Lurdes Auzmendi. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordea

«Atzerapausorik ez da izan; normaltasun osoz aritu gara, legeak betez»

Jaurlaritzako ibilbidea amaitzear, egindako lanaren balorazio ona egin du Auzmendik. Adostasuna izan du ahotan behin eta berriz. Datorren gobernuak ere hori gogoan izatea nahitaezkotzat jo du.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2012ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Agintaldia amaitzear, baina lanez lepo jarraitzen du Lurdes Auzmendik (Ataun, Gipuzkoa, 1956), Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Euskaltegi itunpekoen egoera du kezka iturri: matrikulazioa %25 jaitsi dela ohartarazi dute. Jaurlaritzan eginiko lana defendatu du Auzmendik, eta adierazi du murrizketak beste alor batzuetan baino txikiagoak izan direla hizkuntz politikan. Oraindik ez du erabaki zer egin kargua uztean; unibertsitatera itzultzea du buruan, hala ere.

Mozketak dira hizpide azken boladan. Hizkuntz politikan beste alorretan baino gehiago murriztu duzue?

Inolaz ere ez. Hasiera-hasieratik, hizkuntza politika oso zaindua izan da gobernu honetan. Euskararen alorreko aurrerapausoak ez dira egoeraren araberakoak; ibilbide luzeko kontua da, eta funtsean ezin da geratu. Hasieratik esan genuen: euskararen normalizazioan zein da nahitaezko sarea? Bost diru laguntza deialdi handi dauzkagu; azken batean, gizartea baita bere egin behar duena hizkuntz politika. Bost deialdi nagusi horietan oso mozketa txikiak izan dira agintaldi osoan, gure helburua zelako sare horiek sendo jarrai zezatela lanean. Mozketak egin behar izan ditugu, tamalez, denok bezala, baina ez dira hain handiak izan.

Itunpeko euskaltegiek ohartarazi dute lau ikasletik bat galdu dutela.

Matrikulak ixten ari dira egunotan. Euskaltegi pribatuak kezkatuta daude. Publikoak, ez; badirudi matrikulak normal egiten ari direla, gorabehera gutxirekin. Pribatuek iragarri dituzten emaitzak badituzte, benetan kezkatzekoak dira. Ez dut uste jaitsiera hain handia izango denik. Euskaltegiak oso garrantzitsuak dira: erabilera sustatu behar dugu, eta, erabiltzeko, jakin egin behar da.

Zer gertatu da hainbeste jaisteko?

Ez dakigu. Lehen bilera egin dugu [ostiralean], eta esan diet egun batzuk badaudela matrikula itxi arte. Goazen itxarotera. Kosta egiten zait sinestea udal euskaltegietan ez jaistea eta besteetan bai. Diru arazoa izan daiteke, agian, baina aldea ez da hain handia. Balorazioak egiten hasi aurretik, datuak behar ditugu. Dudarik gabe, erorketa aurreikusten genuenaren gainetik oso handia bada, ni konprometitu naiz gobernuak lan egingo duela bilatzeko nola gutxitu daitekeen eragin kaltegarri hori. Batez ere langileengan, haiek jasango dutelako eragina.

D eta B ereduetako ikasleak tituluetatik salbuesteak eraginik izan du?

Ezetz esan digute. Oro har, egun dugun egoera penagarri honetan, kontuan ez da hartu behar egoera ekonomikoa soilik; psikologikoa ere aintzat hartu behar da. Langabezian dagoenak ez badauka itxaropenik lanean hasteko, nola edukiko du euskaltegira hurbiltzeko animoa? Hiru herrialdeen artean aldeak daude agintari politikoen aldetik, baina beherakada horretan ez dago apenas alderik.

Azken ebaluazio diagnostikoa: sare publikoan D ereduko ikasleen %28 eta B eredukoen %53 ez dira batez besteko mailara iristen euskaraz. Bidezkoa da tituluetatik salbuestea?

Dekretuan finkatutako aitortza mailak apalenak dira, gure inguruko lurraldeekin alderatuz. Ez dugu dudarik ikasleek badutela aitortutako maila. Asko gogoetatuta eta eragile eta aditu askorekin hitz eginda hartutako erabakia da. Oso zuhur jokatu dugu. Badakigu gurea egoera berezia dela; daukagun euskaldun kopurua daukagu, oso poliki goaz, gatozen lekutik gatozelako. Baina oro har, bai, badaukate aitortutako maila.

Izan dira kritikak hizkuntz eskakizunak jaitsi egin direlakoan. Atzerapausoa ekarri du gobernu honek?

