Abortua. Espainiako Gobernuaren erreforma

«Atzerapauso handia»

Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroak ostiralean aurkeztutako abortuaren lege berriaren aurka mintzatu dira hainbat alorretako pertsona ugari.

Ehunka lagunek parte hartu zuten Bilboko manifestazioan, PPren egoitzatik Bizkaiko Foru Jauregira. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2013ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Kontzebituaren Bizia eta Haurdunaren Eskubideak Babesteko Lege Organikoa deitu dio PPren gobernuak. Eskubideen aurka jotzen duela eta 1985eko legea baino atzerago doala esan dute alor ezberdinetako hainbat pertsonak. Gizarte osoak erantzun behar duela uste dute.

MADDALEN IRIARTE ETBko kazetaria

«Tratu txarra da emakumeontzat»

1. Eskandalagarria iruditu zait. Atzerako urrats handia da. Emakumeok indibidualki eta kolektiboki gure gorputzaren jabe izateko dugun eskubidea urratzen du. Tratu txarra da emakumeontzat.

2. Aurka egin beharko da, kontrako jarrera erakutsi, baina batez ere antolatu, eskubidea bermatu ahal izateko. Lege berria oso txarra da, orain dela 30 urte bezala dirudunek abortatu ahal izango dutelako, baina baliabide gutxiagoko emakumeek era eskasean abortatu behar izango dutelako, euren bizia arriskutan jarriz.

GARBIÑE BIURRUN Epailea

«2010eko legeak ondo funtzionatu du»

1. 2010eko legea ez zen zertan aldatu; ona da, ondo funtzionatu du, eta segurtasuna eman die emakumeei. Gainera, ez doa Espainiako Konstituzioaren aurka. Europan dagoen sistemaren barruan sartzen da, eta ez du ezberdintasunik ekartzen aberats eta pobreen artean. Gallardonen lege proiektua, ordea, emakumearen askatasunaren aurkakoa da. Jada oinarria ez da andrearen askatasuna, baizik eta kontzebituaren babesa eta emakumearekiko mesfidantza. Abortua ez da legezkoa izango, eta asko murriztuko dira abortatzeko baldintzak. Bestalde, aholkularitza derrigortuko du, andreok zer erabaki behar dugun jakingo ez bagenu bezala.

2. Elkarteak eta erakundeak erantzun irmoa ematen saiatuko dira. Baina erantzuna arlo guztietan eman behar da, kalean, eta arlo juridikoan ere bai. Bestetik, espero dut Espainiako Gorteetan eztabaida aberatsa izatea, eta azkenean, emakumeen askatasuna eta duintasuna garaile izatea.

JONE MARTINEZ PALACIOS EHUko irakaslea

«Espainiako estatuaren desdemokratizaziorako lege bat da»

1. Gallardonek proposatu duen legea Espainiako estatuaren desdemokratizaziorako lege bat da, biztanleriaren erdiaren eskubideen aurkako neurria den heinean. Emakumeen gorputzak kontrolatzeko lege bat da; 1985eko legeak baino gehiago kontrolatuko ditu gorputzak. Bitartekari gehiago —medikuak— sortzen dira, eta erabakia hartzeko aukera ematen zaie. Gainera, dirua duten emakumeek atzerrira joko dute abortatzera, baina dirurik ez dutenak egoera tamalgarri batean egongo dira. Gallardonek dio legearekin ez dela ezberdintasunak sortuko fetuen artean, baina emakumeak eta fetuak maila berean jarrita, emakumeen eskubideak bigarren mailan utziko ditu. Proposamena lotsagarria da.

2. Gaur [atzo] Hego Euskal Herriko eta Espainiako hainbat hiritan emakume asko kalera atera gara, kasu batzuetan PPren egoitzen aurrean. Emakumeen arteko itunak egon beharko lirateke alderdi politikoetan. Feministok erantzun zuzen bat eman behar dugu, kalean eta erakunde publikoetan. Komunikabideek legeaz informatzea ere garrantzitsua da. Abortuak libre izan behar du. Emakumeek abortatzeko eskubidea izan behar dugu, bitartekaririk gabe.

MIREN AZKARATE Euskaltzaina eta EHUko irakaslea

«Abortatu nahi duen emakumeak ahalegin guztiak egingo ditu abortatzeko»

1. 1985eko legea baino atzerago joatea da: urte hauetan egindako bidea desegin, eta atzerago joan da. Epetan ere mugatzera joan dira. Esperientziak erakusten digu abortatu nahi duen emakumeak ahalegin guztiak egingo dituela abortatzeko. Francoren garaian dirua zutenak Londresera joaten ziren abortatzera, eta dirua ez zuten askok bizitza galdu zuten ahaleginean. Jaioko denaren eskubideak babesten direla dio Gallardonen legeak, baina azkenean amari kalte egiten zaio. Eta umea jaiotzen bada, zer baldintzatan den ikusi behar da. Lege honekin 70eko hamarkadara itzuliko gara, eta batek baino gehiagok egoera oso gogorra biziko du.

2. Gizarteak bere desadostasuna tinko erakutsi beharko luke. Tamalez, Espainiako Gobernuak hezkuntza erreformarekin erakutsi du kapaz dela aurrera egiteko, oposizioak eta gizarteak kontra gogor egin arren. Edonola ere, berri hau txarra da ez soilik andreentzat, baizik eta gizarte osoarentzat: kontu honetan emakumeak eta gizonak batera gaude.

ITXARO BORDA Idazlea

«Atzean Eliza katolikoaren eskua nabaritzen da»

1. Legearen desarilkatzea ahalkegarria da, batez ere atzean Eliza katolikoaren eskua nabaritzen delako. Frogatzen da gaurko estatu neoliberalek fede molderik integristenak dituztela oinarrian. Ondorioz emakumeari erabakitzeko ahalmena kentzen zaio, eta infantilizatzen eta psikomedikalizatzen da.

