Argazkiek erakutsi egiten dute, eta ezkutatu ere bai. Baina ikusten denak iradoki egin dezake planotik kanpo dagoena. Denborak lagun dezake horretan. Alboko argazkian, esaterako. 2006ko uztailaren 6koa. Hondoan, ezker abertzaleko —orduan legez kanpo zegoen Batasuna alderdiko— hiru kide: Rufi Etxeberria, Arnaldo Otegi eta Olatz Dañobeitia. Parean, PSE-EEren orduko bi buruzagi: Rodolfo Ares eta Patxi Lopez. Eta haien artean, irudiaren ihes puntua. Eta hara zeharka begira, Otegi eta Lopez, bilerara beste norbaitzuk heldu berri balira bezala. Ez zen hala. Baina izan zitekeen. Horretan guztian ez zeudelako bakarrik. Izan ere, argazki horrek gehiago du orduan ezkutatzen zuenetik erakusten zuenetik baino.
Argazki horren garrantzia gogora ekarri zuen atzoko bilerarenak. Baina antzekotasun bakarra daukate: Otegiren presentzia. Hamar urte igaro dira bataren eta bestearen artean. Eta lehen bilera du —publikoki behintzat— Otegik PSE-EEren agintari berriekin. Atzokoak zer ezkutatzen duen, baldin badu, denborak argitu dezake. Baina memoria ariketa bat egiteko balio du, gutxienez.
Bilera «historikoa»
2006ko argazkiak irudikatzen ditu bake prozesu baten lehen urratsak, nahiz eta ordurako hilabeteak —eta urteak, zenbaitzuen kasuan— eraman ezker abertzaleko eta alderdi sozialistako kideek hizketan, modu sekretuan. Egin zituzten bilera ugarien artean, argazkia duen bakarra da. Hala dio berri agentziaren oinak: «PSE eta Batasuneko buruzagien bilera historikoa, modu publikoan 25 urtez egin ondoren». Jatorrira, gutxienez, bost urte egin behar da atzera: Otegik eta Jesus Egiguren sozialistak Elgoibarko Txillarre baserrian abiatu zituzten bileretara. Irudian azaltzen diren guztiak —Ares izan ezik— pasatu ziren handik denbora horretan.
Baina argazkiak ezkutatzen ditu gertuagoko beste zenbait gertakari eta esanahi ere. Urte bat lehenagotik ari ziren negoziatzen, sekretuan ere, Espainiako Gobernua eta ETA, eta 2006ko otsailean bi aldeek egin zuten idatzizko akordioa —edukiak ez ziren ezagutu prozesua hautsi arte—. Akordio horrek emaitza hauek izan zituen: martxoan, su-etena, eta, ekainean, Espainiako gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapateroren adierazpena, alderdien elkarrizketen balizko emaitzak babestuz. Hori ezagutzen zena, baina ez oinarrian zeuden konpromisoak, batzuenak eta besteenak.
Eta, hain justu, horiek aztertzeko egin zuten bilera, Donostiako Amara Plaza hotelean, uztailean. Ordurako zer edo zer jakingo zuen Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, bilera baimentzeko autoa plazaratu baitzuen bezperan. Baina zer zekien? Eta zerk eraman zituen PSE-EEko kideak lehen argazki hori ateratzera Batasuneko kideekin? Bi hilabete lehenago auzitegi bereko beste epaile baten —Fernando Grande-Marlaskaren— erabaki batera egin behar atzera.
Otegi eta Mahai Nazionaleko beste zazpi kide inputatu zituen Grande-Marlaskak, Batasuna legez kanpoko alderdia zela argudiatuz. Su-etenaz geroztik, ezker abertzaleko kideen aurkako jazarpena eta solaskide gisa errespetatuak izateko arazoak handitu egin zirela salatu zuten Otegik-eta. Epailearen aurrean deklaratu bezperan, bilera sekretu bat egitera behartu zituzten PSE-EEkoak, eta haiengandik berme batzuk lortu zituzten: Grande-Marlaska epailearen bulegotik libre ateratzea eta epe motzean haiekin bilera ofizial eta publikoa egitea. Bi eskaerak bete ziren.
Akusatuen aulkira
Dena den, biltzera eraman zituzten sakoneko arrazoiek bere horretan jarraitzen zuten, eta horretaz ere hitz egin zuten bileran. Aste batzuk geroago, prozesua «krisi egoera nabarmenean» zegoela adierazi zuen ETAk. Eta ohartarazi «erasoek» jarraitzen bazuten «erantzun» egingo zuela. ETAren eta gobernuaren arteko negoziazioek ez zuten aurrera egiten; su-etenetik behin bakarrik bildu ziren.
Horiek hala, alderdiek euren arteko hartu-emanak ugaritu zituzten. Hiru aldeko negoziazio politikoak hastea proposatu zion Batasunak PSE-EEri, eta EAJri eskaini zioten gero. Irailean abiatu zituzten Loiolako santutegiko elkarrizketa sekretuak, bi hilabete luzez. Jakina denez, han marraztutako bideak ez zuen ekarri konponbidea; ETAk su-etena hautsi zuen urte amaieran.
Baina hor ez zen amaitu prozesua. Eta ezta argazki haren esanahia ere. Hiru urte geroago, 2009an, Lopez eta Ares akusatuen aulkian eserarazi zituzten bilera publiko harengatik, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariarekin eta Batasuneko solaskideekin batera, legez kanpoko alderdikideekin batzartzea leporatuta. Auzi saioa hasi orduko, baina, bertan behera geratu zen epaiketa. Eta bilera hartan parte hartu zuen inor ez zuten zigortu; ez orduan. Argazkian azaldu ez baina bazeuden beste batzuk bezala.
Atzean ezkutatzen zen
Loiolako prozesuko elkarrizketekin loturiko argazki bakarrenetariko bat da. Hamar urte geroago berriz bildu da Otegi modu ofizial eta publikoan PSE-EEko buruzagiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu