Javier Eneriz. Nafarroako arartekoa

«Atzera egin dugu herritarren eskubideen arloan»

Inoiz baino kexa gehiago jaso zuen Nafarroako Arartekoak iaz: 2.742 denera, eta 2.000 kontsulta baino gehiago. Jendaurrean agertu du Javier Enerizek egoerak sortutako ezinegona; aldaketak eskatu ditu.

edurne elizondo
Iruñea
2015eko irailaren 26a
00:00
Entzun
2007tik da Javier Eneriz Nafarroako arartekoa (Iruñea, 1959). Aitortu du herritarrek administrazioekin dituzten arazoei konponbidea ematea ez dela lan samurra. Are gehiago, haserrea erakutsi du, asteon, administrazioek haren lana aintzat hartzen ez dutelako. Haren erabakiak ez dira bete beharrekoak, eta hori da, Enerizen hitzetan, sakoneko eztabaida.

Haserre agertu zara, jendaurrean, hainbat administrazioren jarrera itxiarekin. Zergatik orain?

Ez da oraingo kontua; ez dut nire haserrea edo ezinegona orain erakutsi zerbait zehatza gertatu delako. Egin dudana da egoera den bezala azaldu. Datuak jarri ditut mahai gainean. Eta datuek erakusten dute azken urtean Arartekoak egindako proposamenei inoiz baino kasu gutxiago egin dietela administrazioek. Akaso legegintzaldiko azkena zelako. Egoera horrek argi uzten du Arartekoaren lana ez dutela aintzat hartzen, hainbat arlotan. Bertze batzuetan, bai. Hori ere erran behar dut.

Nolako auzietan hartzen dute kontuan, eta nolakoetan ez?

Denetarik dago. Gobernuan, adibidez, departamentu guztiak ez dira berdinak. Zenbaitetan gehiago hartzen gaituzte kontuan, eta bertze hainbatetan, gutxiago; udaletan gauza bera gertatzen da. Arduraduna nor den, horrek ere markatzen du anitz gureganako jarrera. Etxebizitzako gaietan, adibidez, bertze arlo batzuetan baino gehiago hartu dute aintzat gure lana; Lehendakaritza Departamentuan, berriz, gutxi. Aldez aurretik bagenekien haien erantzuna ezezkoa izanen zela. Tartean, denetarik dago.

Udalen kasuan zein da egoera?

Handietan jarrera itxiagoa dute. Txikietan ere jarrera itxia da, agerian gelditzen delako hainbat arazori aurre egiteko gaitasunik ez dutela. Tamaina ertaineko udaletan hartu gaituzte kontuan, batez ere. Batetik, herritarrengandik hurbil daudelako, eta, bertzetik, txikiek baino gaitasun gehiago dutelako arazoei aurre egiteko.

Iruñeko Udalarekin zein izan da zuen esperientzia?

Hainbat kontutan aintzat hartu dituzte gure erabakiak, baina erakunde horren joera da Arartekoaren proposamenak ez onartzea. Arduraren bat onartu behar dutenean udal guztiek berdin jokatzen dute, eta ez dituzte gure erabakiak aintzat hartzen. Epaile baten sententzia izan arte ez dute ardura hori onartzen. Udalak ez dira bakarrak. Osasunaren arloan, adibidez, administrazioak ez du inoiz ardura onartzen, sententzia sendoa izan arte.

Herritarrek, beraz, auzitara jo bertze aukerarik ez dute?

Hala da. Baina bide hori ez da erraza. Helegite bat jartzea ez da merkea, eta herritarrek, anitzetan, nahiago dute amore eman. Horrek ekartzen du administrazioak garatzen duela halako kultura bat herritarrei batere onik egiten ez diena. Epaileak behartu arte administrazioak ez du herritarra aintzat hartzen. Horrek erran nahi du herritarren eskubideetan galera gertatzen dela.

Eskubide horiek urratzen dira, beraz?

