Ustelkeria

Atzeratu egin dute Alonsotegiko alkate ohiaren aurkako epaiketa

Akusatuaren osasun arazoak direla eta, bertan behera utzi dute epaiketa. Urtarrilean akordio bat egin zuten arren, Erezumak ez du dirua itzuli adostutako epeetan.

Alonsotegiko udaletxea. MONIKA DEL VALLE/FOKU
jone arruabarrena
2022ko urriaren 17a
13:14
Entzun

Bertan behera geratuko da, oraingoz, Jose Luis Erezuma Alonsotegiko (Bizkaia) alkate ohiaren aurkako epaiketa, auzipetuak dituen osasun arazoak direla eta. Atzeratu egingo dute, baina oraindik ez dute datarik zehaztu.

Erezuma 2011tik 2015era izan zen herriko alkate, EAJn. Udaleko arkitekto izandako lankide batekin eta Laneder Construcciones eraikuntza enpresako bi kiderekin batera zegoen auzipetua, ustelkeria kasu batengatik. Akusatuek 2011n egin zuten delitua: udalak diru laguntza bat eskatu zuen euriteek eragindako kalteak konpontzeko, baina eskuratutako dirua enpresa batekin zuen zorra kitatzeko erabili zuen, 2008an enpresak herriko osasun etxea berritzeko egindako lan batengatik.

Zehazki, 600.000 euroko laguntza bat eskatu zion foru aldundiari, eta 81.000 euroko beste laguntza bat ere lortu zuten udalaren bidez; euriteek ustez eragindako apurketen inguruko txosten faltsu bat ere egin zuten, horiek konpontzeko dirua behar zutela justifikatzeko.

EH Bilduk hartu du herri akusazioaren lana, eta 48 urteko kartzela zigorra eskatu ditu. Bi aldeek akordioa lortu zuten urtarrilean: bi urteko espetxe zigorra, hamarreko inhabilitazioa, eta 881.000 euro ordaintzea onartu zuten. Zehazki, lapurtutako dirua itzultzea adostu zuten (681.000 euro), eta interesengatik beste 200.000 ordaindu beharko zituzten. Hala ere, akusatuek ez dute dirua itzuli adostutako epeetan, eta, beraz, epaiketak aurrera jarraitu du.

«Ez da kasu bakan bat»

EH Bilduk, adierazi du «Alonsotegiko herriari egindako kaltea» konpondu egin behar dela, eta horretarako beharrezkoa dela epaiketak aurrera jarraitzea. Gainera, ezinbestekotzat jo dute prozedurak hiru baldintza betetzea: «Prebarikazioko, dokumentuak faltsutzeko eta dirulaguntzetan iruzur egiteko delituak aitortzea, zigorra ezartzea eta iruzur egindako diru guztia itzultzea».

Era berean, alderdiak gogorarazi du ez dela ustelkeriagatik ezarritako lehen zigorra, eta bereziki EAJko alkatetzetan gertatutako kasuak nabarmendu ditu: «Hau ez da kasu bakan bat, eta horren froga da duela gutxi Alonsotegiko EAJko alkate ohia den Aitor Santistebanen aurkako prozedura judizialak aurrera jarraitzen duela, eraikuntza enpresekin obrak simulatzeagatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.