Atzean utzitako moldea

Ezker abertzaleak 2019an ekin zion euskal presoen ongietorriak atzean uzteko prozesuari, «ETAren biktimei ahalik eta kalte eta sufrimendu erantsi txikiena eragiteko» asmoz.

Harrera ekitaldi bat, 2018an. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Euskal preso bati egindako harrera ekitaldi bat, 2018an. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko ekainaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

2020ko urtarrilaren 22an atxilotu zituen Guardia Zibilak Antton Lopez Ruiz, Oihana San Vicente, Haimar Altuna eta Oihana Garmendia, datorren astean Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko den ongietorrien auziaren iturburu den Kabat operazioan. Euskal presoen harrera ekitaldien inguruko ika-mika, baina, lehenagokoa da. Hain zuzen, lau kide horiek atxilotu zituztenerako, jada martxan zegoen gaur egungo egoerara iristeko bidea; hau da, biktimenganako begirunez harrera ekitaldiak inguru pribatuetan egitearen aldeko bidea. «Urteak dira harrera ekitaldi publikorik ez zaiela egiten. Besteak beste, ezker abertzaleak jarrera eraikitzailea izan duten biktimen ahotsa eta iritzia jaso dituelako», gogoratu zuten Altunak eta San Vicentek duela urtebete.

Aurrez ere eztabaida piztu izan zuten harrera ekitaldiek, baina 2019ko uztailean kokatu ziren agenda politikoaren erdigunean, Jose Jabier Zabaletari Hernanin (Gipuzkoa) egin zioten ongietorriarekin eta Xabier Ugarteri Oñatin (Gipuzkoa) egin ziotenarekin. Orduan, Espainiako eskuineko alderdiak eta biktimen elkarteak soilik ez, Espainiako gobernuburu Pedro Sanchez ere mintzatu zen. Ongietorri horiek «onartezintzat» jo zituen, eta fiskaltzari ikerketa bat abiatzeko eskatu zion. Antzera mintzatu zen Eusko Jaurlaritza ere, Jonan Fernandez Bizikidetza idazkariaren ahotik, baina auzia judizializatzea baztertuta: «Ulertzen dugu ETAko preso ohiei egindako harrerek biktimengan eta elkarteengan sortzen duten mina eta haserrea, eta bat egiten dugu sentipen horiekin».

Halere, Foro Sozial Iraunkorraren adierazpena izan zen gerora egindako bidea markatu zuena. Egun batzuk itxaron ostean, Euskal Herriko eragile andana batzen zituen plataforma hark adierazi zuen «ongietorri direlakoak zatiketarako elementu bihurtzen direla konponbidearen alde eta bizikidetza demokratikoaren alde ari diren eragileen artean». Eta horrekin batera, gomendatu zuen horiek «gune itxietan» egitea. Batetik, ETAren biktimek helarazi zietelako horiek «min erantsia» eragiten zietela; bestetik, «presoen alorrean dauden kontsentsuak» arriskuan jartzen zituztelako. «Euskal jendarteak ez du onartzen min gehiago eransten jarraitzea jada pilatutako sufrimenduei», zehaztu zuen Foro Sozialak.

Proposamen hura, beraz, ez zen ausazkoa izan, eragileekin hitz egin eta hausnartutakoa baizik, eta, gerora ikusi denez, bidea egiten hasia zen. Izan ere, Covite biktimen elkartearen datuen arabera, 2018tik 2019ra beherakada nabarmena izan zen halako ekitaldiei dagokienez, eta beste jauzi bat egin zen 2021ean. «Etakideei egindako ongietorri kopurua nabarmen apaldu da», adierazi zuen elkarte hark 2021eko uztailean. Eta bide berean mintzatu zen Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa ere El País-en: «Alor guztietan lanean ari gara ongietorriak eragozteko, baita lege arloan ere. Baina garrantzitsua da azpimarratzea ekimen horiek nabarmen gutxitu direla». Izan ere, Covitek ez zuen halako ekitaldi bakar bat ere zenbatu 2023an eta 2024an, eta 2022an erregistratu zuen bakarra EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektibotik kanpo zegoen preso ohi bati egindakoa izan zen.