Atzerapausorik ez da izan. Osakidetzako oposizio sistemari egin zaio kritika. Lehenago hainbat urtez erabilitako sistema batera itzuli zen, eta konbentzituta gaude euskara ez dela soilik kaltetua ateratzen, baizik hobeto dagoela. Ez da izan atzerapausorik. Normaltasun osoz aritu gara, eta legeak arautzen duena bete da. Aurrerapausoak eman ditugu: administrazio barruan, itzultzaile zerbitzu osoa zentralizatu da, eta zer testu itzuliko diren zehaztu; horrek dakar testu batzuk euskaraz sortzea. Erabilera handitu dugu. Lantzen ari dira hizkuntz eskakizunen azterketa sakon bat. Urte amaierarako eginda egongo da. Egokitzapenak egin beharra dagoela denek onartzen dute. Ez du esan nahi eskakizun gutxiago behar direla. Postu batzuetan gehiago idatzizkoa edo ahozkoa behar den zehaztu behar da, adibidez.

Euskarazko hedabideek beste antolaketa bat behar dutela esana duzu. Zein da zure proposamena?

Sektorearekin harremanak sarri izan ditugu, eta oso emankorrak. Sektoreari askotan esan diot: behar ditugu hedabide sendoak, indartsuak. Ez dut esaten horrenbeste herri aldizkari interesgarriak ez direnik, baina nahitaezkoak ez dira. Dena ez da nahitaezkoa euskararen izenean. Garbi daukat euskarazko egunkari on eta sendo bat behar dugula, edizio elektroniko indartsu bat ere edukiko duena. Eta hori BERRIA da, edo toki hori betetzea BERRIAri dagokio. Krisiak harrapatuta, edizio elektroniko hori egiteko arazoekin dabil, eta horregatik erabaki du Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat sinatzea BERRIArekin. Diru laguntza bat jasoko du, 200.000 eurokoa, Interneteko edizio horretarako behar dituen inbertsioak egin ditzan. Euskal irakurle asko daude horren egarri, eta seguru nago askoz gehiago inguratuko direla bide berri hori sendotu ondoren.

Euskalgintzarekin nolako harremanak izan dituzu?

Oso erosoak. Niretzat ez zen arrotza, mundu horretakoa bainaiz. Jario izugarria eduki dugu, eta oraindik betea dut agenda, hauteskundeak hurbil egon arren. Gorabeherak izan dira, noski, baina ateak beti zabalik izan dituzte.

Ramon Etxezarretak esana da: «PSE-EEk aukera historikoa dauka euskararen munduek etxeko senti dezaten». Lortu du?

Nik uste dut baietz. Gobernuko arduradunokin hizkuntz politikaz hitz egiten ari denean bat, ez da pentsatzen ari alderdi sozialistakoa dela. Agintaldi honetan aurrerapauso handia egon da gizarteak ez dezan kontuan hartu euskararen aldeko aldarrikapenak egiten ari dena zer alderditakoa den; euskararen aurkakoak egiten baditu, normala denez, lupa handia jarriko du horretan. Zorionez, desagertu dira geratzen ziren mesfidantza aztarna horiek. Alderdi sozialistak ez zuen dudarik: bere egiten du euskara, eta hori erakusten ari gara egunero.

Nafarroako Gobernuarekin akordio bat sinatu duzue. Hautsitako harremana berreskuratu du Jaurlaritzak?

Harremanak bazeuden Nafarroako Gobernuko jendearen eta Jaurlaritzakoaren artean. Lan harremanak. Ez da gogorra izan akordio hori lortzea. Aspalditik landuta zegoen. Barruan lan egiten bada, zer arazo dago modu irekian aitortzeko? Jarraipen batzorde bat badago. Identifikatu dugu zertan aritu lankidetzan, eta izendatuta daude arduradun teknikoak.

Euskara Sustatzeko Ekintza Plana parlamentura igorrita dago. Gerta daiteke legegintzaldi batetik besterako tartean tiraderan geratzea?

Espero dezagun ezetz, benetan hutsegite izugarria bailitzateke. Dudarik gabe EAJk, PSEk, PPk eta EH Bilduk erronka hori izango dute legebiltzarra osatzean. Espero dut lehenbailehen heltzea, hobekuntzak egitea eta onartzea. Hankak lurrean egindako plana da, gauza xeheetara jaisten dena. Lerro nagusietan ados egonik, falta zaiguna da esatea nola egiten den hori. Espero dut 2013ko erdia baino lehen abian izatea plana.

Beste kolore bateko gobernua izango da hurrengoa. Oraingo erabakiak atzera botatzeko arriskua badago?

Segun nor datorren, agian izango du tentazio hori. Guk ez genuen eduki. Egia da gauza batzuk aldatu genituela, adostasun handirik gabe onartu zirenak. Hizkuntz politika edonorentzat izugarrizko erantzukizuna da. Kasu guztietan ez gaude denok ados, baina, oro har, adostasun handiarekin ari gara. Datorrena datorrela, espero dut metatzen jarraitzeko borondatearekin etortzea. Hobe da zerbait hoberako egitea, desmuntatzen eta aldatzen denbora galtzea baino. Adostasun handiz eginiko gauzei eutsi egin behar zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.