Ondare historikoa

Atzerriko inbertitzaile batek Butroeko gaztelua erosi du

Dirudunak lau milioi euro ordaindu ditu gazteluaren truke. Salmentaz arduratu den agentziak zehaztu du erosleak «bere gozamenerako» eskuratu duela gotorlekua; ez da jakina horrez gainera negozio asmorik duen.

Butroeko gaztelua, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko abenduaren 21a
10:49
Entzun

Atzotik, jabe berria du Gatikako (Bizkaia) Butroeko gazteluak. Gotorlekuaren salmentaz arduratu den Inbisa etxebizitza agentziak akordio bat erdietsi du atzerriko inbertitzaile aberats batekin. Azkenik, lau milioi euro ordaindu ditu dirudunak, eta, orain, bereak dira jatorria Erdi Aroan duten 2.400 metro karratuko eraikina eta 35.000 metro karratuko parkea. Bost solairu, kapera, leotzak, liburutegia, ur putzua, lau dorrexka eta upategia; denak dira atzerriko aberatsaren esku.

Atzo goizean adostu zuten erosketa agentziak eta erosleak, 11:00k aldera. Inbisak azaldu duenez, inbertitzaileak «bere gozamenerako» egin du erosketa, printzipioz. Izan ere, oraingoz ez da jakina gazteluarekin eta inguruko lurrekin etekin ekonomikoak ateratzeko moduko negozio asmorik ba ote duen.

Bizkaiko gaztelurik sonatuena izanik ere, Butroeko gaztelua ez dago ondare publiko izendatua. Ordea, administrazio publikoek izan dute urrats hori egiteko aukerarik. Izan ere, Inbisaren esanetan, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta Gatikako Udalak «une oro» izan dute negoziazioetan ematen ari ziren pausoen berri. Hori hala izanik ere, bakar batek ere ez du baliatu eroslehentasunerako ahalmena.

Enegarren saiakeran

Etxebizitza agentziak aitortu du azken urteetan hainbat eskaintza jaso dituztela Butroeko gaztelua erosteko. Ordea, diotenez, bakar bat ere ez da izan eskakizunekin bat egiteko aski egokia. «Ez gintuzten ekonomikoki asebetetzen», adierazi dute. Orain, bada, 4 milioi euroko eskaintza izandakoan sentitu dute urratsa egin beharra.

Gainera, agentziak nabarmendu du, alde ekonomikoez gainera, franko begiratu diotela erosleak ondarea ahalik hobekien zaintzeko erakutsi beharra duen konpromisoari. «Prozesu guztian» egin diote so alderdi horri. «Gunea modu egoki batean zainduko zutela bermatu arte», itxaron dute, azaldu dutenez. «Orain, ziur gaude erosleak ikusten duela eta garrantzia ematen diola gazteluaren erakargarritasunari eta aberastasunari, baita lorategietan ageri den aniztasunari ere». Emandako datuen arabera, 70 landare espezie baino gehiago dira bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.