Atzeraldia erakusten duten zantzuak

Euskara larrialdi egoeran dagoela adierazteko Kontseiluaren testuan jasota daude euskararen ahuldadea erakusten duten zantzu nabarmenenetarikoak.

Arnasguneen aldeko aldarrikapenak, UEMA egunean, Lesakan. GORKA RUBIO / FOKU
Arnasguneen aldeko aldarrikapenak, UEMA egunean, Lesakan. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2024ko azaroaren 30a
11:00
Entzun

«Euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren azken hamarkadetako susperraldia moteldu den zantzuak agerikoak dira azken urteetan». Halaxe hasten da Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 9an euskara larrialdi egoeran dagoela adierazteko plazaratu zuen adierazpena. Ondoren, aipatu egiten ditu «zantzu» horietako batzuk. Argi utzita, betiere, horien muinean badirela atzentzea eragiten duten korronte indartsuak, beti gogoan izan behar direnak. «Globalizazioa» bera da kontrako indar horietako bat. «Mugikortasunak eta errealitate sozio-demografikoaren bilakaerak erronka berriak ezarri dizkio normalizazio eta biziberritze prozesuari», jaso dute testuan. Eta euskararen ofizialtasun zatikatuak dakartzan arazoez ere propio ohartarazi dute: «Lurraldeko eremu zabal batean ukatua da ofizialtasuna».

Adierazpenean aipatu dituztenak ez dira kezka berriak, aurrez ere euskalgintzak usu adierazi izan du horien gaineko ardura. Hauexek dira:

Ipar Euskal Herriko datuak

 
 
«Ipar Euskal Herrian hiztun kopuru erlatiboa apalduz doa oraindik», ohartarazi du Kontseiluak. Larrialdi deia egina du aurrez ere euskalgintzak. Iazko urrian agerraldi publiko bat egin zuen Euskal Konfederazioak, eta EEP Euskararen Erakunde Publikoari eskari jakin bat egin zion: hizkuntza politikak abiarazteko euskal hiztunak %30 izan daitezela 2050erako. Aditzera eman zutenez, gaur egungo erritmoan eta oraingo baliabideekin segitzea «euskara hiltzera kondenatzea» da. Ukaezina da joera: euskaldunen proportzioa apaltzen ari da, VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 51.500 euskaldun daude egun Ipar Euskal Herrian, hau da, herritarren %20,1. 2016ko joerarekin alderatuta, kopurua apur bat emendatu da, baina, biztanleriaren gorakadaren ondorioz, proportzionalki gero eta gutxiago dira. Hain zuzen ere, azken hamar urteetan 1,3 puntu apaldu da euskaldunen proportzioa. 

Nafarroako eskoletako egoera

 

D eredua trabatuta ibili da urte askoan Nafarroan, aurrera egin ezinda. Nafarroako Gobernuak aurtengo maiatzean emandako datuen arabera, ikasturte honetan lortu da, lehenengoz, langa bat gainditzea: 3 urteko umeen %30,7 euskarazko ereduan aurrematrikulatu zituzten. Mugarri txiki bat da, ordea, euskarari bizkarra emanda baitaude oraindik ikasle asko. Euskarak inolako ofizialtasunik ez duen tokietan, bereziki; ikasleen erdiak baino gehiago bizi dira inguru erdaldunetan, eta eskolaldi osoa egiten dute ikasle gehienek euskarazko hitz bat ere entzun gabe. Euskarabideak 2021ean egin zuen Nafarroako haur guztiek euskara ikasgaia jasotzeko proposamena. Gaztelania hutsezko G eredua desagertzea ekarriko luke horrek. Aldaketa handia litzateke, oso zabalduta baitago: ikasturte honetan ikasle berrien %50 eredu horretan hasi dira.

Arnasguneen ahultzea

 

Aurretik baziren arnasguneen ahultzearen zantzuak, eta 2023an, VII. Inkesta Soziolinguistikoak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuen irakurketan berretsi egin zuen eremu horietan, euskaldunenetan, atzerapen zantzuak daudela. 4. gune soziolinguistikoan, herritarren %80 baino gehiago euskaldunak diren horietan, gero eta gutxiago erabiltzen da euskara. Horra datuak: euskara erdara bezainbeste edo gehiago erabiltzen zuten 1991n %88k; 2001ean %81 ziren; 2011n, %80; eta 2021ean, %78,5. Egoerarekin arduratuta, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak berak «egiturazko» neurriak eskatuak ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.