Atzerako indarrei irabazi ezinik

Euskararen bilakaeran izan dira datu onak, baina aurrerabidean ahultasunak ere agerikoak dira. Traba administratiboek eta justiziak ezarritako mugak eragozpen dira oraindik ere; txanponaren beste aldean izan da, lehen eta orain, jendearen elkartasun oldea.

Euskararen alde eta SNCFk euskararekin duen jarreraren kontra egindako manifestazioa, Miarritze pareko trenbidean, demo-ek deituta. BB EDME
Arantxa Iraola - Ion Orzaiz
2023ko ekainaren 19a
15:43
Entzun

Inkesta Soziolinguistikoa bost urtean behin egiten den azterketa izaten da, eta, aurten emaitzak argitaratzea egokitu den eran, hori bera gertatu zen orain dela hogei urte ere, 2003an. Irailean izan zen. Garai hartan, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu zen Miren Azkarate, eta berak egin zuen datuen aurkezpena, Euskal Herri osokoena. Aldatu da hori, gainerako administrazioek ere euskararen garapenari begirako baliabideak trinkotu dituzten heinean. 2004an, hain justu, EEP Euskararen Erakunde Publikoa eratu zuten botere publikoek Ipar Euskal Herrian; 2008an, Euskarabidea Nafarroako Gobernuak, Hezkuntza kontseilari Carlos Perez Nievasek sustatuta. Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak herrialdeko datuen aurkezpena egiten du orain, eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak, Ipar Euskal Herrikoena.

Halaxe gertatu da, esaterako, aurten. Aldatu ez dena ahultasuna da: euskarak atzerako indarrei aurre egiteko zituen zailtasunak agerian zeuden orduko datu soziolinguistikoetan, eta oraingoetan ere bai.

Horra laburpen gisara orain hogei urte inkestaren harira hedatu zen goiburua: Euskaldunak gero eta gehiago dira, baina dakitenek gutxiago egiten dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoara begira, hori izan zen ondorio nagusia. Iparraldera begira, euskara «ahulagoa» zela ohartarazi zen. Nafarroan jarrerari erreparatu zitzaion: Herritarren heren bat euskara sustatzearen aurka.

Euskararen ezagutza hazten ari zen ordurako, baina erabilera kezka zen. Gaur egun ere, antzera. Euskaldunak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %29,4 ziren orduan, eta %36,2 dira orain. Euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen dutenak %17 ziren orduan, %22 orain. Nafarroan, kopuruak apalagoak dira, zonifikazioak galgatuta: 2003an, nafarren %16,9 euskaldunak ziren; gaur egun, %24,7 dira. Orain bezala, duela hogei urte alde nabarmenak zeuden eremu linguistikoaren arabera: euskara ofizialtzat jotzen den eremuan, herritarren %66,7 euskaldunak ziren; eremu ez-euskaldunean, ordea, elebidunen ehunekoa puskaz apalagoa zen: %3,5. Gaur egun, ehunekoak igo dira, baina ez lurraldeen arteko arrakala: eremu euskaldunean, %76 elebidunak dira; eremu ez-euskaldunean, %9.

Ipar Euskal Herriko datuak kezkagarriak ziren duela hogei urte, eta beheranzko joera argi bat marraztu zuten: «1966az geroztik jaiotakoen artean, elebidunen ehunekoa ozta-ozta iristen da aurretik jaiotako elebidunen herenera». Euskaldunen galera hori «mantsotzen» hasia zela uste zuten inkestaren egileek. 2023an, ordea, egoera ez da askorik hobetu: euskaldunak dira Iparraldeko biztanleen %29,5, eta portzentaje hori apaldu eta apaldu ari da urtetik urtera.

2003ko inkestaren aurkezpenean ere nabarmendu zuten erabilera indartzeko beharra. Azkaratek esan zuen eskolaren bidez lortutako euskaldunei ikasgeletatik kanpoko «sare trinkoa» eman behar zitzaiela: euskaraz bizitzeko mundu bat. Ez da nahi bezainbeste trinkotu sare hori; antzeko eskeak ozenduta daude gaur ere, egungo mundu berriak dakartzan beharretara begira, pantailak euskalduntzeko eskatuz, esaterako. Eta badute zentzua; hizkuntza txikiaren eta azpiratuaren ezaugarriak agerikoak dira orain ere datu soziolinguistikoetan. Azken urteotan, gainera, bereziki kezkarako motiboak dira eremu euskaldunak: euskararen arnasguneak ahultzen ari dira.


Traba juridikoak. Trabez hitz egiten da orain, justiziak hizkuntza eskakizunak-eta mugatze aldera ezartzen dituen traba ugariez. Lehen lerroko arazoa ziren orain dela hogei urte ere. Horra hainbat adibide. 2003ko uztailean, adibidez, Pagasarriko taberna kudeatzeko euskara jakin behar zela jarri zuen Bilboko Udalak, publikoa zelako, baina hori ezin zela egin ebatzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak. Urrian, auzitegi horrek berak UEMAko kidea izatea galarazi zion Lekeitiori. Aurrez beste hainbat udalekin jokatu zuen horrelaxe. Denak ez ziren, ordea, euskararen garapenaren kontrako epaiak. Horra, kontrako adibide gisara, beste hau: 2003ko azaroan euskara lanerako «plus bat» dela ebatzi zuen Nafarroako Auzitegi Nagusiak, Behatokiaren helegite bat aintzakotzat hartuta.

