko nukeela. Currini eta Spektorowskiri aurretik behin baino gehiagotan esan nien ekartzeko gorbata, eta ekarri zuten, baina Kanborako ez genuen aipatu gaia, eta gabe etorri ziren». Hernan: «Arnagara heldu zenean, oso urduri ikusi nuen Currin. Autora joan zen azkar, zerbaiten bila, baina ez zuen aurkitu. Paper bat eskatu zigun, eta ohar batzuk hartzen hasi zen. Currin-eta Ezpeletako Euzkadi hotelean egon zirenez, Arnagako ekitaldiaren ondoren hara joan nintzen gauzak ixtera, eta koaderno bat eman zidaten hotelekoek: Currinek Arnagan egingo zuen hitzaldiko oharrak zekartzan kaiera zen. Hotel atariko eserleku batean utzi zuen, ahaztuta. Etxean daukat gordeta. Azalean idatzi zuen zertaz zen, data eta guzti. Barruan sei orrialdeko eskema zeukan, ingelesez. Orduan ulertu nuen zergatik zegoen hain urduri Arnagan, baina moldatu zen hitzaldian, moldatu zenez».

Haren lanaz balorazio ona egin dute Riosek, Funosasek eta Hernanek. «Egoera zailetan gaitasun handia du aukerak ikusteko, aukera horiek txikiak izanda ere, eta ez da erraza gaitasun hori izatea», azaldu du Lokarriko koordinatzaile izandakoak. «Adibidez, ETAren armagabetzea blokeatu samar zegoela, Currinek esaten zuen euskal gizartearekin batera landu beharko zela auzi hori. Edo Bruselako adierazpena egin zen hark ikusi zuelako egoera kanpotik ere bultzatu behar zela». Euskal Herriko bisitaldi bakoitza amaitzean, aukerak-eta identifikatzeko barne txosten bat prestatzen zuen, gero lantzeko.

Bake Bideko presidenteak dio pertsona lasaia dela. «Estatuen jarreragatik, gure prozesuan dena asmatu behar izan dugu, eta horrelako pertsona bat izatea garrantzitsua izan da». Foro Sozialeko koordinatzaileak nabarmendu du Currinen, eta, oro har, nazioarteko komunitatearen babesik gabe zailagoa izango zela prozesua aurrera eramatea. «Ikusi dute zer zailtasun egon diren, baina, halaber, ikusi dute zer gaitasun eta erabakitasun egon den gizarte zibilean, eta denon artean aurrera egin dugu».

Urte asko izan dira, eta gaur desegingo da HNT. Kontatzen dute Euskal Herriaz maitemindu dela Currin, eta galdetu duela ea garesti al dauden Donostian etxebizitzak. Gaur egun, Berlinen bizi da.

Azken urteetan Euskal Herrian egindako bidearen argazki bilduma osatu du BERRIAk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.