Otsailaren 19an izan zen Euskorpusen aurkezpena, Donostian. Eusko Jaurlaritzak antolatu zuen ekitaldia, eta asmo handia erakutsi zuten han elkartu zirenek proiektuaren inguruan: esan zutenez, adimen artifizialaren «iraultzara» eramango du euskara, eta «bermatu» egingo du arlo digitalean presentzia izatea. Hantxe aurkeztu zuten egitasmoa bultzatuko duen elkartea: Euskorpora. Eta kide nor diren jakinarazi zuten. Egitasmorako aurrekontua ere aurkeztu zuten orduan: 5,55 milioi euro bideratu ditu Jaurlaritzak Euskorpus abiarazteko. Deigarria izan zen zerrenda horretan adimen artifizialean orain arte «erreferentzia» izan diren zenbait elkarte ez egotea, eta halaxe adierazi zuten hainbat eragilek, besteak beste EH Bilduk. Koalizioko eledun Pello Otxandianok propio salatu zuen elkartean ez zituztela sartu EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Hitz ikerketa zentroa, ezta Langune Euskal Herriko hizkuntza industrien elkartea ere. Gaur talde politiko horrek Eusko Legebiltzarrean eskatu du, mozio baten bitartez, lehendik «ibilbide teknologiko oparoa» izan duten horientzat irekitzeko egitasmoaren jarduna, baina ez dute onartu.
Mozio horren helburua zen Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzea Euskorpus egitasmoa «aurrera eramateko» orain arte adimen artifizialean eta hizkuntza teknologien sektorean «erreferentzia» izan diren eragileekin batera. Ez da onartu, ordea, EAJk eta PSE-EEk bat egin dutelako osoko zuzenketa batean: testu horretan Euskorpus ez da aipatzen. Orokorra da eskea, eta «eragileak» aipatzen dira, zehaztasunik gabe: Eusko Jaurlaritzari egiten zaion eskea da, oro har, eragile teknologikoekin «batera» parte hartzeko hizkuntza teknologien proiektu irekietan, eta diru laguntzak baliatzeko aukera emateko sarean ari diren erakunde guztiek.
Josu Aztiriak egin du EH Bilduren mozioaren defentsa. Ez da auzia Eusko Legebiltzarrera eraman duen lehen aldia. Martxoaren 7an gaiaz galdera egin zion Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuari. Gaur Aztiriak esan du lauso jardun zuela sailburuak parlamentuko agerraldi hartan, eta «serio» ez erantzun izana ere leporatu dio: izan ere, argudiatu zuen, adibidez, EHUri propio egin ziotela Euskorpuserako deia, baina posta elektronikoz egin zutela, eta, EHUn errektorea hautatzeko kanpainan zeudenez, ez zutela erantzun. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren ildo nagusietako bat «berrikuntza artikulatua» dela gogoratu du Aztiriak, Europako Batzordeak ere bide horretan irizpideak emanda dauzkala, eta «sinergien identifikazioak, ardatz handien definizioak eta horien garapenerako plangintzek» berebiziko garrantzia dutela hor. Euskara teknologia berriek zedarritutako bideetara eramatea «herri erronka handi bat» den heinean, ez du ulertzen zergatik ez diren aintzakotzat hartu irizpide horiek Euskorpus eratzean.
Corpusak
Aztiriak berritu egin du aurrez ere egin izan duen kritika; «akats estrategiko larria» izan da arlo horretan lan handia egindako eragileak aintzat hartu gabe eratu izana Euskorpus, «sinergiak» bilatu gabe. Horren ondorioz sor daitezkeen arazoez ohartarazte aldera, nabarmendu du, adibidez, aurrez euskara adimen artifizialera eramaten lagun dezaketen bi corpus badirela abian, eta hirugarrenerako bidea egingo dela orain. Vicomtech enpresarena da Euskorpusen presidentetza, eta, hango buruek egin izan dituzten adierazpen arabera, gainera, ehunduko den corpusaren «publikotasun osoa» auzitan dago, Aztiriak erantsi duenez. Horregatik, galdera bat jarri nahi izan du mahai gainean: «Nola eman nahi dizkio Jaurlaritzak bost milioi euro lehia askea eta aukera berdintasunaren ikuspegia urratu gabe?». Kritika ere bai: «Gobernantza eta diru iturrien lorpena ezin da oinarritu kudeatzaile batek alderdi politiko batekin dituen harremanen arabera».
«Gobernantza eta diru iturrien lorpena ezin da oinarritu kudeatzaile batek alderdi politiko batekin dituen harremanen arabera»
JOSU AZTIRIAEH Bilduko legebiltzarkidea
Horiek horrela, Aztiriak hizpide izan ditu Euskorpus eratzeko orduan hartu diren erabakien atzean dauden «alborapenak» ere. Adimen artifizialaz jardutean, erruz hitz egiten da «alborapenez», baina erabaki politiko askotan ere halakoak badaudela gogoratu du, eta kasu honetan argi geratu dela hori. «Sakon-sakonean dagoen alborapena da unibertsitate publikoa edo euskalgintza bigarren mailakoak direla», ohartarazi du. Atzean egon den «alborapen ideologikoa» ere salatu behar dela esan du, eta Koldo Mediavilla buruzagi jeltzaleak berak artikulu batean adierazi zuela kanpoan geratu diren eragileak «EH Bilduren ingurukoak» direla.
EAJrentzat eta PSE-EErentzat, ordea, EH Bilduren eskabidea ez da aintzat hartzeko modukoa izan. Gorka Alvarezek hitz egin du jeltzaleen izenean; Maider Lainezek PSE-EErenean. Euskarak teknologia berrietan izan behar duen tokiaren gainean hitz egin du Lainezek, oso modu orokorrean, eta aurreratu du horretarako «berme» izango dela Euskorpus. Aditzera eman duenez, izan dituzte elkarrizketak EH Bildurekin ados jartzeko, baina ez dute testu bateraturik egitea lortu. Alvarezek, berriz, esan du «bazterkeriarik» ez dela egon Euskorpus eratzeko prozesuan. Eta, aurrez Perez Iglesiasek adierazi zuenaren bidetik, elkarlanarako bideak egongo direla erantsi du: «Atea irekita dago, gonbidapenak egin dira, eta deialdi publikoak eginda daude».
PPk ere osoko zuzenketa bat aurkeztu du. Santiago Lopez Cespedesek egin du haren defentsa. Gogor hitz egin du EAJren eta PSE-EEren «jokamolde klientelistaren» kontra, eta esan du jarduteko era horren ondorioa dela Euskorpus. PPren mozioan bai, propio aipatu dute Euskorpusen egiten diren urratsek «irekiak, garbiak eta lehiakorrak» izan behar dutela.