Espero zena gertatu da: Eusko Legebiltzarraren gehiengoak ezezkoa eman die Elkarrekin-Podemos-IUk, PPk, Ciudadanosek eta Voxek Hezkuntza Legeari jarritako osoko zuzenketei. Beraz, lege proiektua ez da berriro Eusko Jaurlaritzara itzuliko, eta zuzenketa partzialak eztabaidatzeari ekingo diote.
Hasteko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek lege proiektua defendatu du. Haren esanetan, lege proiektu «sendoa» da, «hezkuntza eta gizarte eragileen ekarpenak biltzen dituena», eta, gainera, iazko apirilean Eusko Legebiltzarreko lau alderdi nagusiek izenpetutako akordioa oinarri duena.
Eduki jakin batzuei heldu die sailburuak. Hizpide izan du hizkuntzen irakaskuntzaren gaia, zeinak harrabotsa eragin baitu azkenaldian. Sailburuak aitortu du hizkuntzen arloan «eztabaida handia» dagoela mahai gainean, baina «bidetik eta helburuetatik» ez desbideratzea galdegin du. Bide berri bat urratzeko modua eskaintzen duela uste du: «Lege honek oinarri sendoak eskaintzen dizkigu hizkuntzen kudeaketarako eta ezarpenerako marko berri baterako».
Azaldu duenez, ikastetxe bakoitzak diseinatuko du bere bidea, errealitate soziolinguistikoan oinarrituta, ikasleek ezarritako helburuak bete ditzaten eskolatzea amaitzerako, betiere administrazioaren laguntza jasota: «Ikastetxeen hizkuntza proiektua erdigunera ekarriz, hezkuntza esparru eleaniztun propioa garatzeko konpromisoa ikastetxeen eskuetan jartzen dugu. Euskara ardatz hartuta, bi hizkuntza ofizialen eta gutxienez atzerriko hizkuntza baten gainean egituratuko da sistema. Era berean, euskara testuinguru formaletan eta ez-formaletan erabiltzea bultzatuko du, jakina, beste hizkuntza eta kultura batzuekiko jakin-mina eta zaletasuna sustatuz». Ereduak ere izan ditu aipagai: «Azken berrogei urte hauetan, gure gizartea asko aldatu da, hezkuntza aldatu egin da, ereduak aldatu egin dira, eta gure eredua errealitate berrira egokitzen jarraitzea dagokigu hemendik aurrera ere».
Ikastetxeen titulartasunari dagokionez, nabarmendu du legea onartuta hezkuntza sistema osoa egongo dela araututa lehenengo aldiz, «betiere, eskola publikoaren protagonismoa azpimarratuz». Halaber, azaldu du itunpeko ikastetxeak ere funts publikoz hornituko dituztela, «legeak ezartzen dituen konpromisoak eta betebeharrak betetzen dituzten heinean»: «Zerbitzu publikoa eskainiko duten ikastetxe guztiei interpelazio zuzena egiten die lege honek, eskubideetan zein betekizunetan». Doakotasuna ere izan du hizpide. Bildarratzen esanetan, doakotasuna lortzeko «neurri garrantzitsuak» jaso dituzte.
Osoko zuzenketak aurkezteko aukera ere izan dute. Lehenik, PPk, Ciudadanosek eta Voxek. Antzeko arrazoiak erabili dituzte beren proposamenak defendatzeko eta lege proiektuari kontra egiteko: euskara inposatuko dutela eta gazteleraz ikasteko aukerarik ez dela egongo, proiektu jakin batzuen mesedetan erabili nahi dutela hezkuntza, itunpeko sarearen aurkakoa dela... PPko Carmelo Barriok, Ciudadanoseko Jose Manuel Gilek eta Voxeko Amaia Martinez hartu dute hitza. Hirurek gazteleraz egin dute oso-osorik.
