EAJk jarraituko du Guardiako alkatetzan (Araba). Raul Garcia Ezkerro alkate eta alkategai jeltzaleak jakinarazi du hautagaitza aurkeztuko duela berriz ere alkate izateko. Ekainaren 17an osatuko dituzte udalak eta aukeratuko alkateak, eta, herri horretan, PP izan zen lehen indarra.
Garciak azaldu du EAJk eta EH Bilduk gehiengo «zabala» dutela herrian, eta horixe dela gobernua osatzeko aukerarik «demokratikoena». PPk 345 boto eta lau zinegotzi eskuratu zituen maiatzaren 28an; EAJk, 332 boto eta hiru zinegotzi; eta EH Bilduk, 168 boto eta bi zinegotzi. PSE-EEk galdu egin zuen bere ordezkaria.
Garciak EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren babesarekin gobernatu du lau urtez, eta ez du «zalantzarik» EAJko zuzendaritzak hautagaitza aurkezteko erabakia babesten duela. Gogorarazi du emaitza «historikoak» lortu dituztela: «Gehien hazi den alderdia da, lehen indarrarekin berdinketa teknikoa erdietsita».
Orain ere EH Bilduren babesa bermatua dauka Garciak. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak azaldu zuen indar subiranistak bere botoak emango zituela PP ahalik eta erakunde gehienetatik kentzeko.
PP, haserre
Ez dago argi Garciaren mugimenduak bere alderdiaren babesa izango duen. Iñaki Oiartzabal PPko Arabako buruzagiak azaldu duenez, EAJkoek esan diote oraindik ez dutela erabaki Guardian alkategaia aurkeztuko duten. Oiartzabalek esan du PP «prest» dagoela udal eta foru gobernuetan sartzeko, baina hori gertatzen ez bada, EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernuek « eskuak lotuta» edukiko dituztela: «Soilik EAJk eta PSE-EEk osatzen badute, gobernu desegonkorra eta ahula izango da».
Euskal erakundeetako aulki jokoari begira daude Madrildik ere; Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak EAJ eta PSE-EE kritikatu ditu udalak eta foru aldundiak PPren botoei esker «banatzeagatik» baina haiek «aintzat hartu gabe». Onda Ceron eginiko elkarrizketa batean, esan du bi alderdien jokabidea ez dela egokia.
Atzera ere EAJk gobernatuko du Guardian
Raul Garcia alkategai jeltzaleak ziurtatu du hautagaitza aurkeztuko duela, eta EH Bilduk babestu egingo du. PPk irabazi zituen bozak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu