Hainbat gobernu eta agintari igaro dira, protesta eta aldarriak izan dira, baina Trebiñuko auziak bere horretan iraun du urteetan. Trebiñar gehienen borondatearen kontra, Gaztela eta Leongo administrazioaren esku (Espainia) jarraitzen du Arabako barrendegiak. Azken urteetan emandako pausoekin atzera bueltarik ez dela uste dute, ordea, afera gertutik aztertu dutenek. Hala Bedi irratiak mahai baten bueltan bildu ditu Jose Maria Ortiz de Orruño historialaria, Iñaki Lasagabaster jurista, Ignacio Portilla Trebiñuko alkatea eta Roberto Ortiz Argantzungo alkatea.
"Errealitatea batzuen desirak baino burugogorragoa da, eta prozesu honek ez du atzera bueltarik", adierazi du Portillak, irmo, orain arte emandako pausoak gogoan. Argudio bat eta bestea, Gaztela eta Leonek emandako arrazoiak "gezurtatu" dituztela uste du Trebiñuko alkateak.
Hala, gogora ekarri du 1998. urtean eginiko herri kontsulta "mugarria" izan zela, ordura arte zalantzan jartzen baitzen trebiñarren iritzia: "Eta zer pentsatzen dute trebiñarrek? Hori ez du inork zalantzan jartzen gaur egun, eta inork ez du kontsultaren proposamena egingo, badakielako erantzuna zein den".
Era berean, Portillak adierazi du "giltza" izan zela Argantzun eta Trebiñuko udalerriek eurek Araban barneratzeko egindako eskaera ere. Horrekin batera, argigarriak izan ziren trebiñarrek bi erkidegoekin zituzten lotura eta harremanak azaltzeko prestatutako txostenak: "Alegiazko burbuila bat balitz bezala irudikatzen zuten batzuek Trebiñu, Burgosko herritarrak sentituko bagina bezala, eta hori ere bertan behera geratu zen".
Era berean, aurten abian jarritako lege ekinaldi berriarekin, Gaztela eta Leonek orain arte zuen eskumena Espainiari ematea garrantzitsua dela uste du: "Gaztela eta Leonek esaten zuen beto eskubidea hari zegokiola, eta hori ere bertan behera geratu da; mito hori ere desegin da".
Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako lege organiko proiektuaren bitartez, hemendik aurrera, Espainiak izango du eskumena: "Beste pauso bat eman dugu; beste alor bat landuko dugu, eta pozgarria da", adierazi du Portillak. Haren ustez, "arrazionaltasun" eta "iraunkortasun" irizpideei jarraiki, Trebiñu Araban barneratzea beste aukerarik ez dago.
Iritzi berekoa da Argantzungo alkate Roberto Ortiz ere. Herriaren borondateak izan beharko luke "abiapuntua": "Herritarrek hainbat aldiz erakutsi dute zer pentsatzen duten, azkena 1998. urtean. Hori argi izanik, eztabaida politikoa argitzea da arazoa orain". Ortizen ustez, "historikoa" da Trebiñuren inguruko eztabaida Madrilera eramatea: "Gogoratu behar dugu herritarren ekimenez helduko dela gorteetara, eta ez alderdiek bultzatuta".
Udalek ez dute lege proposamenak Madrilera tramitatzeko aukerarik, eta Eusko Legebiltzarrak egingo du zubi lana, Argantzungo alkateak azaldu moduan. Legebiltzarrean otsailaren 6an proposamena babestu zuten taldeetako hiru legebiltzarkidek egingo dute ekinaldiaren defentsa: EAJko Xabier Agirrek, EH Bilduko Belen Arrondok eta PSE-EEko Txarli Prietok. "Uste dugu diskurtsoa aldatzen ari dela jarrera zurruna zutenen artean ere, eta beste aukera batzuk zabaltzen ari direla", adierazi du Portillak.
"Harresiak"
Jose Maria Ortiz de Orruñoren arabera, «ezinbestean» beteko da trebiñarren nahia: "Uste dut bide onean doala, eta lehenago edo geroago ezinbestean argituko dela auzia». Duela 20 edo 30 urte zeuden "harresiak" gainditu direla uste du: "Hainbat oztopo eta harresi igaro dira, eta horietan handiena, trebiñarren borondateari dagokiona".
Alderdi politiko desberdinak buruan, urteetan Arabako agintariek euren "borondate ona" erakutsi dutela gogoratu du Ortiz de Orruñok, Trebiñu Araban barneratzearen alde eta trebiñarrei "beharrezko zerbitzuak" eskainita: "Arabak urteetan zerbitzu batzuk eskaini dizkie bertako herritarrei, behintzat 1940. urtetik, ezer kobratu gabe, zergak beste leku batean ordaintzen dituzten arren. Horrek ere zerbait esan nahi du arabarren alde». Eskainitako zerbitzuak ere etorkizunean "eztabaidagai" izan daitezkeela uste du, "eta hor argi dago zein ari den esfortzua egiten".
Ildo beretik, Portillak berretsi du Burgosentzat "debalde" direla Arabak Trebiñuri eskaintzen dizkion zerbitzuak, erkidegoen arteko akordioetan ez baita jasotzen EAEk kobratu behar duenik. "Zer galduko luke, beraz, Burgosek Trebiñurik gabe? Ez dago urre meategirik Argantzunen... Gaur egun utzita daukan ardura galduko luke, momentu honetan eskaintzen ez dituen zerbitzuak emateko ardura".
Madrilera
EAJ, EH Bildu eta PSEren babesarekin eta PPren eta UPDren abstentzioarekin, Espainiako Kongresuan izango du hurrengo geldialdia Trebiñuren inguruko eztabaidak. Irailerako izan daitekela espero dute Trebiñu eta Argantzungo alkateek.
Gorteetan gertatzen dena gertatzen dela, eztabaida hara eramatea "pauso garrantzitsua" dela nabarmendu dute solaskideek. "Baiezkoa zein ezezkoa eman, argudio sendoak beharko dituzte. Erdi Aroko jabetzak gogoratu ditzakete, baina horrek, gure ustez, ez du inolako baliorik", azaldu du Portillak. PPk Gorteetan duen gehiengo osoak atzera bota dezake ekinaldia, eta, horregatik, Espainiako Gobernuari "legebiltzarrak onartutako eskaera bete dezala" eskatuko diote.
Legebiltzarreko saioa amaitu eta berehala, onartutako ekinaldi legegileari ateak itxiko dizkiotela iragarri zuten PPk eta PSOEk, Madrilen. Portillak gogora ekarri du proposamena atzera botaz gero hurrengo ekinaldia prestatzeko lanean hasiko direla, "nahi beste aldiz". "Ez dakit zein izan daitekeen azkeneko pausoa... Desobedientzia zibila, akaso? Espero dut halakorik behar ez izatea".