Lan ezbeharrak

Atzo izandako istripua salatzeko protesta egin dute CAFen

Antonio Urkola Tolosa 45 urteko langilearen heriotza salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur goizean CAF enpresaren Beasaingo lantegian. Arratsaldean Andoainen deitu dute kontzentrazioa.

2009ko martxoaren 10a
16:58
Entzun
Atzo Besasingo (Gipuzkoa) CAF enpresan bi garabien artean harrapatuta hil zen Antonio Urkola Tolosa 45 urteko langile andoaindarraren heriotza salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur bere lankideek. Langileak Tolosa Talleres Mecanicos Añi SL enpresarako egiten zuen lan, eta honek, azpikontrata bidez, CAF enpresarako. Beasainen CAFek duen lantokian gertatu zen lan istripua 07.45 aldera. Mediku zerbitzuak langilea suspertzen saiatu arren, bertan zendu zen langilea.

Heriotza salatzeko eta senideei doluminak eta elkartasuna adierazteko enpresa batzordeak 24 orduko lanuztea egin du atzotik gaur goizeko hamarrak arte. Horrez gain, elkarretaratzera egin dute lantegiko atean bertan. Irungo CAF enpresako 300 langileek ere lanuztea egin zuten atzo.

CAFeko enpresa batzordeak azaldu zuen langilea matxuraturiko garabi bat konpontzera joan eta horretarako garabira igotzen ari zela martxan zegoen beste garabi batek jo zuela. Prebentzio arloko ordezkariek adierazi zuten aspaldi ari direla sarbide horien "diseinu arriskutsua" salatzen, Lan Osasuneko batzorde nagusi zein azpibatzordeetan, eta, beraz, beren hitzetan, enpresa da heriotza horren "erantzule nagusia".

Gaur arratsalderako, 20:00etarako, Andoaingo Zumea plazan elkarretaratzera deitu dute LAB sindikatuak eta beste hainbat eragile sozialek. Aski da! Eredu ekonomikoa aldatzera goaz, lelopean egingo dute protesta, hildakoaren herrian bertan.

LABek gogor salatu zuen atzo "historia errepikatu" egin dela. "Beste behin ere azpikontrataturiko langile bat hil da lan istripuan, eta beharrezkoa da nabarmentzea prekarietateak eta azpikontratazioak lan eskubideen galera dakartela, eta hori lan istripu-haztegia dela". Zentzu horretan, LABek aldaketa sozial, politiko eta ekonomikoa aldarrikatu zuen, langileen osasun eta bizitzari lehentasuna emango dion aldaketa. "Patronalarekin jolasean aritzeari utziko dion Lan Sail bat" eskatu zion Eusko Jaurlaritzari, baita "arazoaren muinean eragingo duten neurriak" ere, prekarietate, azpikontratazio, lan erritmo handi edo kostuen murrizketan, besteak beste.

CCOO sindikatuak lan arriskuetarako prebentzio legea hitzez hitz betetzeko exijitu zuen, eta "duela bi hilabete enpresa batzordeak txosten batean garabietarako sarbideen desegokitasuna" salatu zuela gogorarazi zuen. UGTk kontrol handiagoa eskatu zuen "hainbat enpresak beren zerbitzuak eskaintzen dituzten lan eremuetan".

Atzoko heriotzarekin gutxienez 15 dira aurten Euskal Herrian lan istripuetan hildako langileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.