Atzera botatzeko eskatu dute

Jaurlaritzaren aurrekontu egitasmoari osoko zuzenketa bana aurkeztuko diote EH Bilduk, PPk eta UPDk.Sozialisten eta jeltzaleen akordioa «alderdikoia» dela esan du oposizioak

Oskar Matute eta Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkideak, aurrekontuen analisia egiteko atzo eskainitako agerraldian. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain-Asier Biain
Gasteiz
2015eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektua atzera botatzeko eskatu dute EH Bilduk, PPk eta UPDk, «murrizketak» egiten dituelako eta herritarren «beharrizanei» erantzuten ez dielako. Kritika zorrotzak egin dizkiete hiru taldeek Urkulluren gobernuaren kontuei, eta iragarri dute osoko zuzenketa bana aurkeztuko diotela —abenduaren 3an eztabaidatuko dira—. Zuzenketa partzialak ere aurkeztuko dizkiote: 420 milioi euroren zuzenketak aurkeztuko ditu EH Bilduk, 400 milioi ingururenak PPk, eta 350 milioirenak UPDk.

EAJk eta PSEk aurrekontuak aurrera ateratzeko akordioa lortu eta biharamunean jakinarazi dute hiru taldeok ez dutela babestuko Jaurlaritzak 2016rako prestatutako egitasmoa. Era berean, oso kritiko azaldu dira sozialisten eta jeltzaleen arteko hitzarmenarekin, «alderdikoia» delakoan. EAJk eta PSEk asteartean jakinarazi zuten akordioa itxia zutela, eta 35 milioi euroan aldatuko dela aurrekontu proiektua. Akordioaren muinak hezkuntza, enplegu eta gizarte gaiei eragiten diela azaldu zuten sozialistek.

PSEren jarrerarekin minduta agertu dira Oskar Matute eta Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkideak komunikabideen aurrean. «Iraingarritzat» jo dute 35 milioi euroko akordio bat «arrakasta» modura saldu izana, hitzarmena aurrekontu osoaren %0,3 delako soilik. «Adarra jotzen ari zaizkie herri honetan behar larriak dituzten milaka herritarrei», salatu dute. Akordioaren hainbat atal kritikatu dituzte; besteak beste, fracking-ari dagokiona. Pinedok ohartarazi duenez, «gezur borobila» da Eusko Jaurlaritzak haustura hidraulikoarekin lotutako proiektuak geldiaraziko dituela, «SHESA enpresa mantentzea fracking-a mantentzea delako».

EH Bildu duela bi aste batzartu zen PSErekin aurrekontuen norabidea aldatzeko eta akordio bat lortzeko asmoz, baina Idoia Mendiaren alderdiaren ezezkoa jaso zuen herenegun koalizioak, EAJrekin eginiko akordioa jakinarazi baino «minutu batzuk lehenago». PSEk hitzarmena EAJrekin egitea lehenestea salatu du Pinedok: «PSEk argi du ezin diola koska egin bazka ematen dionari. Mendiak azaldu beharko luke zeren truke emango dion babesa EAJri».

EH Bildurentzat ulergaitza da sozialistek aurrekontu proiektua babestea, kontuan hartuta 2012az geroztik egin diren murrizketak «betikotzen» dituela eta 35 milioi euro ez direla nahikoa legebiltzarraren aginduak betetzeko. Hori hala, EH Bildu zuzenketa partzialen bitartez hobetzen saiatuko da aurrekontua. PSEri egindako proposamenaren muina jasoko dute zuzenketa horiek.

PP: «Akordioa politikoa da»

Joan den urtean izandako jarrerari eutsi, eta aurrekontuak atzera botatzeko eskatuko du oraingoan ere PPk, argudiatuta ez dutela ezer bideratuko enplegua sustatzeko eta inbertsioetarako. «Zorra handitu eta euskararentzako eta EITBrentzako diru saila handitu ondotik, ez da ezer geratzen inbertsioetarako eta enplegua sustatzeko», salatu du Anton Danborenea legebiltzarkideak. Era berean, aurrekontuek aurten baino 300 milioi euro gehiago izanda ere, Patxi Lopezen agintaldian hasitako murrizketei «jarraipena» ematen dietela esan du. «EAJrentzat eta PSErentzat oso onak diren aurrekontuak; herritarrentzat oso txarrak dira», salatu du PPkoak. Era berean, Iñigo Urkulluren «agintaldi galdua» berretsi baino ez dute egiten 2016ko kontuek, haren ustetan.

Danboreneak gogor kritikatu du, halaber, EAJk eta PSEk lortutako akordioa. «Ez da aurrekontuen gaineko akordioa; akordioa politikoa da». Haren ustez, begi bistakoa da akordioa abenduaren 20ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeei begira eginikoa dela: sozialistek aurrekontuak onartzearen truke, Pedro Sanchezen inbestidura babestuko lukete jeltzaleek Madrilen. «EAJ-Zapatero» akordioa errepikatzea ekarriko luke akordioak, PPren aburuz.

Nolanahi ere, 400 milioi euroko balioa duten zuzenketa partzialak ere aurkeztuko ditu PPk. Besteak beste, eskatuko dute ikerketa eta garapenari 10 milioi euro gehitzeko, ekintzaileei beste 20 milioi euro, eta enpresa txiki eta ertainei 15 milioi euro. Hezkuntza arloan, berriz, 9 milioi euro gehiago eskatuko dituzte ikastetxe publikoak eraberritzeko, etabeste 10 milioi beketarako.

UPD: «Identitarioak dira»

UPDk ere ez ditu kontuak babestuko, azken hiru urteotan egin duen modura. Osoko zuzenketa ez ezik, 450 zuzenketa partzial ere aurkeztuko ditu Gorka Maneirok, aurrekontuen norabidea 350 milioi euroan aldatzeko. Haren ustez, aurrekontuak aurtengoen «jarraipena» dira; «kutsu kontserbadorea» dute, eta «identitarioak, foralistak eta nazionalistak» dira. Besteak beste, kritikatu du EITBrako 120 miloi euro jartzea, euskara sustatzeko 100 milioi baino gehiago ematea, eta, aldi berean, «murrizketei» eustea.

Era berean, Maneirok salatu du sozialisten eta jeltzaleen arteko hitzarmenak bi alderdi horien «interesei» baino ez diela erantzuten. Ziurtzat jo du, gainera, EAJk eta PSEk «hasieratik» hitzartuak zituztela kontuak eta azken asteotan «antzerkia» egin dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.