Atzerritarren «kriminalizazioa» gaitzetsi du CIMADE elkarteak

Hendaiako atxikitze zentroan 219 gizon hetsi zituzten iaz; horietarik 54 kanporatu dituzte

CIMADEren agerraldia, atzo, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2022ko irailaren 15a
00:00
Entzun
«Atzerritarren kriminalizazio logika areagotu da azken urteotan». Hitz gogorrekin mintzatu zen, atzo, Nina Chaize CIMADE elkarteko langilea. Hendaiako (Lapurdi) atxikitze zentroan egiten du lan, bertan gakotuak direnei aholku juridikoak emateko. 2021. urteko bilana egin du elkarteak: 219 gizon egon dira hetsirik; eta horietarik 54 kanporatu dituzte, paperik ez izateagatik. Itxialdien batez besteko iraupena 27 egunekoa izan da; 2019an, 16 egunekoa zen. «Muga batzuk oraino itxiak dira, baina jendea zerratzen segitzen du Frantziak. Atxikitzearen oinarri legala kanporatze perspektiba bat izatea da. Mugak itxita badira, ez da perspektibarik; beraz, jendea atxikitzeko oinarri legalik ez da», azaldu zuen Julie Aufaure CIMADEko langile eta zuzenbide adituak.

Elkarteak salatu du, halaber,pandemiaren ondorioz bertan atxikiak diren atzerritarren eskubideak are murritzago direla. PCR proben kasua aipatu zuen Chaizek: «Kanporatze agindua dutelarik, PCR proba bat egin behar dute herrialde batzuek hala eskatuta. Ukatzen badute, ordea, epaituak dira eta kartzelara sar daitezke. Atxikitze administratibotik zuzenean presondegira doaz», salatu zuen.

Izan ere, 2021eko agorriletik Frantziako legean delitu bat da kanporatze agindua ez betetzeko PCR proba ukatzea. CIMADE elkarteko langileek «kasu bat baino gehiago» ikusi dituzte azken hilabeteetan; eta, akusazio horren pean, lau hilabeterainoko kartzela zigorrak jaso dituzte batzuek. Azpimarratu zuten, halaber, Baionako eta Paueko auzitegiak «oso zorrotzak» izan direla, kartzela zigorrak ezartzen baitizkiete atzerritarrei PCRa ukatzeagatik. «Diskriminazioa da. Hetsialdiaren gurpil zorotik ez dira ateratzen», gaitzetsi zuen. Hain zuzen, bi hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten gizon bati; protesta gisa ezpainak jostea deliberatu zuen. Kartzelaldia bete ondoan, aske utzi zuten.

Bestalde, pandemiaren ondorioz ezarritako neurri batzuek irauten dutela salatu dute. Aufaure CIMADEko langileak azaldu zuen jada ez dutela higiene neurririk bete behar; haatik, bisitetan pertsona bakarra ikus dezakete. Esplikatu zuten elkarteko laguntzaileak ezin direla gehiago zentrora etorri, binaka etortzea baita haien irizpidea. Gainera, bisitak Frantziako Poliziaren kontrolpean egin behar dituzte oraindik ere. «CIMADEren helburua atxikitze zentroetan diren pertsonen lekukotasunak biltzea da. Polizia bat hor bada haiek zaintzeko, ez digute kontatzen gertatzen dena», erran zuen Aufaurek.

Haurrik eta emazterik ez

Pandemiaren ondorioz, emazteentzat eta haurrentzat egina zen lekua COVID-19aren kutsatzeak ez izateko itxialdi lekutzat erabiltzen dute. Ez dute, beraz,emazterik eta haurrik atxikitzen. Aufaure: «Atxikitze zentroa bere horretan den izugarrikeria alde batera utzita, pozgarria da emazterik eta batez ere haurrik ez gehiago izatea bertan». Frantziako Estatua zortzi aldiz kondenatu du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak arrazoi horrengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.