Hala ere, beste traba administratibo bati erantzunez heldu zen epai hura ere: 2002. urtean indarrean sartutako Euskararen Dekretua. Arau murriztaile hori epaitegietan baliogabetuta, oso antzeko bat onartu zuen UPN-CDN koalizioak, eta hura ere auzibidean jarri zuten euskalgintzako zenbait eragilek.

Eta zuztarrean, euskarak duen lege babesean, deus ez da aldatu. Euskal Herriko antolaketa administratibo zatikatua eragozpen handia da gaur ere euskararen garapenean, eta euskararen ofizialtasuna Nafarroaren zati handi batean eta Ipar Euskal Herri osoan ez onartuta egotea hizkuntzak bizirik irauteko arazo handia da: orain dela hogei urte bezala. Nafarroan, hala ere, izan da aldaketa esanguratsurik azken hogei urteotan. 2015ean, esate baterako, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra taldeen koalizio gobernuak eremu ez-euskalduneko eskola publiko guztietara zabaldu zuen D ereduaren eskaintza —ordutik, hamabost euskarazko lerro zabaldu dituzte eremu horretako herrietan—. Zonifikazioaren ertzak ere malgutu ziren laukoaren garaian: eremu ez-euskaldunetik atera eta eremu mistoan sartzeko eskaera egin zuten 44 udalek, eta parlamentuak onartu egin zuen aldaketa. 1986ko Euskararen Legeak, ordea, bere horretan dirau.


Eraso eta hondamendien kontra. 2003ko otsailaren 20an, Euskaldunon Egunkaria itxi zuen Guardia Zibilak; urrian, berriz beste polizia operazio bat egin zuten Martin Ugalde parkearen aurka. Euskalgintza ETArekin lotzeko ahalegina egin zen horrela, eta bi operazioen harira auzipetutakoen atxiloketak, espetxeratzeak eta tortura salaketak goiburu larri eta ilun askoren sorburua izan ziren urte osoan. Zorionez, eraso horien ondorioz sortu zen elkartasun uholdea ere amairik gabea zirudien albiste emari baten sorburua izan zen Euskal Herri osoan. BERRIAren sorrera bera, ekainaren 21ean, Egunkaria itxi eta lau hilabetera, albiste bikaina izan zen alde horretatik.

Kontseiluak antolatuta egin zen Donostian Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera salatzeko manifestazioa, otsailaren 23an, eta, eraso hark izan zuen tamainaz eta larritasunaz jabetuta, azaroan jakinarazi zuen kontsentsu soziopolitiko zabal bat bilatu nahi zuela xede nagusi batekin: «Euskalgintza babestea». Era berean, euskararen normalizazioa sustatzeko neurriak hartzea eskatu zien eragile sozial eta politikoei. Orain, hogei urte geroago, lehen lerroan jarraitzen du Kontseiluak euskararen aurkako erasoak salatzen. Hizkuntza eskakizunen kontra-eta egon diren epaiak «oldarraldi judizial baten» ondorioa direla esan du, hainbat agerraldi egin ditu hori salatzeko, eta azaroaren 4rako manifestazioa antolatu du Bilbon.

Oldarraldi judiziala ez, klimatologikoa pairatu zuten Irunberrin 2003ko urrian: ekaitzek eta uholdeek gogor jo zuten Nafarroako udalerri hori, eta, horren ondorioz, bertan behera utzi behar izan zuten han egitekoa zen Nafarroa Oinez festa. Haurren negarrek eta hezkuntza komunitatearen atsekabeak hurrengo eguneko tituluetara egin zuten salto. Euskal komunitateak, baina, alimaleko erantzuna eman zion Arangoiti ikastolaren laguntza eskeari. Horri esker, kalteei aurre egin ahal izan zieten.


Presentzia bermatu ezinik. Aurten, Frantziako Tourra Euskal Herrian izango da, eta orain hogei urteko udan ere izan zen: Baionan. Euskara bertan presente egongo zela bermatu nahi izan zuen euskalgintzak, baina zail izan zuen. Lohitu egin zen giroa eskari haren harira. Uztail hartan ia egunero izan zen albiste iturri EHEk eta Batera-k euskararen presentzia sustatzeko Tourreko zuzendaritzarekin hitzartu zuten akordioa, atzera egin baitzuten gero kirol probako arduradunek. Euskarak tokiren bat izango zuela esanez, Jean Grenet Baionako auzapezak Jean Haritxelarrekin hitzartutako neurriak bidali zizkion azkenean Tourrari, baina horrek ez zituen euskalgintzaren zati handi baten kexuak apalarazi. Presioa ikusten zen, aldarriaren inguruan ardaztutako talde trinko bat. Deigarria da garai hartan demoek zuten indarra ere. Protesta handi eta irudimentsuak egin zituzten, besteak beste, SNFC tren konpainiak euskararen erabilera berma zezan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.