Euskara ikastea doakoa izatea lortzeko bidea urratzen ari da Eusko Jaurlaritza. Orain gutxi iragarri zuen Ibone Bengoetxeak A1 maila doakoa izango dela euskaltegi guztietan. Jokin Azkue (Asteasu, Gipuzkoa, 1961) HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen zuzendari nagusiak ziurtatu du horrela euskaratik urrun daudenak gerturatu nahi dituztela euskaltegietara. Izena eman nahi duenak euskaltegira joatea besterik ez du: «Han esango diote zein den bidea». Pausoa ematera bultzatu ditu Azkuek: «Konturatuko dira mundu berri bat irekiko zaiela».
2024-2025eko ikasturtera begira, bada berritasunik euskara ikasketetan: A1 mailan matrikulatutakoek «matrikula merke bat» baino ez dute ordaindu beharko. Zergatik hartu duzue erabaki hori?
Orain urtebete, ikerketa bat egin genuen euskaltegiekin batera; aztertu genuen euskaltegien etorkizuneko harrobia non zegoen. Ikusi genuen harrobi garrantzitsu bat dagoela hemen bertan bizi direnen eta euskaratik urrun daudenen —euskara ezagutzen ez dutenen— artean, eta, gero, handitzen ari da etorkinen multzoa ere. Multzo horretan, interes nabarmena azaltzen zuten zenbait herritarrek, esaten zutelako euskara ikasteak aukera handiak ematen zizkiela lana bilatzeko eta lan hobea bilatzeko, ez bakarrik sektore publikoan —agian, hor ez daukate leku zabalik gaur egun—, baina bai ekimen pribatuan, lantegi pribatuetarako-eta. Planteatu genuen horri heltzea eta A1eko ikastaldeen eta ikasleen sustapena egitea.
Ikasle horiek gaur egungoak baino zaurgarriagoak izango dira?
Bai, noski. Etorriko diren ikasleak zaurgarriagoak izango dira; ez dute euskara ezagutzen, euskaratik urrun daude, eta hutsetik hasiko dira. Horiei aukera bat eman nahi diegu, dirua ez dadin izan oztopo nagusia. Horretarako, diru laguntzen lerro bat ireki dugu; urritik aurrera hasiko den ikasturtean egongo da indarrean.
«Matrikula merkea» izango dela diozue. Zenbatekoa izango da ikasturte osoko ohiko ikastaro baterako?
Euskaltegi gehienetan, eskaintza oso zabala da. 120 orduko ikastaro bat euskaltegi pribatu batean 300 eta piko euro kostatzen bada, gutxi gorabehera 70 euro kostatuko da; kostu normalaren laurdena izango da. Udal euskaltegietan, prezioak apalagoak dira, baina horietan ere merkeagoa izango da. Guk diruz lagunduko dugu edozein euskaltegitan.
Zein baldintza bete beharko dituzte ikasleek?
Ez dago baldintzarik: ez adina, ez beste ezer. Euskaltegira joan beharko dute, eta esan beren helburua dela A1 maila lortzea. Taldeak osatuko dira euskaltegietan, eta talde horiek lagunduko dira diruz.
Gainera, A1 maila lortuz gero, matrikula itzuliko diete.
Hori da. Matrikula ordaindu beharko dute: merkatuan dagoen prezioaren laurdena. Gainera, ikasturtearen amaieran euskaltegian maila gainditzen badute, ikasleek eskabidea egin ahal izango dute gure ohiko deialdietan, laurden hori bueltan jaso dezaten.
Horretaz gainera, 16 eta 18 urte bitarteko C1 mailako ikasleentzako doakotasuna ere berretsi duzue. Zer deritzozue neurriari?
Balorazioa ona da. Ikasturte honetan jarri dugu indarrean, eta C1eko 16-18 urteko gazteen artean lehen halako bi ikasle ditugu: sustapen politika berezi hau gabe 2.700 ikasle inguru ibiltzen baldin baziren, orain halako bi dira, 5.000 baino gehiago. Ikasle askok eta askok unibertsitateko ikasketak egiteko edo Lanbide Heziketan aurrera egiteko lortu nahi dute C1 maila, gero aukera gehiago dituztelako lana bilatzeko edo euskarazko adarrean ikasteko. Gero eta ikasle gehiago ari da matrikulatzen ikastegietan; guretzat ezustea izan da, ez baikenuen uste ikasle kopurua lehen halako bi izango zenik, baina ikasturte batean bikoiztu da.
Horrelako aurreikuspenik egin al duzue A1 mailarako?
Ez dakigu, zeren hau desberdina baita. Hemen sustapen politika zabala egiten dugu; ez dago beste barne baldintzarik; C1ekoa mugatuta dago 16-18 urteko gazteetara, baina A1ekoa zabala da. Ez daukagu aurreikuspen jakinik, baina espero dugu igoera izango dela: litekeena da gutxienez %20-30eko igoera izatea, baina ez dakigu.
Funtsak mugatuak izango dira: 1,7 milioi A1 mailarako, eta 2,2 milioi C1 mailarako. Gutxi gorabehera zenbat ikaslerentzat izango dira laguntzak?
Ikusi behar da zer eratako ikastaroak egiten dituzten ikasleek. Baina kalkuluak egin ditugu: C1ean orain arte 5.000 baldin baziren, hemendik aurrera 6.000 baino gehiago izango dira. A1ean, kalkulu hau egin dugu: 4.200 dabiltza ikasturte honetan, eta uste dugu 5.000 baino gehiago izango direla. Baina ikusi egin behar da; lehenbizikoz jarriko dugu abian programa, eta ez dakigu erreakzioa nolakoa izango den.
Orain A1 maila izango da doakoa, baina, maila hori gaindituta, ikasleek beharko dute A2 maila, B1 maila... Ba al daukazue asmorik horiek ere doako bihurtzeko?
XIII. legealdiko programan zehazki jasotzen da aurreikuspen hori: zera jasotzen dugu, edozein pertsonari euskara doan ikasteko aukera emateko prozesuari ekitea, pixkanaka maila guztietan, A1etik C2ra. Gure asmoa da poliki-poliki maila guztietan horrelako programak indartuz joatea.