«Asko sentitzen dugu»

Harrera ekitaldi publikoak ezerezera murrizteko bidea ez da isilpean gauzatu. Ezker abertzaleak publikoki adierazi du horren arrazoiak zein diren. Biktimei begira egindako adierazpen esanguratsuena Urriaren 18ko adierazpena izan zen. 2021eko egun hartan, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eta Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak ETAren biktimenganako «atsekabea eta mina» adierazi zituzten, esanez «hura ez zela inoiz gertatu behar»: «Bihotzez esan nahi diegu asko sentitzen dugula jasan duten sufrimendua eta ahal dugun neurrian arintzeko konpromisoa hartzen dugula».

Adierazpen hartan ez zieten aipamen zuzenik egin euskal presoen harrera ekitaldiei, baina Rodriguezek biharamunean berretsi zituen ezker abertzaleak horien inguruan egindako hausnarketa eta haren ondorioak. Zehazki, Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean esan zuen «aspaldi honetan bideratuak» zituztela «irizpideak» halako ekitaldiek «ETAren biktimei ahalik eta kalte eta sufrimendu erantsi txikiena eragiteko».

Handik hilabetera, EPPK-k ere bere egin zuen harrerak «hurkoen artean eta era pribatu eta diskretuan» egiteko nahia. Agirian, aitortu zuen badirela horiengatik «samina sentitu dutela zintzoki azaldu duten pertsonak», eta «sufrimendu oro arintzea eta aukera berriak zabaltzea, zauriak sendabidean jartzea eta euskal herritarren artean elkarbizitza sendotzea» jarri zuen helburu.

Urriaren 18ko adierazpenak eta EPPKren agiriak erreakzio soka luzea eragin zuten, eta biak ontzat jo zituzten eragile gehienek, nahiz eta «autokritika» eskeak eta adierazpen horiek «berandu» iristeagatiko kexak ere tartekatu ziren erantzun horietan. Hala nola, AVT eta Covite izan ziren erabakia ontzat jo zutenen artean. «Pozten gara», esan zuen Consuelo Ordoñez Coviteko presidenteak, presoen kolektiboaren hitzei erreparatuz.

deliturik ez

Astelehenetik aurrera epaituko dituzten sei kideei 2016tik 2020ra bitarte 95 harrera ekitaldi antolatzea eta koordinatzea egozten diete, eta, hori kontuan izanik, «gaizkile erakunde bateko» kide izatea eta «biktimen umiliazio eta gorazarre delitu jarraituak» egitea. Aiert Larrarte defentsa abokatuak, baina, ez du delitu zantzurik antzeman akusazio horietan, eta aipatu izan du jurisprudentziak hala adierazten duela. Izan ere, ez da harrera ekitaldiak Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman diren lehen aldia, eta kasuak aztertu diren bakoitzean, artxiboa izan da erantzuna.

 

Hain zuzen, 2019ko udan piztutako eztabaidan, Foro Sozialak adierazi zuen judizializazioa ez zela konponbide bat topatzeko bidea. Eta hala hitz egin zuen Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, PP Ertzaintzak esku hartu ez izanaz kexu azaldu ostean: «Eusko Jaurlaritzaren jokabideak justizia auzitegiek definitutako irizpideak izan ditu oinarri. Ongietorriak manifestazio eta bilera askatasunean kokatzen ditu». Oraingoan, baina, horiek guztiak «estrategia politiko, biolento eta kriminal batekin» lotutako auzi orokor batean kokatu ditu Poliziak, Larrarteren hitzetan, eta ikusteko dago zer norabide hartzen duen Auzitegi Nazionalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.