Koronabirusa

Atzera begirakoa pandemiari

Denboraren joanak oroimenean duen eragina handia dela sinetsirik, pandemiako eta itxialdiko bizipenak gordetzeko egitasmoak sortu dituzte zenbait herritan.

Leitzako frontoia, ...ta plaza larre bihurtu zen dokumentalean. LABRIT ONDAREA.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Ia urtebete joan da birusa Euskal Herrian sartu zenetik. Ailegatu zenean, artean zaila zen aurreikustea zenbaterainokoa izango zen izurritea, baita pandemia noiz arte luzatuko zen jakitea ere. Oraindik ere ez dira argitu bi galdera horien erantzunak, baina, dena dela, herritar gehienak bat datoz gauza batean: pandemiak arrasto sakona utziko du jendearen memorian. Oroitzapen horiek denborarekin lausotu ez daitezen, azken hilabeteetako bizipenak jasotzeko egitasmoak jarri dituzte martxan zenbait herritan. Hala, gaur-gaurkoz, hari buruzko atzera begirakoak sortu dira.

...ta plaza larre bihurtu zen. Hala du izena Leitzan (Nafarroa) pandemiaren ondoriozko itxialdiaren memoria jasotzeko, gordetzeko eta plazaratzeko ekoiztutako dokumentalak. Iragan udaberrian, Labrit Ondarea elkarteak hitzarmen bat sinatu zuen Leitzako Udalarekin, eta hainbat hilabeteko ikerketa lana egin dute elkarteko kideek. Izurriteak herrian izandako eragina aztertzea zuten asmo nagusi, eta askotariko alderdiei erreparatu diete horretarako. Herritarren testigantzek osatua da, batik bat, eta ikus-entzunezko batean bildu dituzte ateratako ondorioetako batzuk. Urtarrilaren 2an estreinatu zuten, herri areto ireki berrian.

Leitzako alkate Mikel Zabaletak azaldu du Labrit Ondareak egindako proposamenak balio izan diola izurritearen hasierako zurrunbilotik haragoko gauzak ikusteko: «Askotan, ez dugu ezberdintzen urgentziazkoa dena eta garrantzitsua dena. Hasieran, buru-belarri aritu ginen berehalako erabakiak hartzen, eta ez ginen gai gauzak beste perspektiba batetik ikusteko». Gainera, adierazi du herritarrei omenaldia egiteko ere balio duela lanak, baita gertatutakoa etorkizuneko belaunaldiei erakusteko ere.

Ondare immaterialaren bilketan, babesean eta transmisioan oinarritzen da Labrit Ondarea elkartearen jarduna. Leitzaren kasuan, elkarteko kide Arantxa Mikeok hurbiletik ezagutu zituen prozesuaren nondik norakoak; gidoigintzan aritu zen, batik bat. Horrelako egitasmoak egiteak dakartzan onurak nabarmendu ditu: «Denborak sekulako eragina du gure memorian eta bizitakoen gaineko sentsazioetan. Iruditzen zaigu gauza batzuk beti oroituko ditugula, detaile guztiekin, eta hori ez da horrela».

Uztailean egin zituzten elkarrizketa gehienak. Orduan hitz egin zuten, esaterako, herriko alkatearekin, merkatari batekin, iturgin batekin eta gazte batzordeko kide batekin. Bilketa oparoa zen jadanik, baina, ustekabean,ikerketari heldu behar izan zioten udaren ondotik. Iraileko lehenbiziko egunetan, intzidentziak nabarmen egin zuen okerrera herrian, eta 2.500 bizilagun inguru deitu zituzten PCR probak egitera. Jasoak daude aste horiek ere.

Itxialdiaren aurpegierak

Pandemia ahotsik eta hitzik gabe ere konta daitekeela erakutsi dute beste egitasmo batzuek; Errenterian (Gipuzkoa) ondu zuten horietako bat, joan den udan. Mendi Urruzuno argazkilariak irudi erakusketa bat osatu zuen itxialdi garaian ateratako argazkiekin, Herribirusa izenpean, eta abuztuaren 1etik irailaren 13ra bitartean izan zen ikusgai, herriko hamazazpi kokalekutan banatua. Kale hutsak, erretratuak eta haurren marrazkiak ikus zitezkeen.

«Kapitulu xelebre hau jaso beharrekoa iruditu zitzaidan», azaldu du Urruzunok, prozesuaren hastapenak gogora ekarrita. Etxealdiaren lehenbiziko egunetan kalera atera, eta «segituan» sentitu zuen begien aurrean zuena jasotzeko premia eta «herrikideekin zerbait egiteko beharra». Maindire zuri bat hartu, karrikako izkina batean zintzilikatu, eta photocall itxurako txoko bat prestatu zuen argazkilariak, kokaleku «estrategiko» batean. Maiatza zen, eta soilik erosketak eta premiazko irteerak egiteko zegoen baimena etxetik ateratzeko. Horregatik, mandatu horiek egitera bidean edo etxera bueltan zirela izaten zuen aukera herritarrak erretratatzeko. 145 laguni egin zizkien argazkiak.

«Denetarik sumatzen da argazkietan. Egun argitan ateratakoak dira, aire zabalean, baina gogorrak dira halere», azaldu du. Argazki batzuetarako, begiak ixteko eskatzen zion jendeari, eta, dioenez, irudi horiek bereziki dira esanguratsuak. «Zer pentsatua ematen zuen. Okurritzen zaizu zer pasatuko ote zaion pertsona bakoitzari burutik, eta laguntzen du bestearen lekuan jartzen».

Leitzakoaz eta Errenteriakoaz gainera, izan dira azken urteari tentuz so egin eta biltzeko ahalegina egin duten beste zenbait ekinaldi: adibidez, Zangozako (Nafarroa) argazkilaritza elkarteak egindako erakusketa, eta Nafarroako Unibertsitatea Klinikak ekoiztutako bideoa. Nork bere modua topatu du oroitzapenak betikotzeko. Urruzunok argi du zer irits litekeen horrelakorik ezean.«Ez badugu memoria gordetzen, gertatu ez balitz bezala da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.