Atzeratu egin dute Alonsotegiko alkate ohiaren aurkako epaiketa

Akusatuaren osasun arazoak direla eta, bertan behera utzi dute epaiketa. Oraindik ez dute zehaztu noiz egingo duten epaiketa

Alonsotegiko udaletxea, artxiboko argazki batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
jone arruabarrena
2022ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Bertan behera geratuko da, oraingoz, Jose Luis Erezuma Alonsotegiko (Bizkaia) alkate ohiaren aurkako epaiketa, auzipetuak dituen osasun arazoak direla eta. Atzeratu egingo dute, baina oraindik ez dute zehaztu noiz egingo den.

Erezuma 2011tik 2015era izan zen herriko alkate, EAJren izenean. Udaleko arkitekto izandako lankide batekin eta Laneder Construcciones eraikuntza enpresako bi kiderekin batera zegoen auzipetua, ustelkeria kasu batengatik. Akusatuek 2011n egin zuten delitua: udalak diru laguntza bat eskatu zuen euriteek eragindako kalteak konpontzeko, baina eskuratutako dirua enpresa batekin zuen zorra kitatzeko erabili zuen, 2008an enpresak herriko osasun etxea berritzeko eginiko lan baten harira.

Zehazki, 600.000 euroko laguntza bat eskatu zion foru aldundiari, eta 81.000 euroko beste laguntza bat ere lortu zuten udalaren bidez; euriteek ustez eragindako apurketen inguruko txosten faltsu bat ere egin zuten, horiek konpontzeko dirua behar zutela justifikatzeko.

EH Bilduk hartu du herri akusazioaren lana, eta 48 urteko kartzela zigorra eskatu du. Bi aldeek akordioa lortu zuten urtarrilean: bi urteko espetxealdia, hamarreko inhabilitazioa eta 881.000 euroko zigorra ezartzea onartu zuten. Zehazki, lapurtutako dirua itzultzea adostu zuten —681.000 euro—, eta interesengatik beste 200.000 ordaindu behar zituzten. Hala ere, akusatuek ez dute dirua itzuli adostutako epeetan, eta, beraz, epaiketak aurrera jarraitu du.

«Ez da kasu bakana»

EH Bilduk komunikatu baten bidez adierazi du «Alonsotegiko herriari egindako kaltea» konpondu egin behar dela, eta, horretarako, epaiketak aurrera jarraitzea beharrezkoa dela. Horrez gain, auzia modu egokian bideratzeko, ezinbestekotzat jo du prozedurak hiru baldintza betetzea: «Prebarikazioko, dokumentuak faltsutzeko eta diru laguntzetan iruzur egiteko delituak aitortzea, zigorra ezartzea eta iruzurreko diru guztia itzultzea».

Era berean, koalizioak gogorarazi du ez dela ustelkeriagatik ezarritako lehen zigorra, eta bereziki EAJren alkatetzetan gertatutako kasuak nabarmendu ditu: «Hau ez da kasu bakana, eta horren froga da duela gutxi Alonsotegiko EAJko alkate ohi Aitor Santistebanen aurkako prozedura judizialak aurrera jarraitu duela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.