2. Erantzunak erasoaren neurrikoa beharko luke. Espainian horrelako legea onartzen bada, Europako beste herrietako legediak lanjerrean izanen dira. Frantzian adibidez, duela gutxi Baionako apezpikua Washingtonen abortuaren kontrako elkarteekin batera manifestatzen ikusi dute. Gainera, diputatuek bozkatzera eskainiagatik Europar Batasunaren mailan ez dute lortzen abortatzeko eskubidea egonkortzea eta guztien lege izatera pasaraztea.

MIKEL OTXOTORENA On:giz taldeko kidea

«Erantzun gogorra eman beharko da ahalik eta esparru zabalenetatik»

1. Sekulako atzerapausoak dira Espainiako Gobernuak hartutako erabakiak. Emakumeen eskubideen urraketa handia ekarriko dute. Abortua eskubide bat izatetik delitu izatera pasatuko da.

2.Alde ezberdinetatik eman beharko litzaioke erantzuna. Gure taldeak bat egiten du Euskal Herriko talde feministen protestekin eta ekintzekin. Bestalde, Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak erantzun instituzionala eman beharko litzaioketela iruditzen zait. Erantzun gogorra eman behar zaio, bai gizartetik, bai arlo politikotik, ahalik eta esparru zabalenetatik.

ELI PINEDO Bera Berako jokalaria

«Mobilizatu beharko dugu, legeak aurrera egin ez dezan»

1. Urteetan lortzea kostatu zaiguna lege honekin desagertu egingo da. Emakumeak libreki erabakitzeko eskubidea izan behar du. Leloak esaten duen bezala, «gure gorputza, gure erabakia».

2. Zalantzarik gabe kalean mobilizatu beharko dugu, lege honek aurrera egin ez dezan.

AINHOA ETXAIDE LABeko idazkari nagusia

«Familia eredu bat nagusituz egin dute legea»

1. Batetik, atzerapauso bat da, inboluzio prozesu baten barnekoa. Bestetik, guztiz ideologikoa da lege aldaketa. Familia eredu bat nagusituz egin dute legea, eta batez ere, emakumeei gorputzari buruz erabakitzeko eskubidea ukatzen die.

2. Erantzunak izan beharko luke eredu berri baten aldeko urratsetan jarraitzea. Legearen atzean dagoen moral bikoitza kritikatu behar da: klinika pribatuetan abortatzea posible izango da; horrek esan nahi du igandero mezara joaten diren aberatsen alabek kliniketan abortatuko dutela, eta langileak segurtasunik gabe geldituko direla. Ikuspegi eta borroka feminista indartu behar dira. Beste arazo bat da lege hau Madrilen erabaki dutela; hemen politika egiteko aukera bagenu, Euskal Herrian eztabaidatu beharko genuke abortua legezkoa den, eta nola ziurtatzen den sistema publikoan egiten dela.

INES OSINAGA Gose taldeko abeslaria

«Emakume bakoitzak du eragiten dioten erabakiak hartzeko eskubidea»

1. Oso gaizki iruditzen zait legea. Neurri oso atzerakoia da; alderdi eskuindarrak hainbat arlo politikotan egiten ari diren moduan, eskubideetan atzera jotzea dakar. Emakumeek borrokarekin lortutako onurak egun batetik bestera baliogabetuko dituzte. Bueltatuko gara Ipar Euskal Herrira eta Londresera abortatzera. Abortua eskubide bat da: emakume bakoitzak du bere haurdunaldiari eta berari eragiten dioten erabakiak hartzeko eskubidea.

2. Hartzen ari diren erabaki ultraeskuindarren aurrean kalea gelditzen zaigu, gure inkonformismoa adierazteko oihu egitea. Film batean esaten zen herritarrok ez genukeela beldur izan behar, baizik eta agintariek izan beharko luketela beldurra. Goazen hori ozen esatera. Inor ez da nor epaitzeko emakume batek abortatzeko hartzen duen erabakia zilegi den ala ez.

AMAIA AGIRRE Bertsolaria

«Eskubide oso oinarrizko bat urratzen du»

1. Aurreko legeak ondo hausnartuta egingo zituzten, baina oraingoa ez dakit politikarien mendeku gosearen ondorio bat ez ote den. Eskubide oso oinarrizko bat urratzeko araua iruditzen zait.

2. Gizarteak lege honen aurrean jarrera irmo samarra hartu beharko luke. Kontra gaudenok behintzat ez genuke isilik gelditu behar. Gai hau barrutik bizi izan dut: guraso batek ez du kapritxoz hartzen erabakia. Ama baten eskubidea ez ezik datorrenaren osasuna ere kontuan hartu behar da. Eta Gallardonen legean, datorren umearen osasuna ez dute hain kontuan hartu.

LUISA ETXENIKE Idazlea

«Europako inguruko herrialdeetako legeetatik aldendu egiten da»

1. Ezin zait okerrago iruditu. Nabarmen atzera egitea da, ez bakarrik aurreko legearekiko, baizik eta gizartean emakumearen askatasunekiko. Europako inguruko herrialdeetako legeetatik aldendu egiten da. Andreen abortatzeko eskubidea ez aitortzea atzera egitea da, eta alarma sakona sorrarazi behar digu. 2010eko legea onartua zegoen gizartean.

2. Espainiako Kongresuko oposizioak erantzuna eman behar du. Mundu intelektualak ere aurka egin behar du. Lege honek denoi eragiten digu, eta erantzuna ez da bakarrik emakume elkarte eta talde feministengan utzi behar. Erantzunak plurala izan behar du, gizon eta emakumeena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.