EAJren eta PSE-EEren izenean, Gorka Alvarezek eta Maria Jesus San Josek hartu dute hitza, hurrenez hurren. Alvarezen esanetan, lege proiektuaren lehen helburua da ikasleei «ahalik eta hezkuntza onena» eskaintzea. Eta zer da hori? Alvarezen hitzetan, kalitatezko hezkuntza, integratzailea, aukera berdintasuna eskaintzen duena, euskalduna eta irmoki berrikuntzaren alde egiten duena. Bildarratzek egin bezala, goraipatu egin du hezkuntza sistema osoa arautuko duela. Eta heldu dio hizkuntzen gaiari ere. Esan duenez, lege proiektuan jasota dago euskararen inguruan egituratua dagoela eta sistema eleaniztuna dela, eta bermatzen duela ikasleek euskaraz nahiz gazteleraz «maila egokia» erdiestea. Gainera, aipatu du erremintak eskaintzen dituela horretarako.
San Josek, berriz, esan du «oso gustura» daudela EAJrekin egindako negoziazioarekin, «ezinbesteko aldaketak» sartu baitituzte zuzenketetan. Hizkuntzei dagokienez, argi esan du sistema hirueleduna izango dela, eta euskara izango duela ardatz, baina euskara, gaztelera eta ingelesa izango direla irakaskuntzarako hizkuntza, «gizarte kohesioa eta herritarrek bi hizkuntza ofizialetan komunikatzeko gaitasuna izatea bermatzeko». Azkenaldiko eztabaidaren funtsera jota, ziurtatu du zuzenketekin argitu dutela hizkuntza ereduak indarrean daudela, eta, horiek aldatzea erabakiz gero, Gernikako Estatutua eta Euskararen Legea errespetatu beharko direla, eta hor jasota dagoela herritarrek eskubidea dutela hezkuntza edozein mailatan euskaraz nahiz gazteleraz jasotzeko. Eta erantsi du: «Euskal sozialistentzat benetan garrantzitsua da gure ikasleek euskaraz eta gazteleraz ikasi ahal izatea bermatzea, eta hirugarren hizkuntza batean gaitasunak izatea».
Oposizioko alderdi nagusiak ere azaldu du bere jarrera. Ezezkoa bozkatu dute, Ikoitz Arreseren esanetan, «lege on bat lortzeko eztabaidari» bide eman nahi diotelako: «EH Bildukook beste aukera bat eman nahi diogu lege on bat izateari eta gure hezkuntza sistemaren eraldaketari». Alabaina, nabarmendu du hori ez dutela «edozein modutan» egingo: «Ez dugu babestuko euskal hezkuntzaren erronkei erantzuten ez dien lege bat, ezta gobernu koalizioan EAJren PSEren barne oreka alderdikoiei erantzuten dien lege bat ere». Halaber, beste kezka bat ere helarazi du: «Kezka dugu PSEk EH Bildu legetik kanpo nahi duelako eta EAJ prest dagoelako eskatzen ari zaiona emateko». Gainera, EAJri eta PSE-EEri egotzi die oraindik ez dutela hizkuntza ereduak agertzen diren zuzenketari buruzko azalpen bateraturik eman.
Elkarrekin Podemos-IUko Isabel Gonzalezek ere izan du aukera beren osoko zuzenketa azaltzeko. Batez ere, sare publikoaren defentsa egin du. Esan duenez, beraientzat hezkuntza publikoa da oinarrizkoa; aldiz, lege proiektuak berdindu egiten ditu eskola publikoa eta itunpekoa.
Zuzenketa partzialen eztabaida
Orain, sailburuaren esanetan, aurkeztutako zuzenketak «kontrastatzeko, adosteko eta onartzeko» garaia da, eta legebiltzarkideei dagokie hori: «Ziur nago taldeek aurkeztutako zuzenketen azterketa sakona egingo duzuela, eta gai izango zaretela jarrerak batzeko eta akordioak lortzeko. Zer lehenetsi behar dugu? Legea ahalik eta adostasun zabalenarekin onartzea». Gainera, Bildarratzek hitzaldia baliatu du Eusko Legebiltzarreko «zenbait alderdiri» eskerrak emateko, «azkeneko bi urteetako elkarlanaren alde egin dutelako». Nabarmendu du etorkizunean hezkuntza sistema on bat izan dutela denek. «Eta bide orri horretan kolaboratzen eta eraikitzen jarraitzeko aukera daukagu». Orain, beraz, zuzenketa partzialak eztabaidatzeari irekiko diote atea.