Atzerritarren lan baimenen eta meteorologiaren eskumenak Jaurlaritzaren esku uzteko ituna sinatu dute

Ubarretxenak esan du «herri gisa hazteko eta ongizatean aurrera egiteko» baliagarriak izango direla eskumenak. Hurrengoa Gizarte Segurantzaren eskumena izatea nahi dute: «Gure ahalegin eta baliabide guztiak bideratzen ari gara».

Angel Victor Torres Espainiako Gobernuko Lurralde Politiketako ministroa eta Maria Ubarretxena Gobernantza eta Autogobernuko sailburua eta gobernuko bozeramailea, gaurko bileran. IREKIA
Angel Victor Torres Espainiako Gobernuko Lurralde Politiketako ministroa eta Maria Ubarretxena Gobernantza eta Autogobernuko sailburua eta gobernuko bozeramailea, gaurko bileran. IREKIA
Kerman Garralda
2025eko martxoaren 6a
12:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Lanbiden formakuntza jasoa duten atzerritarrei lan merkatuan sartu ahal izateko baimena emateko aukera izango du Eusko Jaurlaritzak aurrerantzean. Era berean, Jaurlaritza nazioarteko erakundeen parte izango da meteorologia gaietan. Gaur sinatu dituzte lan baimenei eta meteorologiari buruzko eskumenak eskualdatzeko akordioak Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak, Madrilen, Lurralde Politikarako Ministerioan.

Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, 5.000 lagunek baino gehiagok jaso dute prestakuntza Lanbiden, baina ezin izan dute lanean hasi dokumentazio faltagatik. Orain, izapideak «arinago» egin ahalko ditu Eusko Jaurlaritzak, Maria Ubarretxena Gobernantza eta Autogobernuko sailburu eta gobernuko bozeramaileak esan duenez, eta errazagoa izango dute lan munduan barneratzea. «Langileak behar ditugu hainbat sektoretan. Erronka demografikoa da aurrez aurre dugun erronkarik handienetariko bat, eta, horregatik, atzerritarrak laneratzea funtsezkoa da garapen ekonomikorako». Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak kudeatuko du eskumen hori.

Meteorologia arloan lortutako akordioari esker, besteak beste, Euskalmetek fenomeno meteorologikoek izan ditzaketen eragin eta ondorioei buruzko alerta eta abisuak emango ditu, udalerri edo eskualde bakoitzaren aldagai orografiko edo urbanistikoak eta EAEko Segurtasun Plan Orokorra kontuan hartuta. Halaber, euskal erakundeetako ordezkariek parte hartuko dute Munduko Meteorologia Erakundean, Epe Ertainerako Iragarpenerako Europako Zentroan eta Lurraren Behaketa Taldean. 

Donostiako Etxaide Borda Eusko Jaurlaritzaren esku uztea ere adostu dute. Orain arte Aemeten egoitza izan da. Azkenik, Igeldoko Behatoki Historikoa bertako arduradunek kudeatuko dute. Gipuzkoako Foru Aldundiarena izan zen zentroa 1940. urtera arte; Espainiako Gobernuak bere egin zuen orduan, eta orain Eusko Jaurlaritzari itzuli dio.

Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko ordezkariak, bilduta, gaur Lurralde Politikarako Ministerioan egin den batzarrean. IREKIA
Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko ordezkariak, bilduta, gaur Lurralde Politikarako Ministerioan egin den batzarrean. IREKIA

Bileraren ostean, Maria Ubarretxena Gobernantza eta Autogobernuko sailburu eta gobernuko bozeramaileak «pozik» hitz egin du kazetarien aurrean, eta jaso berri dituzten eskumenen garrantzia azpimarratu du: «Eskualdaketa bakoitza aurrerapauso bat da, eta eskumen bakoitzaren bidez gure autogobernua zabaltzen ari gara, erabakitzeko gaitasuna handitzen, herri gisa hazteko eta ongizatean aurrera egiteko». Harekin izan da Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza zabal bat ere: Mikel Torres lehendakariordea eta Ekonomia eta Lan sailburua, Noel d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburua, Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburua eta Begoña Perez de Eulate Autogobernu zuzendaria.

Mahaiaren beste aldean, Angel Victor Torres Espainiako Gobernuko Lurralde Politiketako ministroa. «Egun garrantzitsua da Euskal Herriarentzat, baina baita Espainiako Gobernuarentzat ere», adierazi du Torresek. Duela aste batzuk Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak egin zituen adierazpenen inguruan ere galdetu diote kazetariek. Migrazio gaiak «bakarrik» Espainiako Gobernuarenak zirela esan zuen orduan. Torresek nabarmendu du mugen kontrolaz ari zela, eta horiek etorkizunean ere Espainiako Polizia eta Guardia Zibilaren lankidetzaren bitartez kudeatuko direla.

Hemezortzigarrena

Eskumen aldaketa sinatzea besterik ez zen falta, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak aurretik iragarria zutelako adostasuna lortua zutela, xehetasun gehiagorik eman gabe. Hasieran aurreikusi baino astebete geroago elkartu dira, baina kontuan izanda ia mende erdiko atzerapena daramatela, ez da esanguratsua. 1979. urteko Gernikako Estatutuan jasota daude bi eskumenak.

Estatutuaren betetzea azkartu egin da azken urteetan. Meteorologiaren eta atzerritarren lan baimenen transferentziari batu behar zaizkie azken urtean Jaurlaritzak bereganatutako beste bost ahalmen: itsasertzen kudeaketa, zinemagintzaren alorrekoa, aldiriko trenen kudeaketa, bizitzeko gutxieneko errentarena eta errepideko garraioarena. Are, 2018an Pedro Sanchez Espainiako presidente izendatu zutenetik, hemezortzi transferentzia eskualdatu dizkio Madrilek Gasteizi.

Sanchez Moncloara eraman zuen itunarekin loturik dago Gernikako Estatutua osorik betetzeko Espainiako Gobernua orain egiten ari den ahalegina: EAJk estatutua osorik betetzeko konpromisoa eskatu zion PSOEri, Sanchezen inbestidura babestearen truke. Aurreko legealdian ere, Sanchezek hartua zuen konpromiso hori jeltzaleekin, baina ez zuen bete transferentzien kronograma; pandemiaren legealdia izan zen hura.

25 falta dira

Gernikako Estatutuan jasotako transferentzia guztiak gauzatzeko 25 eskumen eskualdatzea falta da. Ubarretxenak iragarri du multzoka negoziatuko dutela aurrerantzean, «eskumen bakoitzaren jardun eremua eta egungo errealitate juridikoa kontuan hartuta». Horrela, negoziazioak «errazagoak» eta «arinagoak» izango direla uste dute.

Gizarte Segurantzaren eskumena negoziatzen ari dira orain. «Gure ahalegin eta baliabide guztiak bideratzen ari gara». Bost eskumen biltzen ditu bloke horrek, tartean, pentsioen kudeaketa. Hor dago eztabaidarik gogorrena, Espainiako alderdiek eta sindikatuek ez dutelako nahi Madrilek ahalmen hori galtzerik. Edonola ere, Gasteizko eta Madrilgo teknikariak ari dira lehen proposamenak lantzen, eta EAJk garbi esan du Gizarte Segurantzaren eskuduntza ere Gernikako Estatutuan jasoa dagoela.

Jaurlaritzaren eta Espainiaren arteko «sintonia ona» azpimarratu du Ubarretxenak. «Konpromiso irmoa dugu, borondate politikoa dago eta adostutako egutegi bat dugu; zorrotz eta exijentziaz ari gara lanean Estatutua oso-osorik betetzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.