Herritarrak, adibidez, informazioa eskuratzeko eskubidea du. Baina administrazioak ukatzen dio. Eta herritarra esku hutsik gelditzen da. Arartekoak herritarraren alde egiten badu ere, eta administrazioak herritarrak arrazoia duela jakin badaki ere, ez dio zor dion informazio hori ematen. Epaile batek behartu arte. Horrek ezinegona sortzen du guztiongan.

Etsipena ere bai?

Nik ez nuke erranen etsita nagoenik. Ni ez, baina herritarrak bai. Haiek etsita daude. Hasieran haien arazoak konpontzeko esperantza dute; aukerak dituztela pentsatzen dute; baina gauzak haiek uste bezala gertatzen ez direnean, eskubide bat izan arren beti betetzen ez dela konturatzen direnean, etsipenak hartzen ditu.

Gobernuan eta udal anitzetan aldaketa gertatu da. Egoera aldatuko dela uste duzu?

Aldaketa horrek berpiztu ditu herritarren esperantzak. Esperantza horiek erantzunik jasotzen ez badute, ordea, etsipenak gora eginen du. Herritarrek eta guk nahi dugu administrazioak orain arteko kultura hori bazter utzi, eta bertze bat garatzea.

Zer espero duzu zuk?

Gauzak egiteko bertze modu bat garatuko dutela espero dut nik. Herritarren arazoak kudeatzeko kultura berri bat behar dugu. Herritarren arazo horiek kudeaketa zehatza eskatzen dute, eta konponbide eraginkor eta benetako bat. Hori kudeatzeko behar dugu bertze mota bateko administrazioa: hurbilagoa, herritarrengandik gertu egonen dena, herritarrekin hitz eginen duena, herritarren azalean jarriko dena, eta azkar erantzunen duena. Orain arteko egitura berari eusten badiogu, ez dugu behar dugun aldaketa hori lortuko, eta ez gara eraginkorrak izanen.

Nolabaiteko bitartekaritza lana egiteko zerbitzua eskatzen ari zara?

Nafarroan zigor arloko bitartekaritza lanak anitz egin omen du aurrera; eta lanaren esparruan ere, gero eta gehiago egiten ari dira bitartekaritzaren alde. Nire ustez, hori da bidea. Herritarrei konponbideak eman behar zaizkie. Finean, herritarren arazo horiek agerian uzten dituzte administrazioak dituen hutsak.

Administrazioaren aitzakia izan da Arartekoaren erabakiak ez direla bete beharrekoak. Hori da eztabaidaren gakoa? Lotesle bilakatu beharko lirateke?

Anitzetan erraten da Arartekoaren figura sendotu egin behar dela, baina inoiz ez da zehazten nola. Sakoneko eztabaida hori da: lotesle izan behar duten gure erabakiek edo ez. Argi dago administrazioak ez duela nahi. Horrek erakusten du ez direla onartzenadministrazioa eta herritarrak maila berean jarriko dituzten bitartekaritza formulak. Administrazioak erosoago bizi dira kontrol gehiagorik gabe, eta herritarren gainetik. Epaileengana jotzeko aukera baino ez diete ematen herritarrei. Arartekoa izan zitekeen arbitratze tresna bat herritarren eta administrazioaren artean, baina ez dut uste aukera hori emanen diotenik. Ez dut uste haren erabakiak lotesle izanen direnik.

Administrazioaren jarrerak badu zer ikustekorik azken urteotako ustelkeria giroarekin?

Denak izanen du eragina. Bada datu objektibo bat, hala ere, eta hori da herritarren eskubideen arloan atzera egin dugula. Paperean ez; paperean jasota jarraitzen dute; baina errealitatean ez dira beti betetzen. Ezin dugu ahaztu herritarrak zerbait jasotzeko eskubidea badu administrazioak zerbait hori emateko betebeharra baduela.

2007. urtean hartu zenuen kargua. Jarraitzeko gogoz zara?

Nafarroako Parlamentuaren esku uzten dut nik jarraitu behar dudan edo ez erabakitzeko ardura. Haien esku dago auzia. Aitortu behar dut, hala ere, zenbaitetan nekatuta sentitzen naizela, eta zalantzak sortzen zaizkidala. Lan gogorra da hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.